Euskara

Salatu dute Irungo Udalak biltzar batean gazteleraz egitera behartu duela

Kepa Ordoki memoria historikoko elkarteko kideei jakinarazi zieten hitzaldia gazteleraz egin behar zutela, «arrazoi politikoak» argudiatuta.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiare protesta bat, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2023ko martxoaren 6a
12:48
Entzun

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak azaldu dutenez, Irungo Udalak «Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra» egin zuen, Ficoba eta EHUren laguntzarekin, otsailaren 28tik martxoaren 2ra. Han izan ziren Irungo alkatea, udaleko Memoria Historikorako ordezkaria, Memoria Historikoko Espainiako estatu idazkaria eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria ere, besteak beste. Bada, hiru egun horietan, memoria historikoaren inguruko hainbat hitzaldi publiko izan ziren, «eta euskarak ez zuen inolako presentziarik izan», Kepa Ordoki elkarteak salatu duenez; «eta ez zen itzulpengintza zerbitzurik ere eskaini».

Horrez gain, martxoaren 2ko egitarauaren barruan, hitzaldietako bat Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkartearena zen, «eta taldeko kideek mota honetako
jardunaldietan euskara eta gaztelania erabiltzen dituzten arren», Irungo Udalak soilik gaztelaniaz aritzera behartu ei zituen, «arrazoi politikoengatik». Argi eta garbi esan zieten gaztelania erabili behar zutela, «mezu elektroniko baten bidez».

Antolakuntzaren jarraibideen harira, Bidasoko memoria historikorako taldeak esplikatu du«ohiko duen moduari eustea» erabaki zuela martxoaren 2ko hitzaldian, eta euskaraz eta gaztelaniaz egin zuela mintzaldia; eszenatokitik bertatik salatu zuen gertatutakoa, gainera.

Oso larria

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «oso larritzat» jo du jardunaldi horietan gertatutakoa. Izan ere, «herritarren oinarrizko eskubideen kontrakoa da erakunde publikoek horrela mugatzea edo debekatzea herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea, eta, gainera, ez zen kontuan hartu jardunaldi horietan jorratu zen errepresio frankistak euskararen eta euskal hiztunen aurka egindako guztia».

Behatokiak azaldu du «arrazoi politikoengatik» gaztelania erabili behar dela esanda ez direla kontuan hartzen EAEko erakunde publikoek hizkuntza eskubideei dagokienez dituzten lege betebeharrak; «eskubide demokratikoen zapalketatzat» ere hartu dute gertatutakoa.

Halaber, salatzaileek esan dutenez, «ezin da euskara erabiltzeko debekua inondik ezarri», Espainiako Estatuko jardunaldiak izanda ere. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko Irungo Udalaren irizpideek zer jasotzen duten ere gogoratu dute. Hauxe ageri ei da bigarren kapituluan: «Aldibereko interpretazioa behar denean: aldez aurretik zehaztuko dira hizkuntzak, eta interpretazio materialez hornitutako areto bat hautatuko da». Ondorioz, «Udalaren erantzukizuna zen entzuleentzako interpretazio zerbitzua bermatzea, hizlariak gazteleraz egitera behartu beharrean», dio Kepa Ordoki elkarteak.

Horiek horrela, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak «erantzukizunak eskatu» dizkiete «dagozkien arduradunei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.