Ingurumena

2030erako nazioarteko uren %30 babestea adostu du nazioarteak

Itsasoko baliabide genetikoen erabilera arautzea aurreikusten du NBEk sustatutako hitzarmenak, baita zenbait ekintzak ingurumenean eragin dezaketen kaltea neurtzea ere. Estatuek berretsi behar dute orain ituna.

Australiako arrrezifeen irudi bat. AUSTRALIAKO ITSAS ZIENTZIEN INSTITUTUA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 6a
12:24
Entzun

Ozeanoen %30 babesteko nazioarteko itun bat adostu dute NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek. Euskal Herrian igande goizaldea zenean heldu zen hitzarmena, nazioarteko erakundeak antolatutako konferentzia amaitzeko ordu gutxi batzuk geratzen zirenean. «Itsasontzia porturatu da», esanez iragarri zuen lorpena Rena Leek, goi bileraren arduradunak. Historikotzat jo zuten estatu sinatzaileek, eta oinarrizkotzat NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek: «Garapen bat da ozeanoen osasuna arriskuan jartzen duen joera suntsitzailea geldiarazteko, bai oraingo belaunaldientzat, baita etorriko direnentzat ere».

Ituna ez da oraindik indarrean sartuko, ordea, oraindik estatuek berretsi behar baitute, eta jarraian hura betearazteko neurriak hartu. Greenpeace gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2030erako helburua bete ahal izateko, urtero 11 milioi kilometro koadro babestu beharko lirateke. «Herrialdeek ahalik eta azkarren onartu eta indarrean jarri beharko lukete akordioa, ozeanoek behar dituzten eremu babestuak izan ditzaten», nabarmendu zuen Laura Mellerrek, Greenpeaceko ozeanoetarako arduradunak.

Hemen akordioaren gakoak:

Zer babestu nahi da?

Estatuen eremu ekonomikoa amaitzen den tokian hasten dira nazioarteko urak; hau da, herrialde bakoitzaren kostaldetik 370 kilometro ingurura. Hortik aurrerako urak ez daude inongo herrialderen jurisdikziopean. Kontua da nazioarteko urek osatzen dutela lurrazalaren ia erdia eta ozeanoen %60 inguru, eta, hala ere, orain arte ez da bertako baliabideen erabilera arautzeko ahaleginik egin, ez bada espezie jakin batzuk babesteko.

Ozeanoetako ekosistemek sortzen dute gizakiok behar dugun oxigenoaren erdia, eta klima aldaketa ere moteltzen dute, gizakiok sortzen dugun karbono dioxidoaren zati handi bat xurgatzen baitute. Baina bertako biodibertsitatea arriskuan da kutsaduraren, gehiegizko arrantzaren eta klima aldaketaren ondorioz. Izan ere, gaur egun, nazioarteko uren %1 soilik dago babestuta.

Zein da akordioaren jatorria?

Nazioarteko hitzarmena erdiesteko ahalegina ez da oraingoa. NBEko kideek duela 17 urte hasi zituzten negoziazioak, nazioarteko uretan eremu babestuak sortu eta itsasoko biodibertsitatea bermatzeko. Nazioarteko erakundeak helburu argi bat jarri zuen elkarrizketa horietarako: 2030erako nazioarteko uren %30 babestea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.

Ozeanoak babesteko aurreko hitzarmena duela 40 urte sinatu zuten, 1982an, eta, haren arabera, herrialde guztiek dute eskubidea nazioarteko uretan arrantzatu, nabigatu eta ikertzeko. Aldi hartan, ordea, ur horien %1 soilik babestu zen; ondorioz, eremu horietatik kanpo bizi diren espezieak galduz joan dira azken urteetan. Datu bat: Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren azken ikerketen arabera, itsasoko espezieen %10 daude desagertzeko arriskuan.

Zer arautu nahi dute?

Lau alor nagusitan banatzen da hitzarmena, eta lehen aldiz jasotzen du nazioarteko uretan eremu babestuak sortzeko aukera. Besteak beste, itsasoko baliabide genetikoen kudeaketa arautuko dute; izan ere, gero eta garrantzi handiagoa dute medikuntzarako edota elikadurarako. Horrez gain, babestu beharreko nazioarteko uren eremuak zehaztuko dituzte, eta horien kudeaketa adostu, 2030erako helburua bete ahal izateko.

Zenbait egitasmok itsasoan eragin dezaketen kaltea aldez aurretik neurtu beharko du nazioarteak; esaterako, energia berriztagarrietarako instalakuntzena, itsas meategiena edota itsaspeko kableak jartzearena. Horrekin batera, itsas teknologiak sortu eta garatzeko konpromisoa ere hartu dute estatu kideek, eta herrialdeen arteko elkarlana ere bultzatuko dute, ozeanoen babeserako.

Arrantzari ere jarri dizkiote mugak akordioan, baita itsasontziek egiten dituzten ibilbideei ere.

Zein da azken helburua?

Estatuetako jurisdikzioetatik kanpo dauden urak babestu eta haien kudeaketa arautzea da azken helburua.

Zeintzuk izan dira oztopo nagusiak?

Akordioa lortzeko hirugarren eta azken negoziazio saioa zen hau NBErentzat, izan ere, azken urtean egin dituzte beste bi saio, baina akordiorik gabe amaitu dira horiek zenbait herrialdek arriskuan ikusi dituztelako bere interes ekonomikoak. Hala, baliabide genetikoak nola kudeatu eta haiek dakartzaten onurak nola banatu erabakitzea izan da zailena, baita itsas eremuen erabilera jasangarria bermatzeko ingurumen azterketak nola egin beharko liratekeen adostea ere.

Gaur egun, herrialde aberatsek baliabide gehiago bideratzen dituzte ikerketara, eta, ondorioz, baliabide genetiko gehiago ustiatzen dituzte, herrialde pobreagoen kaltetan. Hala, garapen bidean dauden estatuek bermatu nahi izan dute ikerketa horien emaitzak partekatu egingo direla.

Nahikoa da akordioa?

Hori baino gehiago nahiko lukete erakunde ekologistek eta zientzialariek, baina, hala ere, gehienek aitortu dute «historikoa» dela akordioa, urrats bat egin baita nazioarteko urak babesteko. Edonola ere, adituen arabera, arazo nagusia da gaur egun oraindik inork ez dakiela zenbateko aberastasun genetikoa dagoen itsasoan, eta, beraz, ia ezinezkoa da aurreikustea aberastasun hori nola banatuko den etorkizunean. «Goi mailako eta pantaila handiko telebista bat izan eta pantailan soilik lau edo bost pixel ikusteko gai izango bagina bezala da. Hori da ozeanoen gainean dugun jakintza. Nazioarteko uretan bizi diren 230.000 espezie ezagutzen ditugu, baina uste dugu bi milioi inguru daudela», azaldu dio BBC kateari Robert Blasiakek, Stockholmgoko Unibertsitateko ikertzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.