Ostiralean bat, eta igandean bestea. Biak emaitza berarekin: 22-10. Binakako txapelketako lehen fasea seigarren postuan amaituta, Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak bi kanporaketa jokatu behar izan dituzte finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Bide zailenetik heldu dira hara, baina aurkariek kontuz ibili beharko dute eurekin: asteburu honetan erakutsi duten mailarekin edozeini aurre egiteko gai dira.
Galde diezaietela, bestela, Peio Etxeberriari eta Rezustari. Gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Mariezkurrena izan da onena. Hark ezarri du neurketaren erritmoa, eta atzean sartuta izan du Rezusta uneoro. Bost tanto egin ditu, eta bakar bat ere ez du galdu. Ez dago zalantzarik: Berriozargoak atzean utzi ditu eskuin eskuan zituen minak.
Partida gogorra izan da, pilotakada askokoa. Hasieran, parekatua (9-8). Hortik aurrera apurtu dute neurketa Peñak eta Mariezkurrenak. Nekea tarteko, tanto motzagoak jokatu dituzte, eta hor nagusitasuna azaldu dute irabazleek. Peña II.ak ez ditu aukera gehiegi izan, baina baliatu ditu izan dituenak. Peio Etxeberria saiatu da, baina ez da bere eguna izan gaur.
Agian, bikote bakoitzaren egoeran zerikusia izan du ostiralean gertatutakoak: Peña eta Mariezkurrena Urrutikoetxeari eta Albisuri ondo irabaztetik heldu dira gaurkora, eta Peio Etxeberria eta Rezusta, berriz, Laso-Imazen aurka 19-21eko markagailua alde izan arren galtzetik.
Ondorioz, hauek dira finalerdietako ligaxka jokatuko duten bikoteak: Elordi-Zabaleta, Altuna III.a-Tolosa, Laso-Imaz eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a.