«Espetxe administrazioek presoen bizitza, integritatea eta osasuna zaindu behar dute». Hala dio Espetxeetako Espainiako Lege Organikoak. Azken bi egunetan, ordea, bi preso zendu dira euskal kartzeletan, eta bi kasuetan agertu da suizidioaren itzala; Eusko Jaurlaritzak ez du zehaztu nola hil diren, baina jakinarazi du presook ez zeudela suizidioari aurrea hartzeko programaren barruan. Jaurlaritzak 2014tik du indarrean halako egoeretarako protokoloa. Agiriaren arabera, espetxeetako langile guztiek modu «aktiboan» parte hartu behar dute prebentzioan.
Protokoloak dioenez, profesional guztien «inplikazioa» nahitaezkoa izan arren, espetxeko zuzendaria da programaren erantzule nagusia. Hark du eskumena presoak programan sartzeko eta ateratzeko. Mediku, tratamendu eta segurtasun zuzendariordeak dira arduradun exekutiboak: «Esku hartze zehatzei eta programaren jarraipenari buruzko erabakiak hartzen dituzte».
Langile batek hautematen badu espetxeratu batek bere buruaz beste egiteko arriskua duela, «berehala» jakinarazi behar du. Medikuak eta psikologoak presoaren egoera baloratuko dute, «ahal bezain laster». Ebaluazio bateratu bat egin ostean, zuzendariordeei proposatuko diete presoa programan sartzea edo ez, eta haiek helaraziko diote zuzendariari proposamena.
Hiru neurri mota
Suizidioaren prebentziorako programak hiru taldetan banatzen ditu aplikatu beharreko neurriak. Prebentziozko neurriek espetxearen funtzionamenduari eragiten diote; espazio, une eta prozedura jakin batzuetan fokua jarriz. Hala nola presoak ziega partekatuetan jarriko dituzte, bakarrik ez egoteko. Beste bi neurri motek presoei eragiten diete. Premiazko behin-behineko neurriak dira: besteak beste, erreferentziako ospitalera premiaz bideratzea, arriskutsuak izan daitezkeen materialak kentzea edota gatibua ziega berezian kokatzea. Programatutako neurrien barne daude, berriz, gaueko zaintza eta programatutako kontsulta psikologikoa edo medikoa.
Programan egon beharreko gutxieneko denbora bi astekoa da. Iraupen maximoa, ordea, preso bakoitzaren eboluzioaren araberakoa da. «Bereziki zuhur jokatu behar da portaeren itxurazko aldaketekin edota presoen hitzemate hutsarekin, neurriak goizegi ez kentzeko». Horrez gain, protokoloaren gomendioa da neurriok denak batera ez kentzea, «modu progresiboan baizik». Hiru zuzendariordeak dira jarraipenaren arduradunak, eta haiek erabaki behar dute zer profesionalek egingo dituzten behaketa eta esku-hartze lanak.
Langile horiek, astero, «txosten txiki» bat egin eta zuzendariordeei igorri behar diete. Haiek astero berrikusiko dituzte kasu guztiak zuzendariarekin, eta bajak proposatuko dizkiote. Zuzendariak hartuko du azken erabakia. Programatik ateratzen diren presoen kasuak ere berraztu behar dituzte.
Programan dauden presoei arreta eta babesa eskaintzeko, espetxe guztiek preso-laguntzaile talde bat hautatuko dute. Haien zereginak izango dira, besteak beste, «bereziki delikatuak» diren espazio eta uneetan presoekin egotea, edota haiekin ziega partekatzea. Behin-behinean kartzelatuta daudenak zein zigortuak izan daitezke taldearen parte, eta gutxienez hogei orduko formakuntza jaso behar dute. Babesa ematen duten presoek euren txosten pertsonalean berretsia izango dute egindako lana.
ELAk egindako azterketa
Halako programak martxan jartzeko baliabideen inguruko kezka agertu izan dute gizarte eragileek. «Kartzeletan ez dago langile nahikorik suizidioaren prebentziorako protokoloak osorik martxan jartzeko», adierazi zuen Salhaketak herenegun. Iaz, ELAk salatu zuen langileak gutxitu zirela, Jaurlaritzak espetxeak kudeatzeko eskumena jaso zuenetik urtebetera. Sindikatuak hainbat arazo azaleratu zituen, besteak beste, lantaldeari lotuta: salatu zuen txandak metatzen dituztela, eta atsedenik gabeko 48 orduko lanaldiak egiten dituztela.