Hobekixeago ezagutzen du gizakiak Marte. Hobekixeago ezagutzen dira planeta gorriko atmosfera eta fenomeno meteorologikoak, baita Jezero kraterreko arrokak ere. Ikerketa horietan alea paratu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen taldeak eta Ibea Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoko taldeak, nazioarteko beste erakunde batzuekin batera. Urtebete martetar bat, hots, bi urte lurtar igaro dira Mars 2020 misioak Marten lur hartu zuenetik. Tarte horretan egindako lanen emaitzak azaldu ditu EHUk gaur.
Perseverance deitutako rover edo robota Marten da orduz geroztik, eta informazio anitz bildu dute planeta gorria hobeki ezagutzeko. Robot horretako pieza batzuk EHUko taldeek eginak dira, eta hortik bildutako datuak aztertzeaz ere arduratu dira. Orain 2028ra begira daude, orduan hasiko baita Marten bildutako zenbait lagin Lurrera ekartzeko misioa. 2030ean lagin horiek bertatik bertara aztertzeko aukera izanen dutela uste dute.
Aurkezpena Bilboko Bizkaia aretoan egin dute, goizean. Hitza hartu dute Agustin Sanchez-Lavega Planeta Zientzien Taldeko zuzendariak, Juan Manuel Madariaga Ibeako zuzendariak, Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Iñigo Urkullu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak. «Mars 2020 misioak sona eman dio espazioko misioetan dugun parte hartzeari», esan du Sanchezek. Izan ere, NASAk haiek aurkeztutako MEDA tresna onartu zuen, 67 proposamenen artean.
Martera bidalitako robotak zazpi tresna zientifiko konplexu ditu, eta horietako bat da MEDA. Askotariko sentsore meteorologikoen sistema bat da, tenperatura, presioa, hezetasuna, haizea eta abar neurtzeko gai dena. Horri esker jakin dute nolakoa den Marteko Jezero kraterra: «Leku idorra da, hautsez betea; han, haizeak zurrunbiloak sortzen ditu, eta, zenbaitetan, ufada biziz jotzen du, atmosferan hauts ugari sartuz», azaldu du Zientzia Planetarioen taldeko zuzendariak. Jasotako datuak aztertuta, planetaren atmosfera ezaugarritzen ari dira, eta esan du hango eguraldia eta klima iragartzeko ereduak hobetuko dituztela horri esker.
Roverraren beste tresna bat Super Cam da, gaur egun urrutiko analisiak egiteko eta laginetara modu multianalitikoan hurbiltzeko dagoen sistema espektroskopikorik konplexuena. Talde horrek datuak aztertzen ditu, eta robotari aginduak ematen dizkio haien operazio gelatik. Kamerak erabiliz, arroketan zentimetro bateko zuloak egiten dituzte; analizatu, eta lagin bezala egokia denetz erabakitzen dute. Madariagak esan du hamabost lagin bildu dituztela: arroken hamalau lagin eta atmosferaren lagin bat. Lagin horiek ekartzen dutenerako, laborategia prestatzen ari dira dagoeneko.
Ehunka milioi urtez urez beteta egon ondoren, ez dute arroka sedimentarioen hondakinik aurkitu Jezero kraterrean, baina bai arroka igneoak, gutxienez hiru gertaera bolkanikoetakoak. Arroka igneo horien barruan gatzak detektatu dituzte.
Erakundeen babesa
Ferreiro kontent agertu da EHUko taldeek Mars 2020 misioan izandako parte hartzeagatik. «Eredu zarete ikerketa hauen bikaintasunarengatik», esan du. Nazioarteko elkarlanari balioa eman dio errektoreak, eta EHU «oso urrutira eraman» dutela aitortu die Zientzia Planetarioen taldeari eta Ibeari. Urkullu lehendakariak ere esker ona adierazi die, eta zientzia gizarteratzearen garrantzia nabarmendu: «Zientzian eta berrikuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu».