EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du legez kanpokoa dela euskararen ezagutza aintzat hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. 2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 posturentzat, eta meritua beste birentzat. Betekizun hori, ordea, bertan behera utzi du auzitegiak. «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», dio sententziak. Lanpostu publiko bat eskuratzeko baldintza euskararen ezagutza izateak enplegu publikorako eskubidea urratzen duela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak.
«Euskaldunok eskubide osoa dugu zerbitzari publiko guztiekin euskaraz egin ahal izateko», esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek. «Sumindura eta desadostasun irmoena» adierazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren harira, eta iragarri du aldundiak helegitea jarriko duela erabaki judizial horren aurka. Kasazio helegite bat dagokio hurrengo instantziari; kasu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Gainera, Mendizabalek esan du aldundia konprometituta dagoela «muturreraino» eramateko Uliazpiko erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua «norbere hizkuntza aukera errespetatuz» egin dadin bermatzeko irizpidea. «Administrazioari dagokio gure zerbitzuetako familiei eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzea eta horrek eskatzen du erabiltzaileen hizkuntza aukerak bermatzea. Hizkuntza eskubideak herritarrenak direlako eta erakundeoi dagokigulako eskubide horiek errespetatu daitezen betearaztea», azaldu du Mendizabalek.
Euskara ezagutzeko «eskubidea»
Gernikako Estatutuaren arabera, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako biztanleek euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea dute. «Eskubide horretatik ez da eratortzen administrazioko postu guztiek hizkuntza eskakizun bat ziurtatu behar dutenik», sententziaren arabera. Bi langilek haien izenean aurkeztutako apelazio helegitea da EAEko Justizia Auzitegiak aztertu eta hobetsi duena. Haien abokatua Francisco Lopez Lera da. Hura izan zen Irungo hamabi udaltzain lanpostutarako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna ezartzearen aurka 2021ean salaketa jarri zutenen abokatua.
Lehenik, Donostiako Probintzia Auzitegian aurkeztu zuten salaketa, eta hark atzera bota zuen iazko otsailean, iritzita herritarrek eskubidea dutela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta haren menpeko organismoekin euskara erabiltzeko. Zehazki, sententziak dio hizkuntza eskakizun horiek bat egiten dutela Gipuzkoako Foru Aldundiak administrazio publikoan euskara normalizatzeko ezarritako indizearekin. Gainera, sententzia horretan auzitegiak arrazoitu zuen oposizioetan ez zegoela inolako diskriminaziorik, besteak beste eskainitako 34 lanpostuetako bik ez zutelako baldintza gisa ezartzen euskararen ezagutza, meritu gisa baizik.
Epai horri helegitea aurkeztu zioten EAEko Justizia Auzitegian, eta hark ebatzi du oposizio horiek Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla. Sententziak dioenez, konstituzioaren lau artikulu urratzen ditu Uliazpiko oposizioetako hautagaiei euskara eskatzeak. Lehenik, 3. artikulua: horren arabera, gaztelania da Espainiako Estatuko biztanleek ezagutzeko «betebeharra» duten hizkuntza bakarra —euskara ezagutzea «eskubidea» da—. Bigarrenik, 14. artikulua begiz jo dute: haren arabera, herritarrak «berdinak» dira legearen aurrean. Hirugarrena 23.a da, eta arautzen du herritarrek baldintza berak izan behar dituztela kargu publikoak eskuratzeko orduan. Eta laugarrenak dio —103. artikuluak— administrazio publikoak «interes orokorraren zerbitzura» egon behar dutela. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Luis Javier Murgoitio magistratuaren irizpidea da hori; Donostiako Probintzia Auzitegiarentzat Uliazpiko betebeharrek ez zuten urratzen artikulu horietako bat ere.
Uliazpi fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakunde publiko bat da, eta denetariko zerbitzuak eskaintzen dizkie desgaitasunen bat dutenei eta haien senideei.
«Oso larria»
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak «oso larritzat» jo dute epaia, eta adierazi dute beste urrats bat dela «botere judizialaren oldarraldian». «Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu, hankaz gora jartzen dituelako milaka herritarren hizkuntza eskubideak, instituzioen hizkuntza berdintasunarentzako lana eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea», adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.
Gainera, nabarmendu dute gizarteko sektorerik zaurgarrienetako baten eskubideak urratu dituela epaiak. «Denok dakigu zaintza behar bezala jasotzeko hizkuntza zeinen erabakigarria den», azaldu du Eskisabelek. Erantsi du epaia hizkuntza eskakizunen aurka doala eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hizkuntza politika egiteari ekin diola «beste behin».
Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak gogorarazi du Uliazpi fundazioak hainbat eremutan hizkuntza kudeaketa hobetzeko beharra onartu zuela iazko plangintzan, «kalitatezko zerbitzua eskaini eta herritarrek eta langileek euskaraz artatuak izateko zein lan egiteko duten eskubidea bermatzeko». Gaubekak azaldu du oposizio horietan parte hartu zuten hautagai guztiek gai izan beharko luketela zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko, «hori baita pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea».
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia «larria bezain atzerakoia» da. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak adierazi du epaiak ez dituela betetzen gaur egungo legeak: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza politikari eta euskara lehenesteari buruzko lege berriak onartu dira azken urteotan, eta horien aurkakoa da epaia». Nabarmendu du «ezinbestekoa» dela Gipuzkoako Foru Aldundiak haren langileei euskararen ezagutza eskatzea, zerbitzu horiek jasoko dituzten herritarren eskubideak bermatzeko.