Hezkuntza

Steilasek salatu du bi sareak dituzten hamahiru herritan eskaintza publikoa ez dela %35era iristen

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2 urteko haurrentzako hezkuntza eskaintza aztertu dute. Nabarmendu dute zortzi herritan itunpeko eskaintza soilik dagoela.

Eskola publikoaren aldeko manifestazio bat, atxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko otsailaren 27a
16:46
Entzun

Aurrematrikulaziorako eskaerak aurkezteko epea ostiralean amaitu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, gaur, 2 urteko haurrentzako dagoen eskaintza aztertu du Steilas sindikatuak txosten batean. Haien esanetan, «eskaintza publikoa eta pribatua lehian» daude zenbait udalerritan, bi eskaintza motak dauden lekuetan itunpeko eskolek eskaintzen dituzte ikaspostu gehien, eta eskola publikoari «eginkizun subsidiarioa» uzten diote. Bi datu eman dituzte esandakoa berresteko: eskaintza publikoa eta itunpekoa dagoen herrietatik hamahirutan, eskaintza publikoa ez da %35era iristen eta, 27tan, %45ekoa baino txikiagoa da.

Sindikatuak hiru kasu aztertu ditu: eskaintza publikoa soilik duten udalerriak, eskaintza publikoa eta pribatua «lehian» daudenak eta eskaintza publikorik ez duten udalerriak. Lehenengoekin hasita, Steilasek eman dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2 urteko umeentzako eskaintza duten 187 udalerrietatik 113tan eskaintza publikoa baino ez dago. Azaldu dutenez, horietatik 43 eskola txikiak dira. Ondorioz: «Erraz ondoriozta dezakegu hezkuntza eskubidea negozioa ez den herri txikietan hezkuntza publikoak bermatzen duela eskubide hori». Sindikatuaren irudiko, beraz, «sare publikoaren eta pribatuaren arteko talka» herri jakinetan dago, bereziki 10.000 biztanletik gorakoetan.

Herri horien azterketa sakonagoa egin du. Nabarmendu dute eskaintza publikoa ez dela %35era iristen Bermeon, Durangon, Gernika-Lumon, Leioan, Zamudion, Zornotzan (Bizkaia), Andoainen, Bergaran, Oñatin, Orion, Pasaian, Tolosan eta Zarautzen (Gipuzkoa). Gainera, 27 herritan ez da %45era ailegatzen.

Areago. Sindikatuak kritikatu du zortzi udalerritan ez dagoela eskaintza publikorik: Argantzonen, Iruraiz-Gaunan (Araba), Loiun (Bizkaia), Anoetan, Ibarran, Iruran, Lazkaon eta Usurbilen (Gipuzkoa) itunpeko ikastetxeak soilik dituzte.

Eskaintzaren eta benetako beharraren arteko erlazioa ere aztertu dute. Sindikatuaren arabera, hamalau herritan itunpeko eskaintza nahikoa izango litzateke eskaintza osoa asetzeko. Alabaina, hamahiru herritan ez dago eskaintza nahikorik herriko 2 urteko haur guztiak matrikulatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.