Finantzak

Kutxabankek 330,5 milioi euroren irabaziak lortu ditu, %52,7 gehiago

Aurtengo emaitzen kontura 198,3 milioi banatuko dizkie bere hiru akziodunei, irabazien %60.  

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 25a
13:17
Entzun

Pandemiaren aurreko irabazietara gerturatzen ari da Kutxabank, baina oraindik ez da heldu. 2022an 330,2 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean baino %52,7 milioi gehiago, eta 2019. urteko errekorretik hogei milioi eskasera.

Edonola ere, oraindik urrun daude 2012ko bateratzearen aurreko emaitzak; 2008an, finantza krisia hasi zenean, BBK-k mozkin handiagoak izan zituen bere kasa (339 milioi) aurten Kutxabank osoak baino, eta horri batu behar zaizkio Kutxaren 141 milioiak eta Vital Kutxatren 76 milioiak.

Kutxabanken eta beste banku guztien emaitzen hobekuntzan zeresana izan du udan Europako Banku Zentralak interesak igo izanak, hainbat urtez hutsean izan ondoren. Interesen marjinak balio negatiboak edo oso hazkunde txikiak izan ditu azken urteetan, baina 2022an egoera irauli da, eta 640,7 milioi euroko mozkina (+%14,6) eman dio Kutxabanki bankuen oinarrizko negozioak —aurrezkia biltzea eta horrekin maileguak ematea, baina aurrezleei ordaindutako interes handiagoa eskatzea mailegatzaileei—. Interesen marjina handitu den arren, 2012koa baino %30 txikiagoa dela gogorarazi du bankuak.

Sendo aritu da aseguruen atala ere, 150,3 milioi euroko mozkina ekarri baitio, %11,1 gehiago. Guztira, 115.000 aseguru berri egin ditu Kutxabankek 2022an, eta dagoeneko 925.000 ditu.

Inbertsio funtsetan gora

Kutxabank bereziki aktiboa izan da inbertsio funtsen arloan. Gordailuen interesa oso txikia denez, inbertsio funtsetara bideratu du aurrezleen diruaren zati handi bat. 2022. urtearen amaieran 21.000 milioi eurotik gorako funtsak kudeatzen zituen bankuak, urtebete lehenago baino %3 gehiago; urte zail batean egin du hori, gainera, zeren %3,6 apaldu baita Espainiako finantza sisteman funtsetan inbertitutakoa. Horri esker, %7ko kuota du Kutxabankek atal horretan, bere pisu erlatiboaren oso gainetik. 2012an, Kutxabank sortu zenean, %4,6ko kuota zuen.

Administrazio kontseiluak onartu du mozkinen %60 banatzea bere hiru akziodunen artean, EBZk baimentzen duen gehienezko kopurua. Guztira, 198,3 milioi euro izango dira, iazko emaitzen kontura. Horietatik 113 milioi izango dira BBKrentzat (akzioen %57 ditu), 63,5 milioi Kutxa fundazioarentzat (akzioen %32), eta 21,8 milioi Vitalentzat (akzioen %11).

Irabazien beste zati bat bankuaren kapitala indartzeko erabiliko du Kutxabankek. Gaur egun, %17,6ko kapitala du, CET1 ratioaren arabera neurtuta, eta «lehen postuan» jarraitzen du. .

Maileguen berankortasuna kontrolpean duen arren (%1,37), bankuak jarraitu du zuhur jokatzen eta horniduretarako beste 232,3 euro milioi baztertu ditu (-%17). Horren bitartez, ustel atera dakizkiokeen maileguen estaldura ratioa %125era handitu du.

Berankortasuna txikitzearen arrazoietako bat da mailegu arriskutsu asko gainetik kendu dituela. Horrela, uztailean kobratzeko arazoak dituzten 2.500 mailegu hipotekario Irlandako Zima Finances funtsari saldu zizkion. Stop Kaleratzeak taldeak urrian salatu zuenez, salmenta horren ondorioz, zazpi familia etxebizitza galtzeko arriskua zuten.

2023an, hazkundea

Anton Arriola bankuko presidenteak ontzat jo ditu 2022ko emaitzak, testuinguru ekonomiko zailean gertatu direlako —Ukrainaren inbasioa, inflazio handia eta hazkunde ekonomikoaren moteltzea—, baina puntu beltz batzuk ere nabarmendu ditu: bankuak kudeatzen dituen aktiboen balioa txikitu dela, finantza alorrak errentagarritasun txikia duela, eta kapitalaren kostua estaltzeko adina ez duela ematen.

Aurrera begira, Arriolak azaldu du diru iturriak dibertsifikatzeko hausnarketa estrategiko bat hasi duela, baina zehaztu du ez dela sartuko operazio arriskutsuetan. «Ez da eragiketa korporatibo konplikaturik egiteko asmorik. Gure negozio arloak modu organikoan sendotzeko aukera argiak dauzkagu. Zorionez, baditugu baliabideak eta gaitasunak aukera horiei aurre egiteko, gure DNA eta gure kultura mantenduz, baina aurrerantz beste urrats bat eginez».

Bankuaren zenbakiak onak dira, baina zuzendaritzaren eta langileen arteko harremanak gaiztotuta daude. Ostiralean sindikatu guztiek grebara deitu zituzten beharginak, eta protestak jarraipen zabala izan zuen: lantaldearen %60k egin zuen bat grebarekin, eta Euskal Herriko bulegoen %90 itxita egon ziren. Langileak falta direla salatu zuten protestarekin, eta finantza produktuak saltzeko «presio izugarria» dutela.

Laboral Kutxa datorren astean da bere emaitzak aurkeztekoa. Aurreko urtekoak baino hobeak izango dira, baina, Kutxabanken kasuan bezala, markarik hautsi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.