Lehenengo aldia zuen bakarrizketalari gisa Antton Telleria Lopetegik (Tolosa, 1993). Berak sortutako testu bat oinarri hartuta, ia bi urtez aritu da Euskal Herriko hainbat txokotan Nekatutak emanaldia eskaintzen. Donostiako Antzoki Zaharrean arituko da, azken aldiz, martxoaren 4an. Bi saio eskainiko ditu, 18:30ean eta 21:00etan, eta aspalditik daude sarrera guztiak salduta. Aste eta erdian bukatu ziren. Gogoa sumatzen du Telleriak azken saio horri begira, «energia berezi bat». Aurreratu du azken emanaldi hori berezia izango dela, baina ez dela aurrekoen ezberdina izango.
2021eko apirilean Nekatutak lehen aldiz eskaini zuenetik, testua aldatuz joan da pixkana. «Jabetu nintzen lastoa ere bazegoela testuan, eta ordubetean kabitu nahi banuen lasto hori kendu beharra neukala». Aurrera egin ahala, emanaldirako aproposak izan zitezkeen «burutazio batzuk» ere erantsi ditu, «bizpahiru bloke berritan, formatu bizia baita eta aldaketak txertatzeko aukera ematen baitu». Donostian eskainiko duen azken saioan emanaldia bera «kapturatu» nahi duela dio Telleriak. Horretarako, bideoz jasoko dute. «Ziklo itxierari garrantzia eman nahi genion, eta apustu sendoa egin. Grabazio dotore bat egin nahi dugu, ahalik eta profesionalena. Horretarako, bi urteotako ibilbidean irabazitako diruaren zati bat inbertituko dugu», adierazi du.
Oraindik ez dakite, zehazki, ikus-entzunezko formatu horri zein erabilpen emango dioten. Haren hitzetan, pare bat ideia badituzte, baina hasteko «ahalik eta modu fidelenean» jaso nahi dute emanaldia, gordeta gera dadin. «Uste dut euskaraz egiten den stand-up komediari balio bat emateko modu bat dela. Atzetik datozenek izan ditzaten erreferentziak eta ikus dezaten gauza txukunak ere egiten direla euskaraz komediaren arloan».
Aldagai askoren batura
Bakarrizketalari baino, nahiago du Telleriak bere burua komiko izendatu, eta aitortu du «eroso» sentitu dela stand-up generoaren barruan: «Komedia mota honek gustuko ditudan osagai guztiak biltzen ditu. Niretzako esparru aproposena da. Sorkuntza eta interpretazioa batzen ditu». Aurrez ere jendaurrean ohituta zegoen Telleria, baina ez aurrez aurrekoetan. «Nekatutak emanaldiarekin, aurrez aurrekoa probatu dut, eta izugarri gustatu zait. Nire jarduna parez pare dudan jendearen erreakzioen arabera egokitzen ikasi dut».
Konturatu da aldagai askok eragiten dutela emanaldi bakoitzean: «Hasieran ez nintzen kapaz identifikatzeko zer zegoen ondo eta zer gaizki, zergatik ateratzen ziren saio batzuk besteak baino hobeto. Seinale horiek irakurtzen ikasi dut, eta konturatu naiz saio bakarretik ezin direla mila ondorio atera». Eragina duten faktore horietako batzuk dira ikus-entzuleak, antzokia, nolako eguna duen Telleriak berak, nolakoa besteek… «Gauza askok bat egin behar dute saio bat bero joan dadin, eta batzuetan tokatzen da eta besteetan ez. Hori guztia kiroltasunez hartzen ikasi dut».
Oholtza gaineko bere lehen esperientziaz «balantze positiboa» egin du, beraz, Telleriak. Euskal Herri osoan 55 emanaldi baino gehiago eskaini ditu, oso testuinguru ezberdinetan. Aritu izan da antzokietan, gaztetxeetan, tabernetan, musika jaialdietan, elizetan eta herriko plazetan. Baliabide gutxi aski ziren Nekatutak eskaintzeko, eta horrek aukera eman dio oso toki ezberdinetan aritzeko. «Eroso aritu naiz guztietan, eta berdin-berdin gozatu dut».
Akaso, areto txiki batean sortzen den giro bero hori lortzeko lan gehixeago egin beharra dagoela dio. «Baina horretan ere ikasi dut. ‘Hemen gaur dagoen giroarekin noraino irits gaitezke? Bada, horraino egin dezagun’, esan izan diot askotan neure buruari. Leku batzuetan sekulako festa izango da, eta besteetan ez hainbestekoa».
Txisteak, Eibarren kontura
Ikus-entzule gazteak eta emakume asko joan dira saioetara. Horrek bereziki poztu duela esan du. Ikus-entzuleengandik maitasun handia jaso duela dio, eta, nahiz eta emanaldian zenbait gai garraztasunez jorratu, jendeak ondo hartu dituela esan du. «ETAri edo Ertzaintzari buruzko txisteak egin, eta jendeak barre egin du. Susmoa banuen aurretik, baina orain konfirma dezaket gairik delikatuena irakasleena dela. Oholtzatik ikusi dut bat baino gehiago kopeta belztuta».
>Eibarko herria ere baliatu du Telleriak txisteak egiteko, eta, horrekin jolastuz, azken emanaldiaren aurretik, bere burua eskaini du Eibarko etxe batean saioa eskaintzeko. «Zoragarria izan da jaso dudan erantzuna. Jende askok idatzi dit bere etxea eskainiz!». Telleriaren ustez, horrek definitzen du komediaren asmoa. «Eibar itsusia dela esanez txisteak egin ditut: haserrerako motibo izan zitekeen, baina jendeak ulertu du asmoa ez dela haserrea eragitea, elkarrekin barre egitea baizik. Eta bueltan datorren kontziliazio eta elkartze hori oso gauza polita da».
Bueltatu ahal izateko joan egin behar dela gogoratu du Telleriak, eta Nekatutak utzi eta material berria sortzeari ekingo dio behin martxoaren 4ko emanaldia eskainita. «Nire asmoa ikasten jarraitzea da, eta stand-up komediaren munduan segitzea: inoren inbidiarik gabe, euskaraz ere horrelakoak sor ditzakegula erakustea».