Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, apenas aldatu den Txinaren jarrera. Bere burua aktore neutral gisa aurkeztu du, eta, horrenbestez, eskatu du bai herrialde guztien subiranotasuna eta lurralde batasuna errespetatzeko, baita estatuen «segurtasun kezka zilegiak» kontuan hartzeko ere. Txina eta Errusia aliatu geopolitikoak direnez, Mendebaldeak adierazi izan dio Pekini baliatu dezala posizio hori Kremlinen jarreran eragiteko. Ez du urrats aipagarririk eman alde horretatik, baina azken asteetan nabarmentzen ari da irtenbide politiko bat eman behar zaiola gatazkari, eta gaur, inbasiotik urtebete bete den honetan, auzia konponbidean jartzeko iragarritako egitasmoa aurkeztu du, eta urrats esanguratsu bat ere egin du, «krisiarentzako» elkarrizketa eta negoziazio eskeetatik haratago: su eten bat eskatu die aldeei. Hau da, gatazkan izan duen inplikazioa handitu du Pekinek azkenaldian, eta gaur erakutsi du hori.
Dena den, Mendebaldeak ez du aintzat hartu Txinak esandakoa. Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak esan du ez duela «sinesgarritasun handirik», argudiatuta azken urtean ez duela gaitzetsi Moskuren jarrera, eta, gainera, inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak «mugarik gabeko lankidetza hitzarmen bat» sinatu zutela. Estonian dago Stoltenberg, eta herrialdearen independentziaren egunaren harira egindako ekitaldi ofizialetan parte hartu du. Ursula von der Leyenek ere bai, eta Europako Batzordeko presidenteak esan du Txinarena ez dela bake plan bat, «balio batzuk» partekatzeko ariketa bat baizik. «Errusiaren ondoan jarri da Txina».
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak gaur egindako batzarrean, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek NBEri eskatu dio ez dezala «bere burua engainatu» Txinak Ukrainarako proposatutako su etenaren harira. Blinkenek, halaber, berretsi du ezin direla bi aldeak «maila berean jarri», gudan «erasotzaile bat» eta «erasoa jasaten ari den bat» daudenean.
Bien bitartean, Mendebaldeko eragile guztiek inbasioaren urteurrena baliatu dute, eta berretsi Ukraina militarki, ekonomikoki eta humanitarioki behar bezain luzaro lagunduko dutela.
Txinako Atzerri Ministerioak kaleratutako hamabi puntuko dokumentuak ez dakar berritasun handirik. Berretsi du, Wang Yi Txinako diplomazialari gorenak azken astean Europan egindako biran plazaratu bezala, «rol eraikitzaile bat» jokatzeko prest dagoela, eta nazioarteari esan dio sor ditzala «baldintzak eta plataformak» bake elkarrizketei berriro heltzeko.
Ikusi gehiago: Errusiak «arreta handiagoarekin» sendotuko du bere indar nuklearra
Eta ohartarazpen bat egin die gerran inplikatutako aldeei: «Krisi eta areagotze nuklearra eragotzi behar dira. Ez litzateke gerra nuklear bat gertatu beharko. Edozein herrialdek edozein abagunetan arma kimikoak eta biologikoak garatzearen eta erabiltzearen aurka dago Txina». Horiek horrela, Pekini iruditzen zaio «modu neurritsuan» jokatu behar dela, egoera «kontroletik kanpo» gera ez dadin. Auzi nuklearraren harira, Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi zuen, atzo, «arreta handiagoarekin» sendotuko dutela beren indar nuklearra. Iragarpen hori iritsi da, hain zuzen, Moskuk eten duenean AEBekin arma nuklearren kontrolerako duen itun bakarra.
Dena den, NATOri belarrietatik tira egin dio Txinak aliantza militarra bera aipatu gabe, zeren «bloke militarren hedatzea» saihesteko eskatu baitu dokumentuan. Errusiak esan izan du besteak beste NATOk Europa ekialdean izandako hedatzegatik hasi zuela inbasioa. Bide batez, Txinak uste du ez dela ez sua hauspotu behar, ez tentsioa areagotu behar, eta justuki horrela mintzatu izan da AEBek Ukrainari emandako laguntza kritikatu izan duenean.
Ikusi gehiago: Urte zaila errusiarrentzat
Halere, gaurko egitasmoa gorabehera, Txinako Gobernua jomugan dago azken egunetan, AEBek esan baitute beren inteligentzia zerbitzuen informazioek iradokitzen dutela Txinak mahai gainean duela Errusia militarki laguntzeko aukera. Stoltenbergek gaur berriro esan du «zantzuak» dituztela hori esan ahal izateko. The Wall Street Journal-ek ere hori berresten zuen informazio bat kaleratu zuen atzo, iturri gisa erabiliz AEBetako funtzionario batzuk. Pekinek erreakzionatu egin du, eta esan oinarririk gabeko «gezurrak» direla. Alemaniako Der Spiegel astekariak gaur kaleratutako erreportaje baten arabera, Txinako enpresa batekin negoziatzen ari da Mosku, piloturik gabeko erasorako hegazkinak sal diezazkion.
NBEren ebazpena
NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuten atzo gauean, New Yorken, gerra bukatzeko eta Errusiari tropak Ukrainatik ateratzeko eskatuz. 141 herrialdek horren alde bozkatu dute, zazpik kontra —Errusiak, Bielorrusiak, Ipar Koreak, Eritreak, Malik, Nikaraguak eta Siriak—, eta 32 abstenitu egin dira; horien artean daude Kuba, Bolivia, India, Afrikako herrialde batzuk, Sobietar Batasuneko errepublika izandako Kazakhstan, Armenia eta Uzbekistan, baita Txina ere. Antzeko lau ebazpen onartu ditu batzar nagusiak azken urtean, eta Txina denetan abstenitu da.