Luhusoko operazioa

Txetx Etxeberri eta Beatrice Molle epaitzeko eskatu du fiskaltzak, Luhusoko operazioagatik

2016ko abenduan ETAren armategiaren parte bat erabileratik kanpo uzten saiatu ziren. Stephane Etxegarai 'Etxe' epaiketatik kanpo uzteko eskatu du terrorismoaren aurkako fiskaltzak.

Luhusoko operazioko ekintzaileak Errekarte baserriaren aitzinean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko otsailaren 24a
10:14
Entzun

Terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzak Parisko Zigor Auzitegira bidali nahi du Luhusoko operazioari lotutako auzia, eta Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle auziperatzeko eskatu du. Haatik, Stephane Etxegarai Etxe epaiketatik kanpo uzteko eskatu du. ETArekin lotuta, armak edukitzea eta garraitzea leporatzen diote Etxeberriri, Jean François Blanco defentsako abokatuak azaldu duenez. Teorian, hamar urte arteko presondegi zigorra arriska lezake, baina «harrigarria» litzateke hainbestera iristea, Blancoren hitzetan.

Eskaera «onartezina» dela salatu dute Bakegileek ohar batean, Luhusoko (Lapurdi) ekintza Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan «mugarri bat» izan zela azpimarratuta. Zazpi urte iragan dira ordutik. «Auzibidean diren pertsona guzien hobengabetzea galdegiten dugu», adierazi dute.

2016ko abenduaren 16an eginiko polizia operazio batean atxilotu zituzten Luhusokoak, ETAren armategiaren %15 indargabetzera zihoazela. Jean Noel Etxeberri Txetx Biziko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea, Mixel Berhokoirigoin laboraria eta Mixel Bergouignan enpresaria atzeman zituzten —Bergouignan 2017ko maiatzean hil zen, eta Berhokoirigoin, 2021eko maiatzean—. Gizarte zibileko esparru askotariko pertsona ezagunak izanik, polizia operazio hark aurkako erreakzio handia eragin zuen Ipar Euskal Herrian. Guztiak askatu zituzten ondoren, baldintzapean.

2011ko urriaren 20an jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia jakinarazi zuenetik, ETAk eginak zituen armagabetzeko saioak, baina 2016ko abendukoak azkartu zuen prozesua. Luhusokoak atxilotu zituzten gau berean argitaratutako gutunetan ikusi zen ETAk gizarte zibilari emana ziola desarmatzeko ardura politikoa eta teknikoa. Handik lau hilabetera, 2017ko apirilaren 8an egin zen ETAren armagabetzea, Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean elkarrizketatua eta adostua.

«Ausardia politikoa»

Instrukzio epaileak otsail hasieran eman zuen bukatutzat Luhusoko operazioari lotutako ikerketa judiziala, eta astelehenean eskuratu zuen fiskaltzaren eskaria Blancok. Auzirik ez izateko eskatuko duela baieztatu du; gauza bera egitekoa du Mollen abokatuak ere. Instrukzio epaileak izanen du azken hitza. «Epaiketa egin behar dela erabakitzen badu, errugabe jotzeko eskatuko dut», adierazi du Blancok.

Izan ere, ekintzaileen «ausardia politikoa» azpimarratu du abokatuak. «Txetxek eta Bakegileek gure aitortza merezi dute, armagabetzea ahalbidetu baitzuten. Luhuson hasi zen, apirilaren 8ko armagabetze egunarekin segitu zuen, eta ETAren desegitearekin amaitu zen», gogoratu du. Argumentu horiek helaraziko dizkio instrukzio epaileari.

Armak edukitzea eta garraitzea legeez kanpokoa izanik ere, «intentzioak» garrantzia duela nabarmendu du Blancok. «Gaitzesgarria da intentzio kaltegarriak daudenean. Kasu honetan goresgarria da. Bakegileen ekintzak eta ausardiak ahalbidetu zituen armagabetzea eta desegitea. Ausardia behar zen egin zutena egiteko».

Etxegarai auzitik kanpo uztea ere azpimarratu du Blancok. «Inplizituki kontsideratzen dute ez zuela rol operazionalik izanik. Niretzat, afera honetan fiskaltzak duen enbarazua erakusten du». Hemendik aitzina, instrukzio epailearena izanen da hitza. Presondegiratzerik ez dagoenez, erabakiak hartzeko epe zehatzik ez dagoela esplikatu du abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.