Unibertsitate garaian elkartutako sei gaztek osatu zuten Huntza taldea, 2014an. Zehazki, Bilboko Goienkale kalean ezagutu zuten elkar, triki-poteo batean. Bi urte geroago, martxoaren 8an, lehen kantua kaleratu zuten: Harro gaude. Oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omendu nahi izan zituzten bertan.
Omendu nahi ditugu
emakume denak
itzaletik irteten
ausartu zirenak
florero izateari
utzi ziotenak
jardin handi hontako
lore ederrenak
Ehunka plazatara zabaldu dute beren musika geroztik, eta baita bost disko argitaratu ere: Ertzetatik (2016), Lumak (2017), Lasai lasai (2018), Xilema (2018) eta Ezin ezer espero (2021). Ibilbide oparo horri, baina, amaiera emango diotela iragarri dute berriki. Aldapan gora abestiaren bideoklipa grabatu zuten mendian bertan eman dute taldearen «etenaldi mugagabearen» berri.
Hala esan dute sare sozialetan: «Nork esango zigun horren ederra izango zela Bilboko Alde Zaharrean hasitako bidea, Euskal Herri osoan barrena edota euskara entzuten ez den txoko askotara eraman gaituen bide hau. Baina bide orok nekea ere eragiten du, aldapen gorabehera horretan. Arnasa hartu eta indarberritzeko astia behar dugu orain». Ibilbidearen amaiera «behar bezala» ospatzeko, Azken balitz bezala kontzertua, «jai erraldoia» iragarri dute 2024ko otsailaren 3rako, Miribillan, Bilbon. Laster emango dituzte haren inguruko xehetasun guztiak.
Sei lagunek osatzen dute taldea: Josune Arakistain Arakistain (trikitia eta ahotsa), Uxue Amonarriz (panderoa eta ahotsa), Aitor Huizi (biolina), Aitzol Eskisabel (gitarra), Inhar Eskisabel (baxua) eta Peru Altube (bateria). Taldea sortu aurretik ere, denek izan zuten harremana musikarekin. Arakistain, esaterako, Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketako irabazle izan zen 2011n.
Unibertsitateko giroak elkartu zuen proiektu xume hark, ordea, denbora gutxiren buruan egin zuen goranzko saltoa; justuki, 2016an, Aldapan gora kantu arrakastatsua eta haren bideoklipa publiko egin zituztenean. 2023ko otsailerako, ia hamalau milioi ikustaldi zituen bideoak. Urte hartan bertan kaleratu zuten taldearen lehen diskoa: Ertzetatik. Lana Euskal Herriko zenbait oholtzatan aurkeztu ondotik, gainera, kontzertu bira bat egin zuten Japonian, Ertzetatik tour izenburupean.
Lumak izeneko EPa kaleratu zuten handik urtebetera. Bi kantu ditu –Elurretan eta Zer Izan–, eta, hain zuzen, Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearekin batera egindako proiektu bat izan zen hura. Disko horren gisako beste EP bat argitaratu zuten handik gutxira: Lasai lasai.
Publikoari keinu
2018an publikatu zuen taldeak bigarren disko luzea: Xilema. «Biologiako kontzeptu bat da», azaldu zion orduan Arakistainek BERRIAri. «Guk zainak eta arteriak ditugun bezala, xilemak eta floemak dituzte landareek. Sustraietatik hartutako gatz mineralak eta ura landarearen parte guztietara iristen dira xilemen bidez». Metafora gisa baliatu zuten kontzeptua: orain bi urte Huntzak bat-batean izandako oihartzun zabalaren ondotik gaur arte egin duten prozesuaren metafora gisa. «Izenarekin irudikatu nahi izan duguna da, azken finean, gure xilemak bisitatu ditugun herriak direla, bidelagun izan ditugun pertsonak, prozesu guztia, eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu bide horri guztiari». Argentinan eta Uruguain egin zuten kontzertu bira.
2020ko bira ere antolatuta zeukaten, baina bertan behera utzi behar izan duten pandemia zela eta. Urte horretako udaren amaieran, berriz, Euskadiko Orkestrarekin batera hiru abesti grabatu zituzten, Aldapan gora, Olatu bat eta Lasai lasai.
Orain bi urte kaleratu zuten azken diskoa: Ezin ezer espero. Huntzakoek sortutakoak dira kanta guztiak, nahiz eta Ekaitz Goikoetxearenak diren kantu horietako batzuen hitzak. Bi kolaborazio ere baditu azken diskoak. Kataluniako Doctor Prats taldearena da bata, Haizeak abestian, eta Julieta Venegas abeslari mexikarrarena bestea, 17:21 kantuan. Espero, gutxik esperoko zuen taldea desegitea, baina gaur goizean iragarri dute badoazela.
Larunbatean 40 Minutu Rock jaialdian joko dute, Durangoko Landako gunean (Bizkaia).