Kutxabankek jakinarazi du beste 75 «profesional» hautatzeko prozesuari ekin diola. Urtearen lehen erdian hasiko dira lanean bankuan, eta gehienak bulegoen sarean integratuko dira. Hala ere, bankuak ziurtatu du batzuk bezeroen arreta pertsonalizatuan arituko direla eta beste batzuk beste adar espezializatuetan.
Orain lanean hasiko diren langileetako bat aurretik aritu dira Kutxabanken lanean, aldi baterako kontratuetan, baina orain asmoa da kontratu mugagabeak egitea. «Finantza erakunde lider batean aurrera egiteko, trebatzeko eta profesionalki hazteko aukera» emango die.
Agiri baten bidez, Kutxabankek ziurtatu du «talentua erakartzeko eta atxikitzeko estrategia» duela, eta horren ondorioz 2016az geroztik414 langile hartu dituela kontratu mugagabearekin; horietatik 285 izan dira 2020az geroztik. «Langile berrion zeregina bezeroarentzako arreta sareak eta zenbait arlo espezializatu sendotzea izan da».
Langileak, «itota»
Adierazpen horrek talka egiten du bankuan ordezkaritza duten sindikatuek astelehenean plazaratutako kexuekin. ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE, LAB eta Asprobank sindikatuek salatu zutenez, Kutxabankeko langileak lanak «itota» daude, batez ere handitu egin dizkietelako beren helburu komertzialak. «Lehen, bulego bateko helburuak hogei pertsonaren artean lortu behar ziren; orain, berriz, hamarren artean lortu behar dira. Bankuak gero eta etekin handiagoak nahi ditu langile gutxiagorekin», azaldu zuen Asier Murgia LABeko ordezkariak.
Lantaldea txikitzen ari dela ziurtatu dute sindikatuek, askoz gehiago direlako erretiroa hartzen duten langileak sartzen diren berriak baino. Haien datuen arabera, iaz 180 langilek hartu zuten erretiroa, eta 78 sartu ziren. Langile falta eta lan karga handia argudiatu dituzte sindikatuek ostiralerako greba deialdia egiteko.
Kutxabank taldeak5.500 pertsona baino gehiago ditu gaur egun, eta horietatik 3.600 daude Euskal Herrian.