LGTBI kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoek gora egin dute Europan eta Asia erdialdean

Ilgak egindako txostenaren arabera, 2022a azken hamarkadako «urterik bortitzena» izan da LGBTI pertsonentzat.

LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean egindako elkarretaratze bat, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko otsailaren 21a
16:57
Entzun

Ilgak Europan eta Asia erdialdean LGTBi komunitateak duen errealitatearen urteroko diagnostikoa egin du, eta, azken txostenaren arabera, 2022. urtean gora egin dute kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoek. Iazkoa azken hamarkadako «urterik bortitzena» izan dela ondorioztatu dute.

Hain zuzen, txostenean jaso dutenez, LGTBI pertsonen kontrako diskurtsoak areagotzen ari dira, eta, horren ondorioz, gora egin dute erasoek ere. Bi adibide larri jarri dituzte: Norvegian eta Eslovakian LGTBI tabernen aurrean egindako erasoak, non lau lagun hil zituzten, eta beste hainbat zauritu. Beste hainbat hilketa eta suizidio ere izan direla jakinarazi dute. Halaber, salatu dute onura politikoak lortzeko sustatu eta erabili dela gorrotoa.

Evelyne Paradis Ilgako zuzendari exekutiboak esan du urteak daramatzatela ohartarazten gorroto diskurtsoak indarkeria fisikoa dakarrela: «Aurten, indarkeria gero eta planifikatuagoa eta hilgarriagoa dela ikusi dugu, eta horrek berekin ekarri du LGBTI pertsonak seguru ez sentitzea». Adierazi du gorroto diskurtsoaren gorakada ez dela soilik gertatu kolektiboaren aurkako jarrera hedatuta dagoen herrialdeetan.

Egoera eta joera «kritiko» horren aurrean erantzunak egon direla ondorioztatu dute. Paradisen arabera, baina, erreakzioa ez da nahikoa izan: «Gorroto diskurtsoaren gorakadaren aurka modu proaktiboan borrokatzeko moduak aurkitu behar dira».

Badago esperantzarako tartetik ere. Txostenaren arabera, hainbat herrialdetan «aurrerapen asko» egin dira, eta ekintzaileak gai izan dira aldaketa soziala bultzatzeko. «Aurrerapenak lortu diren herrialdeetan LGBTI kolektiboaren aldeko ekintzaileak izan dira eragile nagusiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.