SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute Osakidetzako zuzendaritzak uko egiten diola langileekin hitz egiteari, eta «inposaketa sistematikoaren» alde egiten duela: «Mahai sektoriala erabat blokeatuta dago. Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du aintzat hartu sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere». Hala, bai ospitaleetan eta baita lehen mailako arretan ere protestak eginen dituzte gaur. Goizean ospitaleetan egin dituzten elkarretaratzeetan, honako arlo hauek kritikatu dituzte: gardentasunik eza, kontratazio zerrenden kudeaketa eta pribatizazioaren aldeko joera.
Atzo, berriz, Gurutzetako larrialdietan egin zuten protesta. Salatu zuten zerbitzua gainezka dagoela oraindik, eta langileek ezin dutela jasan egoera hori. Arazoa pandemia baino lehenagotik dagoela gogoratu zuten, eta baldintza duinagoak eskatu. Sindikatuek berretsi egin dituzte salaketa horiek: «Ospitaleko larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da».
Elkarretaratze eta protesta horiek guztiak datorren larunbatean eginen diren mobilizazioen atarikoak dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 12:00etan manifestazioak eginen dituzte, eta Osakidetzako sindikatuek mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, langileak eta gizarte mugimenduak: «Osasuna defendatzeko».
Sindikatuek diote Osasun Sailak «osasun publikoa desegitearen aldeko apustua egiten jarraitzen» duela, aurtengo aurrekontua joan den urtekoa baino txikiagoa baita. «Badirudi, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, 2023an iaz baino beharrizan txikiagoak daudela». Gehitu dute arloko profesionalek pairatu behar dituztela horren ondorioak: bertzeak bertze, lan zama handia dutelako, ez dutelako ordezkapenik edo lan baldintzak murrizten dizkietelako.