Kutxabankeko langileek eguneroko jardunean duten «muturreko egoera» gizarteratzeko premia ikusi dute. Langile batzordeko sindikatu guztiek aho batez salatu dutenez, «presio komertziala» nabarmen handitu da azken urteetan, baita «jarraipen hierarkiko itogarria» ere. 2014 eta 2022 bitartean zuzendaritzak 293 bulego itxi dutela azaldu dute, eta 1.448 langile gutxiago direla. Haien iritziz, murrizketek okertu egin dute bezeroek jasotzen duten tratua, «behar bezala erantzuteko baliabiderik ez dagoelako», eta, horren ondorioz, erasoak, hitzezkoak zein fisikoak, ugaritu egin dira bulegoetan. Gauzak hala, segurtasun protokolo bat eskatu dute.
Aldaketa horiek behartzeko asmoz, eta, BERRIAk iragan astean aurreratu bezala, sindikatu guztiek (ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE, LAB eta Asprobank) ostiralerako greba deialdia egin dute. Larunbatean emaitza oso onak ezagutaraziko ditu Kutxabankek, eta, horiek jakin aurrean, oro har, hiru dira grebarako arrazoi nagusiak: baga, langileak «itota» daude helburu komertzialak asko handitu direlako; biga, bankua talentu handiko gazteak galtzen ari da kontratazio politikarengatik; eta higa, segurtasun arazoak. Horren harira, bankuari hainbatetan eskatu diote bulegoetan inoiz ez dadila egon langile bat bakarrik.
«Lehen, bulego bateko helburuak hogei pertsonen artean lortu behar baziren, orain hamarren artean lortu behar dira. Bankuak gero eta etekin handiagoak nahi ditu langile gutxiagorekin. Hurrengo urtean %15 hazi nahi badu, lantaldea egokitu behar du. Iaz, 180 langilek hartu zuten erretiroa, eta 78 sartu ziren. Horrela, ezinezkoa da». Azalpen mamitsua Asier Murgiak eman du, LAB sindikatuak Kutxabanken batzordean duen kideak.
Grebaren arrazoien berri emateko agerraldian hartu du hitza Murgiak. Sindikatuek azaldu dute egun Kutxabankek 3.600 langile dituela Euskal Herrian eta 2011n, fusioa egin zenean, 5.000 zirela. Bulegoen itxieraren eredu batzuk ere eman dituzte: Santutxu Bilboko auzoan, hamar bulego ziren lehen, eta hiru dira orain; Gernikan (Bizkaia), lau lehen eta bakarra orain. «Langile gutxiago eta ugazaba gehiago daude», kexatu zen Murgia, eta gero eta gehiago estutzen dituzte langileak: «Lehen, arduradunak astean behineko jarraipen egiten zizun. Orain, aldiz, goiz batean bi, hiru edo lau aldiz dei zaitzake zenbat aseguru saldu dituzun jakiteko».
Gazterik ez
Langileen ustez, Kutxabank jada ez da lan egiteko toki erakargarria: «Lehen, BBKn lanera sartzeko, jende ilara zegoen; orain, sartzen den bi gaztetik batek ez du bere lehen kontratua amaitzen». Azaldu dute 1.000 euro eskas irabazten duten lankide gazteak dituztela, eta bankuak haiek finkatzeko pausoak eman beharko lituzkeela. Halaber, Murgiak nabarmendu du grebaren arrazoia ez dela ekonomikoa: «Soldatak ez direla KPIaren arabera eguneratzen, hori arazo zaharra da. Iragan astean enpresak esan zuen %3,75 handituko zituela soldatak, baina ez da egia. Bi ordainketa berezi izango dira, eta igoera ez da finkatuko soldata tauletan».
Lan gatazkak
Kutxabankeko langileek «itota» daudela salatu dute, «presioarengatik»
Langile batzorde osoak greba deitu du ostiralerako. 2014tik 1.500 lanpostu galdu direla azaldu dute eta bankuak 293 bulego itxi dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu