Presoen urruntzearen amaiera

Sarek bukatutzat eman du euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika

Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dute Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Faustino Marcos, Garikoitz Etxeberria eta Irantzu Gallastegi presoak Euskal Herriratuko dituztela.

Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 20a
16:27
Entzun

Asier Borrero, Gregorio Eskudero, Garikoitz Etxeberria, Faustino Marcos eta Irantzu Gallastegi euskal presoak Euskal Herriratuko dituztela jakinarazi dute Espainiako Espetxe Erakundeek; denak Eusko Jaurlaritzaren esku dauden espetxeetarako mugituko dituzte. Espainiako kartzeletatik Euskal Herrira lekualdatzeko geratzen ziren bost presoak dira —Alcalan jarraituko du Jaione Jauregik—. Etxerat elkarteak eta Sare Herritarra plataformak «itxitzat» jo du «hainbeste urtez luzatu den sakabanaketa politika».

«Iritsi da azkenean guztiok hainbeste bilatu dugun berria, eta amaitu da 34urte iraun duen urrunketa politikaren aroa», adierazi du Sarek, eta «bigarren fasera» begira jartzeko unea dela azaldu du: «Oraindik indarrean dauden salbuespen politikak indargabetzeko». Etxerat-ek, berriz, «une zoriontsua» dela azaldu du, eta gogoratu du sakabanaketak «izugarrizko sufrimendua» eragin duela: «Etxean eta bizirik nahi ditugu»

Asier Borrero Duesoko espetxean dago egun (225 kilometrora). 2009an atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Gerora, Poissyko espetxean (950 kilometrora, Frantzia) eta Mont-de-Marsangoan egon zen preso (215 kilometrora, Okzitania), 2019ko otsailean Espainiaratu eta Soto del Realen espetxeratu zuten arte, behin-behinean (370 kilometrora, Espainia). Bi hilabete geroago, Dueñasera lekualdatu zuten ( 255 kilometrora, Espainia), eta 2021ean, Duesora. Urte hartako abenduan, sei urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Abuztuan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Ikusi gehiago:Espetxe politika tresna gisa

Gregorio Eskudero euskal presoak 70 urte ditu, eta Dueñasko espetxean dago preso. 2002an atxilotu zuten, eta 2021eko apirilean lekualdatu zuten Teixeirotik (600 kilometrora, Galizia) Dueñasera. Eskuderok 2024ko irailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.

Espetxe berean dago Garikoitz Etxeberria ere; 2021eko apirilean iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek Sevilla II kartzelatik (Espainia, 885 kilometrora) lekualdatuko zutela. Hura 2007ko urtarrilean atxilotu zuten Azkainen (Lapurdi), eta urte hartako martxoan Espainiaratu. Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an. Iazko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Irantzu Gallastegik 1994an egin zuen ihes, eta 1999an atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Aldi baterako Espainiaratu zuten, epailearen aurretik igarotzeko, eta ondoren Frantziara eraman, han ezarritako zigorra osorik betetzeko. Hura beteta, 2005ean Espainiaratu zuten berriz. 2006an, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak; 2024ko azaroan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Egun, Estremerako espetxean dago (465 kilometrora, Espainia).

Ikusi gehiago:Murru baten aurkako talka juridikoa

Faustino Marcos Darocako espetxean dago (280 kilometrora, Espainia), eta apirilean beteko du zigor osoa; 2010eko otsailean atxilotu zuten, Katalunian, eta 2012an hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. 2020ko irailean lekualdatu zuten Darocara, Herrera de la Manchatik (Espainia, 580 kilometrora).

Espainiako espetxe batean jarraituko du, berriz, Jaione Jauregik; Alcalako kartzelan dago (411 kilometrora, Espainia), behin-behinean. Hura 2020an atxilotu zuten, Belgikan, eta ondoren Espainiaratu. Haren aurkako auzibideak martxan daude Auzitegi Nazionalean, eta auzitegi hura da haren behin-behineko espetxealdia agindu duena. Atxilotu aurretik, Ganten (Flandria) bizi zen Jauregi, eta bere aldeko babes sare bat ere badu hiri hartan.

35 urteko salbuespena

Espainiako Gobernuak 1977an ekin zion euskal presoak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan kartzelatzeari. Orain arte indarrean egon den sakabanaketa politikari, ordea, hamar urte geroago eman zion hasiera. 1988tik eta, batez ere, 1989ko maiatzetik aurrera.

ETAk 2018ko maiatzean adierazi zuen desegin egin zela, eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hilabete geroago iragarri zuen «bestelako espetxe politika bat» martxan jarriko zuela. Lehen mugimenduak uda hartan egin zituzten. Espainiako Espetxe Erakundeak lehen presoak gerturatzen hasi zen, tantaka-tantaka. Etenaldi bat eragin zuen, baina, 2019ko azaroko Espainiako Gorteetarako bozetako kanpainak. Eta gero zenbait hilabetez luzatu zen, COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez.

Ikusi gehiago:Erreakzioak

2020ko ekainetik aurrera berrekin zuen Espainiako Gobernuak euskal presoak hurbiltzeko eta Euskal Herriratzeko prozesua, eta, 2021eko uztailerako, ia preso guztiak 600 kilometrora baino gutxiagora dauden kartzeletan zeuden. Ordutik aurrera, Euskal Herriratzeek pisu handiagoa hartu zuten presoen lekualdatzeetan. BERRIAren datuei erreparatuz gero, 2021eko urtarrilean euskal presoen %13,5 zeuden Euskal Herriko espetxeetan; iazko urtarrilean, %39,7; eta aurtengoan, %79,5.

Frantziako Gobernuak ere egin ditu urratsak, batez ere, 2018tik aurrera. Pixkanaka, euskal presoak Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen (Okzitania) biltzen hasi ziren —Euskal Herritik gertuen dauden kartzelak dira—, eta, 2020. urtea bukatzerako, Frantziako Estatuan zeuden presoen hiru laurdenak bertan zeuden. Egun, berriz, Frantzian preso dauden hamahiru presotik 11 Lannemezanen daude. Beste biak emakumezkoak dira, eta Reaun (890 kilometrora, Frantzia) eta Naoneden (600 kilometrora, Bretainia) daude —Lannemezanen eta Mont-de-Marsanen ez dago emakumeentzako modulurik—.

Ikusi gehiago:Urrunketa, iruditan

Sakabanaketak euskal presoengan eragin du, baina, nagusiki, haien senide eta lagunengan. 35 urtean istripu ugari izan dituzte. Etxerat-ek jakinarazi zuenez, iaz bi istripu izan zituzten presoen senide eta lagunek. Gainera, 35 urtean hamasei lagun hil dira errepidean, kartzelara bidean edo handik bueltan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.