Euskal Herriko hiri eta herri askotara hedatuta dago kantu jira, eta hainbat lagun elkartzen dira hilean behin euskaraz kantatzeko. Ohitura Ipar Euskal Herrian loratu zen, eta gero sortu zen kantu jira, Donostian, 2003ko otsailean. Asmo zehatz bat izan zuen: Euskaldunon Egunkaria kazetaren itxiera salatzea. Izan ere, berehala hasi ziren elkartasun eta babes keinuak, eta horietako bat izan zen kantu jira antolatzearena. Hogei urte beteko dira otsailaren 20an ordutik, eta urteurrena gogoratzeko, kantu jira egin dute gaur, Donostian. 12:00etan abiatu dira Fermin Kalbeton kaletik, eta 12:30 aldera Konstituzio plazan elkartu.
Fermin Calbeton kalean hasi da 'Egunkaria'-ren itxiera gogoratzeko kantujira, Donostiako Parte Zaharrean. Itxieraren harira hasi zen egitasmoa, 2003ko otsailaren 20an sortu zen elkartasun olatu haren parte izan zen. Indartsu jarraitzen dute. @berriapic.twitter.com/c0xGbWWh1H
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) February 18, 2023
Mari Luz Esteban antropologoak hartu du hitza ekitaldian, eta, esan duenez, kantu jira ere bada «erresistentzia forma bat, zerbait aldarrikatzeko modu bat». Hala azaldu du: «Euskaldunon Egunkaria ixteak haserre handia piztu zuen euskaldunon artean, eta hurrengo egunetan protesta asko egin ziren. Donostiar talde batek deialdi original bat egin zuen: kalean elkarrekin kantatzea, eta, horrela, protesta egitea, protesta ludikoa. Deialdi hark arrakasta handia izan zuen, eta jarraitzea erabaki zuten». Herri mugimendu gisa kokatu du ekimena; «mugimendu autogestionatua». Hala, Egunkaria gogoan izan dute gaurko ekitaldian.
Egun Euskal Herri osoan zabalduta dago kantu jira, eta, Estebanen arabera, sozializatzeko eta elkar topatzeko aukera paregabea da. Bide batez, uste du herri kantutegia mantendu, zaindu, eta «identitate kolektibo bat jorratzeko» balio duela.
'Egunkaria'-ren itxiera oroitzeko kantujira gaur Donostian, Parte Zaharrean, giro onean. Oraintxe lehen kantua. "Ez, ez dut nahi honelako zibilizaziorik". Amaieran Martxelo Otamendik eta Mari Luz Estebanek hartuko dute hitza. @berriapic.twitter.com/LB4AH5LEWQ
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) February 18, 2023
Herritar guztiek parte hartu dezaketen arren, gehienbat adinekoak aritzen dira kantuan. Horrek «izaera berezia» ematen dio, haren hitzetan: «Adineko pertsonak, orokorrean, ez daude oso ikusgai gizartean, are gutxiago taldean. Pentsiodunek hori aldatu dute, baina Kantu Jira ere bada adineko pertsonak, pertsona zaharrak, kalean presente egoteko aitzakia eta aukera paregabea». Etorkizunari begira, kalean eta elkarrekin kantatzeko ohitura mantenduko dela uste du, nahiz eta ez jakin nola.
Martxelok ere hartu du hitza Kantujiraren bidea eskertzeko. 'Egunkaria'-ren itxierak eragin zuen erantzunetako bat izan zela maiz nabarmentzen duela esan du. @berriapic.twitter.com/Ny2oLadqV1
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) February 18, 2023
Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohia eta BERRIAko zuzendariak ere hartu du hitza. Bukatzeko, topa egin dute, euskararen eta Kantu Jiraren alde.
'Egunkaria'-ren itxiera oroitzeko kantujira Donostian; Mikel Laboaren jaiotetxearen parean orain. 'Martxa baten lehen notak'. @berriapic.twitter.com/GvgBsYGVYY
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) February 18, 2023