Murru baten aurkako talka juridikoa

Presoak senideengandik gertu egoteko eskubidea defenditu dute abokatuek, urruntze politika auzitan jartzeko bataila juridikoan.

2015eko azaroaren 5ean, legelari eta abokatu talde batek presoen eskubideen aldeko adierazpena egin zuen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
joxerra senar
2023ko otsailaren 17a
16:43
Entzun

Ajuriaeneko Itunaren testuinguruan ezarri zen euskal presoen sakabanaketa, eta, 35 urte luzeotan, hats politiko horrek iraunarazi du. Hasieratik amaieraraino. Borondate politiko hori aldatu den arte. Alta, salbuespenezko espetxe politikaren gainerako atalekin gertatzen den bezala, erabaki politikoak irizpide juridikoekin argudiatu behar dira. Hamarkada guztiotan, euskal presoen abokatuen zeregina izan da juridikoki politika hori auzitan jartzea, eta behin eta berriz murru trinko baten aurka talka egin dute. Pultsu horri eusteak merezi duela argi du Amaia Izko abokatuak. «Gizartearen garaipena izan da. Abokatuok gure alea utzi dugu. Fronte guztietan —sozialean, politikoan, eta juridikoan ere bai— zalantzan jarriko ez balitz sakabanaketa, oraintxe gobernuek ez lukete zertan aldatu politika hori».

1996an Izko abokatu gisa jarduten hasi zenerako, sakabanaketa guztiz errotuta zegoen. «Haren ondorioak ikaragarriak badira ere, legez blindatua zuten». Izkoren arabera, preso bakoitzak non egon behar duen erabakitzea ez dagokio Espetxe Zaintzako epaitegiari, Barne Ministerioaren menpeko Espetxe Zuzendaritza Nagusiari baizik. «Hor oinarrizko hutsune bat dago. Zaintza epaileak ez du eskumenik, eta harengana zuzendu daiteke soilik baldin eta kontsideratzen bada oinarrizko eskubide bat urratu dela».

Ikusi gehiago: Sarek bukatutzat eman du euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika

Presoen gerturatzea eskatzeko, Espetxe Zuzendaritza Nagusira jo behar da. Saiakeraren bat egin bazuten ere, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan abokatuek ikusi zuten juridikoki ez zuela zentzurik, atzean erabaki politiko bat zegoelako: «Urte haietan sakabanaketaren aurkako borroka politikoa eta soziala izan zen, ez juridikoa. Aurrean genuen panoramari erantzuteak jada nahikoa indar eskatzen zigun».

Izan ere, urteotan guztiotan presoen abokatuek ehunka milaka kilometro egin behar izan dituzte kartzeletara joateko. «Errepidean bizi ginen. Astea pasatzen genuen kanpoan. Madrilera jaitsi eta han zaudela aprobetxatuz, Kordobara, Jaenera, Murtziara, Granadara, Huelvara...». Izkok ez du zalantzarik sakabanaketaren ondoriorik lazgarriena presoek eta haien familiek bizi izan dutela; baina bete-betean eragin die abokatuei ere. «Kalkulatu izan dut munduari zenbat buelta eman dizkiodan, erre ditudan auto guztiak zenbatuta».

Borroka juridikoa

ETAren 2011ko adierazpena etorri aurretik, euskal presoen abokatuak jada hasi ziren ikusten arlo juridikoan ere sakabanaketa auzitan jartzeko garaia iritsi zela. Euskal gizartean kontsentsu zabal eta orokorra zegoen horri buruz, baita Euskal Herritik kanpoko hainbat indarren artean ere. Mundu juridikoan, berriz, sektore aurrerakoiek barneratua zuten ETAren aurkako borrokak justifikatzen zuela salbuespenezko legedia, baina, behin indarkeria ekuaziotik kenduta, gizarteratzeko printzipio konstituzionala nagusitu behar zela.

Hori izan zen abokatuen heldulekua, eta sakon bilatu zuten urruntzearen analisi juridiko kritikoa. Arazoetako bat da legedian ez dagoela arau argirik. Aipatzen da kartzelek presoen deserrotzea eragotzi behar dutela; esaten da, halaber, gizartearekiko eta familiarekiko ardura bultzatu behar dutela presoen artean. «Presoek badute bermatua eskubide hori, baina oso modu lausoan jasota dator», arrazoitu du Izkok; hots, interpretazio zabalei bide ematen die. Beste arazoa da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia «oso gutxitan» sartu izan dela espetxe arloko auzietan, «estatuen monopolioa delako».

Testuinguru horretan, abokatuek presoen eskubideen aldeko analisia aldarrikatu dute, Espainiako Konstituzioan bertan aipatzen baita espetxe sistemak gizarteratzea izan behar duela helburu; eta gogorarazi dute Giza Eskubideen Europako Itunak aitortzen duela familia bizitza izateko eskubidea. Gainera, 2013an eta 2014an, bi epaitan, Estrasburgok Errusia eta Ukraina zigortu zituen, hiru presoren urruntzeak ez zituelako justifikatu.

Abokatuek bide administratiboa hartu zuten lehenik, erabakiaren ardura Espetxe Zuzendaritzari zegokiolako, baina, ezezkoa ikusirik, administrazioarekiko auzitegietan amaitu zuen, «ezerezean». Oinarrizko eskubideak urratzen zirela argudiatuta, Espetxe Zaintzako epaitegietara jo zuten, eta, handik, errekurtsoak Auzitegi Nazionalera heldu ziren. «Gure argudioaren ifrentzua erabili zuten. Guk esaten badugu etxetik ahalik eta gertuena egon behar dutela, haiek diote legeak ez duela eskubiderik ematen aukeratzeko non egon behar duen presoak; guk esaten badiogu familien bizitzarako eskubidea urratzen dela, eurek diote komunikazioa bermatzen dela». Nahiz eta datuekin eta adibideekin azaldu distantziak komunikazio hori baldintzatzen duela, ez zuten hori aintzat hartu.

Alta, presoen abokatuek defenditutako analisiak babes zabala izan du juristen artean. Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko epaile emerituak nabarmendu zuen familiarengandik gertu egotea «eskubide eraginkorra eta bazterrezina» zela, eta hala aitortzen zela Gorenaren zein Konstituzionalaren jurisprudentzian.

Boto partikularra

Presoak hurreratzeko eskaerek, Espainiako justizia sisteman egindako bidean, interpretazio hertsiekin egin zuten topo. Salbuespena 2015eko azaroan egindako epai batean etorri zen. Ramon Saez Valcarcel magistratuak, bere boto partikularrean, defenditu zuen presoek zigorrak etxetik ahalik eta gertuena bete behar dituztela, sistematikoki urruntzeko erabakiak ez duela lege estaldurarik, bizitza familiarrerako eskubidea urratzen duela, eta gizarteratzeko helburutik aldentzen duen zigor bat dela. Izkoren arabera, bere balioa du. «Ez digute eman nahi, baina erakusten du arrazoi dugula».

Estrasburgora ere heldu zen auzia. Josetxo Arizkurenen gerturatzeko eskaera ez zuen tramiterako onartu ere egin; 2019an, berriz, Gorka Fraileren eta beste preso baten gerturatzeko eskaeraren aurka egin zuen. Giza Eskubideen Epaitegiak aztertu zuen ea bizitza familiarrerako eskubidea urratzen ote zen, baina, komunikazioei esker, hori ziurtatutzat eman zuen.

Garaipen judizialik egon ez bada ere, Izkok uste du lan horrek ekarpena egin duela. Irakaspenak ere utzi ditu, salbuespenezko legedia amaitzeko borroka ez baita amaitu. Haren ustez, legedian elkarbizitzarako «oztopo ikaragarri» izango da eraitsi ezean: «Tapoi bat dago. Salbuespen legedia interpreta daiteke modu batez edo bestez, eta, eurek egiten duten horretan egin daitekeenez, jarrai dezakete. Lege hori zigor zuzenbidearen normaltasunera itzularazi behar dugu».

ZER DIO LEGEAK?

Giza Eskubideen Europako Ituna:
8. artikulua. Pertsona orok du bizitza pribatu eta familiarra izateko eskubidea, eta agintaritza publikoak ezin du esku hartu, baldin eta legedian jasota ez badator.

Espainiako Konstituzioa:
25. artikulua. Espetxe zigorrek eta sistemak oro har presoen heziketa eta gizarteratzea izan behar dute helburu.

Espetxe arloko legea.
12. artikulua. Espetxeak nahikoa baliabide izango du presoen beharrak asetzeko eta deserrotzea eragozteko.
59. artikulua. Ahal den neurrian bultzatuko da presoek gizartearekiko eta familiarekiko erantzukizuna garatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.