Enrique Mugika Herzog 1988ko uztailean izendatu zuten Espainiako Justizia ministro. Handik hilabete pare batera, Antoni Asuncionek Espetxe Erakundeen ardura hartu zuen. Bi-biek jarri zuten abian euskal presoak sakabanatu eta urruntzeko neurria, Mugikak 2005ean egindako hitzaldi batean aitortu zuenez. «Lehenengo aldiz, espetxe sistema politika antiterroristan txertatu zen. Eta zergatik ez?», adierazi zuen Asuncionek 2014ko elkarrizketa batean. Finean, sakabanatzearen helburua zen presoen artean banaketak sorraraztea eta horren bidez ETA ahultzea; hortaz, gobernu sozialistaren «estrategia antiterroristaren» beste tresna bat izateko sortu zen, ETA amaitu ondoren ere hainbat urtez iraun duen arren.
Mugikak eta Asuncionek azkar diseinatu zuten estrategia berria, eta 1988. urtearen amaieran eta hurrengoaren hasieran ekin zioten hura gauzatzeari. Orduan hasi zen sakabanatze eta urruntze politika, baina, zorrotzak izatera, presoen urruntzea askoz lehenagokoa zen. 1977ko Amnistia Legearen ostean espetxeak berriro betetzen hasi zirenetik, ohiko bilakatu zen motibazio politikoko euskal presoak Euskal Herritik kanpoko kartzeletan atxikitzea: Sorian, Carabanchelen eta Yeseriasen hasieran, Puerto de Santa Marian 1981etik aurrera —Euskal Herritik mila kilometrora—, eta Herrera de la Manchan geroago.
Ikusi gehiago: Sarek bukatutzat eman du euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika
Herrera de la Manchako espetxea 1979an eraiki zuten, eta Espainiako segurtasun handiko lehen presondegia izan zen. 1983ko urrian, PSOE Espainiako gobernura iritsi eta urtebetera, erabaki zuten Herrerara eramatea ETArekin harremana izateaz akusaturiko 48 preso, eta, hurrengo asteetan, lekualdatzeak ugaritu egin ziren, betiere espetxe berria helmuga izanik. Politika hori azaltzeko, «borroka antiterroristan ekimena berreskuratzea» eman zuen argudio gisa Espainiako Gobernuak.
Espainiaren espetxe politikaren ikur bilakatu zen Herrera hurrengo hamarkadan. Euskal Herritik 620 kilometrora dago, eta presoei ezartzen zizkieten neurri gogorrek protesta ugari ekarri zituzten, espetxean bertan eta kanpoan. Lau euskal preso hil ziren Herreran hamarkada hartan: GRAPOko kide Juan Jose Crespo Galende 1981ean —97 eguneko gose greba baten ostean—, Joseba Asensio 1986an —detektatu gabeko tuberkulosi baten ondorioz—, eta Mikel Lopetegi eta Juan Carlos Alberdi 1988an.
Amnistiaren Aldeko Batzordeek 1984ko Gabonetan antolatu zuten lehenengo martxa Herrerako espetxera. Mobilizazio horrek indarra hartu zuen hurrengo urteetan, eta goia jo zuen 1990ean: 10.000 lagunek parte hartu zuten urte hartako martxan. Azkenengoa 1992an egin zuten. Ordurako, presoen sakabanatzea indar betean zegoen, eta gutxi batzuk baino ez ziren gelditzen Herreran.
Negoziazioak hautsi ostean
Lehenengo lekualdatzeak 1988an izan ziren, baina 1989ko maiatzean orokortu ziren. Urte hartako urtarriletik martxora, ETAk eta Espainiako Gobernuak elkarrizketa prozesu bati ekin zioten, Aljerren. Prozesu horrek ofizialki porrot egin zuen apirilaren hasieran, eta, horren ostean, gobernuak azken bururaino eraman zuen sakabanatzeko politika.
Espetxe politika berria abian jarri aurretik, motibazio politikoko presoak lau espetxetan atxikitzen zituzten: Herreran, Alcala-Mecon, Carabanchelgo emakumeentzako presondegian eta Langraizen. Horietatik azkena baino ez zegoen Euskal Herrian, Araban. PSOEren gobernuaren estrategia berriarekin, lehenagoko urruntzeari sakabanatzea gehitu zitzaion, eta urruntzea azken muturreraino areagotu zen. Zenbait preso Balear uharteetara (Herrialde Katalanak), Ceuta eta Melilla Afrikako hirietara eta are Kanaria uharteetako Salto del Negro espetxera ere bidali zituzten, Euskal Herritik 2.000 kilometrora baino gehiagora.
Sakabanatzearen ondorioz, presoen egoera asko okertu zen: bizi baldintza gogorrak, bakartzeak, komunikazioak izateko zailtasunak eta abar. Baina, batez ere, senideek pairatu zituzten estrategia berriaren makurrak. Bidaietako arriskuak eta horien kostu ekonomikoa izugarri handitu ziren. 1989ko irailean Rosa eta Arantza Amezaga auto istripuz hil zirenetik gaur arte, hamasei senidek edo gertukok galdu dute bizia errepidean, presoen urruntzearen ondorioz.
Espetxe politika berriak ez zuen kontrako erreakziorik sortu 1988ko urtarrilean Ajuriaeneko Ituna sinatu zuten indar politikoen artean. «Ez dut zuzenbidearen urraketarik ikusten, ezta zuzenbide konparatuaren argitara ere», adierazi zuen EAJren EBBko presidente Xabier Arzalluzek 1989ko abuztuan. «Presoen interesetarako, dauden moduan jarraitzea da egokiena», esan zuen Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 1991ko urrian. Garai hartan, EAJk uste zuen sakabanatzeak balio zezakeela presoak ETAtik deslotu eta Langraiz bidea bultzatzeko.
PPren aldian
1996ko martxoan PP gailendu zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta, maiatzaren 5ean, Jose Maria Aznar izendatu zuten gobernuburu. PP boterera iritsi izanak ez zuen aldaketarik ekarri espetxe politikan.
Baina Aznarren gobernuarentzat ere, ETAren kontrako erreminta izan zen espetxe politika, eta komeni bezala erabili zuen beharrezkotzat jo zuenean. Izan ere, Aznarren agintaldietan 195 preso eraman zituzten Euskal Herrira edo Euskal Herritik gertuko espetxeetara, eta mugimendu horiek bat etorri ziren ETAk iragarritako su etenekin eta elkarrizketa prozesuekin. Hala izan zen, esaterako, 1996ko ekainean eta 1998ko irailean.
ETAk 2011ko urrian iragarri zuen bere jarduera bukatutzat eman zuela. Horrek, baina, ez zuen aldaketarik ekarri Espainiaren espetxe politikan. ETA 2018ko maiatzean desegin zen, eta, hilabete geroago, Pedro Sanchez izendatu zuten Espainiako gobernuburu. Beste bost urte igaroko ziren sakabanatze eta urruntze politika amaitu arte.