EZOHIKO ZERGA

Kutxabankek ere helegitea jarri dio bankuen zergari

Administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri zuen atzo Kutxabankek, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 17a
10:59
Entzun

Bata bestearen atzetik, Espainiako Gobernuak bankuei eta energia enpresa handiei ezarri dien behin-behineko zergari helegiteak jartzen ari dira sektore horietako enpresak. Kutxabank izan da azkena: atzo arratsaldean jakinarazi zuen administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri zuela Espainiako Auzitegi Nazionalean, bere eskumeneko Cajasur bankuaren bitartez.

Otsailaren hasieran iragarri zuen Espainiako Gobernuak otsailaren 4an hasiko zela zerga aurretiaz ordaintzeko epea, eta azken eguna ere jakina da: otsailaren 20a. Herenegun ere beste bi helegite aurkeztu zituzten bankuen patronalek: Espainiako Bankuen Elkarteak bata, eta Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak bestea.

2022ko azaroan EBZ Europako Banku Zentralak zergari buruzko irizpen bat eman zuen, eta adierazi zuen tasa berria neurrigabea izan zitekeela bankuen errentagarritasunaren aldean, eta iragarri zuen eragina izan zezakeela bezeroengan; irizpen horretan oinarritzen dira bankuak zerga berriari helegitea aurkezteko.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak gaur adierazi du espero duela helegiteek aurrera ez egitea. Izan ere, sailburuaren ustetan, herritarrentzat positiboak izango dira behin-behineko zerga berri horiek. Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du 2023an eta 2024an 400 milioi gehiago jasoko dituela zerga berri horiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.