'Euskaldunon Egunkaria' itxi zutela 20 urte

Lau dokumental 'Egunkaria'-z

Interneten ikusgai daude 'Egunkaria 10 urte geroago', 'Gaur irekiko ditu ateak', 'Egunkaria 15 urte' eta 'Paperezko hegoak' dokumentalak. Astelehenean beteko dira 20 urte euskarazko hedabidea bortxaz itxi zutenetik.

'Perezko hegoak' dokumentala. TENTAZIOA PODUKZIOIAK
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 16a
13:27
Entzun

Astelehenean beteko dira 20 urte egun malapartatu hartatik. Espainiako Guardia Zibilak bortxaz itxi zuen Euskaldunon Egunkaria. Egunero euskaraz argitaratzen zen egunkaria, milaka euskaltzaleren laguntzaz 1990ean sortu zena. Urteotan ikus-entzunezko hainbat lan egin dira Egunkaria-ren inguruan, eta haiek berriro ikusteko une aproposa izan daiteke.

Ikusi gehiago:Liburu aurrerapena: 'Egunero behar genuen'

Berria 2003ko ekainean jaio zen, eta, egun haietan, ETB1ek erreportaje berezi bat eman zuen. Itxieraren gaineko iritziak ageri ziren. Baina badu lan hark zerbait berezia: BERRIAren lehen egunetan Andoaingo (Gipuzkoa) erredakzioaren martxa nolakoa zen jasotzen dute irudiek. Orio Produkzioak ekoiztetxeak egin zuen lan hura.

Bada, Egunkaria libre! izenburupean, erreportaje labur bat, zazpi minutu eta erdikoa, Berria Telebistan ikusgai. Itxieraz egin ziren lehen lanetako bat da hori.

Dokumental luzeagoak, berriz, egin dira baten batzuk. Lau lan aipagarri daude ikusgai Interneten: K2000 ekoiztetxeak egindako Egunkaria, 10 urte geroago 2013an estreinatu zuen ETBk. Maite Ibañezek zuzendu zuen dokumental hura. 2003. eta 2013. urteen artean hartutako irudiak eta hitzak bildu zituzten lanean. 2008an, hainbat elkarrizketa egin zituzten epaiketa egin aurretik: kazetari ugari ageri dira hizketan, tartean Antonio Franco, David Bassa, Luis Maria Anson, Josu Juaristi, Pablo Muñoz, Pedro Ontoso eta Txetxo Yoldi. Ikuspuntu juridikoari ere heltzen dio dokumentalak, eta, horretarako, zuzenbide arloko hainbat lagun elkarrizketatu zituzten. Auzipetuen 2008ko hitzak jasotzen ditu lanak, sufritu zituzten torturak barne. EITB Nahieran-en dago ikusgai.

‘Egunkaria’-ren sorrera
Bestelako begirada eskaintzen du Eriz Zapirainen Gaur irekiko ditu ateak dokumentalak. Docs Barcelona jaialdian estreinatu zuten, eta, bertan, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren ingurukoak kontatzen dituzte. Hedabidearen sorreran parte hartu zuten hainbat langile ageri dira hizketan. «Egunkaria sortzeko zegoen ilusioa transmititzen saiatu ginen», esan zuen Zapirainek. Dokumentala Argia-ren Multimedia kanalean ikus daiteke.

Euskaldunon Egunkaria itxi eta 15 urtera, bestalde, Irati Sarasua kazetariak beste dokumental bat zuzendu zuen ETBrako. Itxieraren gauean atxilotuen etxeetan gertatu zena jaso zuten batetik, eta euskal hedabideen egoeraz aritu ziren bestetik. Baleuko ekoiztetxearen lan horretan, Joan Mari Torrealdai zenaren seme-alabak ageri dira 2003ko otsailaren 20ko goizaldean Guardia Zibila etxean nola sartu zitzaien kontatzen. Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria ere mintzo dira: inkomunikazio egunak nola pasatu zituzten kontatzen dute. Euskal Herriko komunikabideen egoeraz ari dira, bestalde, Nerea Azurmendi, Iñaki Soto (Gara), eta Argia-ko Xabier Letona, Estitxu Eizagirre eta Bego Zuza. EITB Nahieran-en ikusgai dago.

Euskaldunon Egunkaria-ren inguruan egin den azkeneko dokumentala Paperezko hegoak da. Tentazioa Produkzioak konpainiak Sisiforen paperak antzezlana egin zuen lehenbizi, eta, horrekin batera, ikus-entzunezko lan bat egin nahi zuen. Telesail bat egiteko proposatu zioten ETBri, eta telebistak esan zien fikzioa ezetz, baina dokumental bat baietz. Horiek horrela, Josu Martinez zinemagileari egin zioten enkargua dokumentala egiteko, eta hark Samara Velte BERRIAko kazetari ohi eta EHUko irakaslearekin batera zuzendu zuen Paperezko hegoak. «Estoldetan barrena egindako bidaia bat izan nahi du dokumentalak», Martinezen arabera. Lortu zuten Guardia Zibilaren koronel batekin hitz egitea. Eta Javier Gomez Bermudez epaileak parte hartzen du —hura izan zen auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko presidentea—.. Gertatutakoaren zergatien ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen lekukotzak biltzen ditu dokumentalak. Adur Larreak animazio batzuk egin zituen Torrealdairen itzala irudikatzeko, haren lekukotza biltzen denean. EITB Nahieran-en ikus daiteke.

Badira bestelako lan batzuk Euskaldunon Egunkaria-z eta 2003ko itxieraz. Lander Garrok, adibidez, 13 minutuko bideo erreportaje bat egin zuen Berria Telebistarentzat, itxieraren 15. urteurrenean.

Irakurketan murgiltzea nahiago duena egongo da. Horretarako, hor daude Lorea Agirreren Gezurra ari du; Pello Urtzelairen Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika; eta Torrealdairen Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta liburuak. href="https://www.berria.eus/berrialaguna/denda/liburuak/553-egunero-behar-genuen.html">Egunero behar genuen iritsi da orain, Imanol Murua Uria Egunkaria-ko kazetari ohiaren eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.