OSASUNA

Europako presoen herenek buruko osasun arazoak dituzte

Suizidioak, COVID-19a eta gaindosiak izan ziren 2020ko kartzeletako heriotza kausa nagusiak, OMEk kaleratutako txostenaren arabera. Suizidio tasa 100.000 presoko 103koa izan zen. Erakundeak gomendatu du inbertsio handiagoa egitea kartzeletako osasun mentaleko zainketetan.

Municheko espetxeko segurtasun kamerak. PHILIPP GUELLAND / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 15a
11:44
Entzun

Europako espetxeetako presoen %32,8k buruko osasun arazoren bat zuten 2020an, eta, urte horretan, suizidioa, COVID-19a eta gaindosiak izan ziren kartzeletako heriotza kausa nagusiak. Europako kartzeletako osasunari buruzko txostenaren ondorio deigarri batzuk dira horiek. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ondu du dokumentua, 36 herrialdetako datuekin, eta asteazken honetan aurkeztu du, Lisboan, Portugalgo Gobernuko zenbait ministrorekin batera.

Txostenaren arabera, buruko nahasmendua izan zen presoen %32ri gehien eragin zien gaixotasuna, nahiz eta portzentaje hori «ziur asko» gutxietsita dagoen, kutsatu ezin ziren gaixotasunak atzemateko zailtasunagatik. Dokumentuan jaso dutenez, heriotza kausa nagusia suizidioa izan zen: 626 kasu izan ziren 2020an. Suizidio tasa 100.000 presoko 103koa izan zen Europako herrialde guztietan, biztanleria orokorraren adierazlea baino askoz handiagoa (39,5).

Horiek horrela, Nazio Batuen Erakundearen osasun agentziak gomendatu du inbertsio handiagoa egitea kartzeletako osasun mentaleko zainketetan, baliabide eta langile gehiagorekin; izan ere, kartzeletan eskuragarri zeuden psikiatren ratioak biztanleria orokorraren antzekoak ziren duela hiru urte, nahiz eta espetxeetan «drogen kontsumoa eta buruko nahasmenduaren kasuak ugariagoak izan». Presoen %8k droga menpekotasunen bat zuten, eta 92 pertsona hil ziren gaindosiaren ondorioz.

COVID-19a izan zen bigarren heriotza kausa espetxeetan; 163 lagun zendu ziren. 100.000 presoko 31,2ko heriotza tasa da hori, biztanleria orokorrarenaren azpitik (126,8). OMEn ustez, koronabirusari Europako espetxeetan emandako erantzuna «oro har ona» izan zen, presoak txertatuta eta ia kartzela guztietan kasuak bakartuta. Herrialdeen ia %80k gaitzari aurre egiteko kontingentzia planak zituzten, eta %94k presoei testak egiteko aukera eman zieten. Alderdirik «ahulena» zera izan zen, OMEren arabera: «Estatu kideen ia %80k ez zieten presoei testik egin espetxetik irten aurretik».

Presoek jasandako gaixotasunen artean, hipertentsioa (%10,9), arazo kardiobaskularra (%6,1) eta diabetesa (%3) hauteman ziren. OMEk ohartarazi du herrialdeen %16,7k ez zutela eskaintzen B hepatitisaren, kukutxeztularen eta tetanosaren aurkako txertorik.

Lehen mailako arreta da kalitate handiko osasun artaren zutabe nagusietako bat. Bada, txostenaren arabera, Europako estatu askok «zailtasunak» izan zituzten lehen mailako arretaren kalitatea ezaugarritzeko; herrialdeen heren batek baino ezin izan zuten hori egin. Gaixotasun kardiobaskularrak, berriz, ondo kudeatu zituzten; ia presoen %97k osasun arretako bisita bat edo gehiago egin zituzten aurreko urtean, eta erien %92k baino gehiagok tratamendu farmakologikoa jasotzeko aukera izan zuten. Bestalde, diabetesa izan zuten pertsonen %86k osasun arreta sistematikoko bi bisita izan zituzten gutxienez aurreko urtean, eta %65ek oftalmologiako bisita bat, gutxienez.

Bide horretan, erakundeak aholkatu du «inbertsio handiagoa» egitea zainketekin jarraitu ahal izateko; izan ere, herrialdeen erdiek soilik bermatzen zieten espetxetik ateratzen zirenei osasun zerbitzuetarako sarbidea. 2020ko abenduaren 31n, 613.497 pertsona egon ziren preso 36 herrialdetako kartzeletan —%6,6 gutxiago aurreko urtearekin alderatuta—, 100.000 biztanleko 108,8ko tasarekin. Georgiak izan zuen adierazlerik handiena, 246koa, eta San Marinok txikiena, 23koa.

Osasun arta jasotzeko eskubidea

«Espetxeak gizartean integratuta dauden honetan, espetxeratzeak ez du inoiz osasun okerragorako zigorra bihurtu behar. Herritar guztiek dute kalitatezko osasun arta jasotzeko eskubidea, norbanakoaren legezko egoera edozein dela ere», esan du Hans Henri doktoreak, OMEko Europako zuzendariak. Haren esanetan, «funtsezkoa da espetxeratuen osasunaren jarraipena egitea, kartzeletako osasun sistemak ebaluatu ahal izateko. Espetxeak osasun sistema orokorretik kanpo geratzen direnean, tokiko komunitateak kaltetuenak izan daitezke».

Portugalgo Gobernuak begi onez hartu du txostenaren argitalpena, eta espetxeko osasunaren garrantzia nabarmendu du. «Osasuna lehentasuna izan behar du politika guztietan, inor atzean utzi gabe», esan du Osasun ministro Manuel Pizarrok. Antzera mintzatu da Elvira Fortunato, Zientzia, Teknologia eta Goi Mailako Irakaskuntzako ministroa: «Espetxeratutako pertsonei osasun arta ematea giza bizitzarekiko errespetua bermatzea da; herrialde guztiek bermatu behar dute hori. Ikerketa honek eta gaurko bilerak erakusten dute Portugal lanean ari dela presoei osasun arreta hobetzeko, ikerketa zientifikoan eta jasotako datuetan oinarrituta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.