Telebista

ETB2ko 'Akelarre' saioak euskal kulturari barre egiten diola salatu dute

Sareetan zabaldu den bideo baten harira, ehunka euskaltzalek azaldu dute  «iraingarria» dela Valeria Rosek aurkezten duen saioa. Chill Mafiako kide bat 'independentzia' zioen kamiseta kentzera ere behartu dute. EITBko LAB sindikatuak salatu du «nabarmen» geratu dela «saioaren zuzendaritzaren eta aurkezlearen jarrera iraingarria euskaldunokiko zein euskal kulturarekiko».

Valeria Ros, 'Akelarre' saioaren aurkezlea. ETB
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 15a
11:25
Entzun

Lierni Osa harri jasotzaileari: «Ez dakizu zer-nolako ilusioa egiten didan zu ezagutzeak. Ekarri dituzu harriak?». Unai Elorriaga idazleari: «Grazia egiten dit, zeren zuk liburuak idazten dituzu, ezta?». Maite Perurena txalekogileari: «Ulertzen dudanez, jertse horiek harriak jasotzearekin dute zerikusia». Juan Martinez de Irujo pilotari ohiari: «Ez zaizue apur bat antimorboa iruditzen txapela?». Eta, horrela, gisa horretako adibideen zerrenda luze bat. Sareetan sekulako haserrea eragin du ETB2ko Akelarre saioko hainbat une biltzen dituen bideo batek. Twitterreko @zappingzalea erabiltzaileak zabaldu du, eta 200.000 ikustaldi baino gehiago ditu jada.

Txio horren erantzunetan, ehunka erabiltzailek egozten diete Valeria Ros aurkezleari eta EITBko arduradunei euskal kulturari barre egitea: «Iraingarria», «penagarria», «lotsagarria»... denetarikoak idatzi dituzte, eta izan dira ETB2 ixteko eskatu dutenak ere.

Kritiko askok aitortu dute ez zutela Valeria Ros (Getxo, Bizkaia, 1986) ezagutu ere egiten. Egiari zor, azken urteetan ibilbide nabarmena izan duen umoregilea da, baina beti Espainiako hedabide nagusietan. Salamancan (Espainia) eta Madrilen egin zituen ikasketak, eta hiri horretan eman ditu azken urteak. Han, 2017tik aurkezten du SER irratiko La lengua moderna, eta telebistako hainbat saiotan ere hartu du parte: Movistar #0ko LocoMundo-n, La Sextako Zapeando-n, eta TVEko Lo siguiente-n, besteak beste. Umorearekin lotutako saioak dira guztiak. Akelarre aurkeztu aurretik, ez du sekula lan egin Euskal Herrian.

Kamisetaren afera

Saioa urtarrilaren 12an estreinatu zuten, eta ostegunetan ematen dute, 22:30ean. EITBk orduan iragarri zuenez, saio «bihurri» eta «lotsagabea» da K2000 eta El Terrat ekoiztetxeek produzitzen dutena; bigarrenak Madrildik egiten du hori.

Ildo horretan, gonbidatuen artean izan dira Chill Mafiako kideak ere. Atzo, Zappingzalearen bideoa zabaldu zenean, bere esperientziaren berri eman zuen Julen Goldarazena Flako Fonki-k. Bere modura, salatu zuen Euskal Herriaren independentziaren aldeko kamiseta bat kentzera behartu zutela: «Egia esan, sekulako zaborra da saioa; langileak jende ona dira orokorrean, baina, uf, elkarrizketatzailea beldurgarria da. Gainera, independentziaren ikurra zuen kamiseta kentzera behartu ninduten. Ez ahanzturarik, ez barkamenik».

Eztabaida gehienetan bezala, iritzi ezberdinak izan dira sareetan ere. Izan da saioa defendatu duenik, umorea besterik ez dela esanda. Eta saioa kritikatu dutenen artean ere izan dira hainbat ikuspuntu. Askok, gehienek, Rosen aurka jo dute: euskaraz ez dakielako, Espainiako kulturaren ardatzean dabilelako, edo, besterik gabe, gonbidatuen eta haien jardunaren inguruan duen jarrera iraingarria iruditu zaielako.

Beste batzuek, ordea, argudiatu dute arduradun nagusia EITBko zuzendaritza dela: gisa horretako saio bat egiteagatik, eta Madrilgo umoregintzatik datozen bi aurkezle kontratatzeagatik —Rosekin batera, Pablo Ibarburu umoregile donostiarra agertzen da saioan—. Xabier Euzkitzek, idatzi duen harian, esan du Rosek ez duela «halako egurrik» merezi, eta «gure telebista ereduaz nazio eztabaida bat» egin beharra dagoela.

Politikagintzara ere iritsi da Twitterren zabaldu den bideoaren oihartzuna, eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak atzo jakinarazi zuen gaiaz galdetuko diotela Andoni Aldekoa EITBko zuzendariari. «Mingarria da, bai, Akelarre saioak Euskal Herriaz eta haren kulturaz eskaintzen duen ikuspegia. Onartezina eta kezkagarria da ETBn euskal kulturari ikuspegi espainiar batetik begiratu eta irri egitea», salatu zuen atzo.

Galder Gonzalez da Twitterren idatzi dutenetako beste bat. Saioan izan zen dibulgatzailea, eta, han izan zuen esperientziaz gain, saioaren oinarriei buruz bidali zioten txostenaren atal batzuk ere publikatu ditu. Han aipatzen da, adibidez, Akelarre «feminismoa eta femeninoa» dela: «Ahalduntzea da. Baina txorakeria mordo bat ere bai». Azaltzen du saioaren gakoa dela aurkezleak ezer ez jakitea, horri esker baliatzeko «inprobisaziorako duen gaitasuna» eta «bere freskotasuna».

EITBko LAB sindikatuak agiri bat zabaldu du asteazken arratsaldean, eta salatu du «nabarmen» geratu dela «saioaren zuzendaritzak eta aurkezleak euskaldunokiko eta euskal kulturarekiko duten jarrera iraingarria».

Sindikatuaren arabera, «norbere buruari barre egitea gauza bat da, eta burla egitea beste bat». Azaldu dutenez, saioak barregarri uzten ditu euskaldunak, eta «geure herrian 'arrotz', 'exotikoak' bagina bezala erakutsi». ETBko zuzendaritzari galdetu diote ados ote dagoen saioak euskaldunei eginiko «burlarekin».

Horrez gain, saio horretan Chill Mafiako Flako Fonkik salaturiko «zentsura» nabarmendu dute. Independentzia hitza «lelo hori iraingarria iruditzen zaie, antza denez, saioko arduradunei eta ETBri? Hori bai?»

Neurriak hartzeko eskatu dio LABek Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari. 2017ko otsailean Euskalduna naiz, eta zu? umorezko saioarekin gertaturikoa gogoratu du sindikatuak, eta EITBk «azkar asko» erabaki zuela barkamena eskatzea eta atala webgunetik kentzea. «Zer neurri hartu behar ditu saio honekin, euskaldunen artean sortu duen samina ikusita?»

'Euskalduna naiz, eta zu?'-ren afera

Aurreko kasuei begiratuta, 2017. urtean zeresana eman zuen ETB1eko Euskalduna naiz, eta zu? saioarekin gertatutakoak. Han espainiarrei buruzko estereotipo iraingarri batzuk agertu zirela eta, saioa saretik kentzeko eskatu zuten Covitek eta PSE-EEk, hura eman eta hiru astera. Ordura arte ez zuen polemikarik sortu, baina, azkenean, Jaurlaritzak berak ere arbuiatu egin zituen saioan agertzen ziren espainiarrei buruzko iritziak.

Egun haietan, Hego Euskal Herriko eta Espainiako alderdi politikoek eta hainbat komunikabidek ez zuten beste gairik izan ahotan, eta saioa gaitzestera eta salatzera agertu ziren han eta hemen —EITBk Espainiari buruzko atala kendu egin zuen webgunetik—. Jaurlaritzak ETBri eskatu zion ez igortzeko berriro saio «iraingarririk».

Orduan, EITBk iragarri zuen kontrol neurriak hartuko zituela, «eduki iraingarriak ez emateko». «Irainduta» sentitu zirenei barkamena eskatu zien komunikazio taldeak, eta antzera mintzatu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: «Pertsona eta lehendakari naizen aldetik, neure egiten dut herritar askok senti zezaketen ofentsa sentimendua». Nafarroako Parlamentuak ere, PSNk aurkeztuta, adierazpen instituzional bat onartu zuen saioaren aurka.

Aitzol Barandiaranek eta Anjel Alkainek zuzendutako saioaren eta parte hartzaileen aurka eraso egiteaz gain, programa auzitara eraman zuten eragile batzuek. UPNk eta Espainiako Poliziaren SUP sindikatuak, adibidez, salaketak jarri zituzten, saioak «Espainiarekiko gorrotoa» sustatzen zuelakoan. Iruñeko 5. instrukzioko epaileak auzia artxibatu zuen.

ETBk aurrez zuen erabakia saio hura gehiago ez ekoiztea, nahiz eta «oso balorazio ona» egin zuen. Afera hura hainbat iritzi eta piezaren gaia izan zen BERRIAn.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.