Frantziako Tourra Euskal Herritik igarotzean ikurrinak kalera ateratzeko deia egin dute

Hainbat jarduera egingo dituzte lasterketa hasi bitartean: atzerako kontaketa, zikloturismo martxak eta 'Bizitour jaiak', besteak beste.

2018ko Tourreko etapa bat Euskal Herritik igarotzen; errepide bazterrean, ikurrinak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2023ko otsailaren 13a
14:32
Entzun

Euskal Herrian abiatuko da aurtengo Frantziako Tourra. Bilbotik ekingo dio, eta gizonezkoen Tourra lehen aldiz iritsiko da Bizkaira. Guztira, hiru etapa jokatuko dira Euskal Herrian, eta bosgarrengoan ere zati batean pasatuko da: Santa Grazi eta Ligi-Atherei zeharkatuko ditu, hain zuzen. Horren harira, lasterketa Euskal Herritik igarotzean ikurrinak kalera ateratzeko deia egin dute, eta Frantziako Tourra hasi bitartean egingo dituzten ekitaldien programa aurkeztu. Bilboko Azkuna zentroan egin dute agerraldia, eta han izan dira irteeraren antolakuntzan parte hartzen ari diren euskal erakundeetako ordezkariak eta Marino Lejarreta, Roberto Laiseka eta Eneritz Iturriaga txirrindulari ohiak, besteak beste.

Hala adierazi du Laisekak: «Ez dago ikurrina baino sinbolo hoberik hemen txirrindularitza bizitzeko sentimendu, pasio, emozio hori mundu osoari erakusteko. Ikurrina bizikletatik ikusi dugunok badakigu zertaz ari garen. Beraz, aurten, eta inoiz baino gehiago, ikurrina gure kaleetara ateratzea tokatzen zaigu». Mezu bera zabaldu du Lejarretak ere, eta ikurrinak errepideetan ez ezik balkoietan ere jartzeko deia egin du. Iturriagaren arabera, ikurrina sentimendu kolektibo baten sinboloa da, «euskaldun guztiak ordezkatzen eta batzen dituen bakarra».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, berriz, uztailera bitarte egingo diren jardueren berri eman du. Martxoaren 23an, atzerako kontaketa hasiko da, Bilbon jarriko duten erloju baten bidez, eta, horren ostean, ekitaldi andana egingo dute.

Besteak bestek, Tourreko lehen etaparen erreplika bat antolatu dute, eta zikloturismo probak ere egingo dituzte. Gainera, Bizitour jaiak antolatu dituzte; hots, «bizikleta jai familiar bat» izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. «Martxa herrikoi labur batzuk egingo dira, kilometro gutxikoak». Lasterketaren aurreko astean, berriz, Fan Park gunea irekiko dute, «askotariko jarduerak eta proposamen ugari» egiteko. «Txirrindularitzako parke tematiko» gisa definitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.