Gasteizko Haurtzaro, Lourdes Lejarreta, Sansomendi, Zabalgana eta Zaramaga haur eskolak doakoak izango dira datorren ikasturtean, zerbitzu hori bost eta zortzi ordu bitarte erabiltzen duten umeentzat. Neurria baliagarria izango da adin tarte guztietarako, eta, gainera, Hezkuntza Zerbitzuak 0 eta 2 urte arteko haurrentzako 374 plaza eskainiko ditu. Apirilean zabalduko da izen ematea.
2023ko aurrekontuen inguruan lortutako hitzarmenari esker izan ahalko dira doakoak haur eskolak, bai eta udal haur-eskolen prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala aldatzeari esker ere. Elkarrekin Podemosek, esaterako, 120.503 euroko zuzenketa egin du aurrekontuan. Hala, bat egingo dute udalaren eta patzuergoaren eskaintzek, datorren ikasturtean azken horiek ere doakoak izango baitira.
Gaur onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak neurria, eta bihar eztabaidatuko dute Ogasun Batzordean. Hileko osoko bilkurara joango da azkenik, eta, alegaziorik ez egotekotan, apirilaren amaieran sartuko da indarrean.
Sexu berdintasunerako politiken inpaktu balorazioan aldeko txostena jaso du neurriak, eta, Iñaki Gurtubai Ogasun zinegotziaren ustetan, arau onuragarria izango da familientzat. «Jaiotza tasa sustatzeko eta familiako, gizarteko eta laneko bizitza kontziliatzea bultzatzeko beste tresna bat da». Garbiñe Ruiz Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azaldu duenez, gainera, «neurri lagungarria izango da etxeko ekonomia tentsionatuak arintzeko».
Gurtubaik berak adieraz duenez, «Gasteiz aitzindaria izan zen haur hezkuntzako udal zerbitzua eskaintzeko garaian; oraingoan ere, zerbitzu horren sarbide unibertsalean erreferente bihurtu nahi dugu». Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Elkarrekin Podemosi, Udal Haur Eskolen Sarean alde egindako «apustu irmoa» dela eta.
Plaza gehiago jangeletan
Haur eskolen doakotasunak ez die jangela zerbitzuei zuzenean eragingo, baina hitzarmenak jangeletako plazak gehitzeko aukera emango die: 490 plaza izan dira orain arte, eta 680 izango dira. Azaldu dutenez, «familia kontziliaziorako mesedegarria izateaz gain, erabilgarria izango da adingabeei uda garaian elikadura egokia eskaintzeko».