Erretretaren erreforma

Mobilizazioa iraunarazi eta gogortu nahi dute sindikatuek

Milaka pertsona elkartu dira Baionan erretreten erreformaren kontra. Larunbatekoa mobilizazio «erraldoia» izatea espero dute.

jarraia224064.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko otsailaren 7a
15:03
Entzun

Hilobi beltz bat, gainean inskripzio bat duela: «64 urte zituen». Sinbolo hori eskuetan egin dute manifestazioa milaka pertsonak Baionako karriketan, Frantziako Gobernuaren erretreteten erreforma proiektua salatzeko. Erretretaren adina 64 urtera gibelatu nahi duen errforma «injustu eta bortitza» bertan behera uzteko eskatu dute beste behin. «Ez dugu ezer laxatuko; Frantziako Gobernua ihesbiderik gabe dago», adierazi du Herve Larrouquert FO sindikatuko buruak intersindikalaren izenean.

Atzo hasi zuten lege proiektuaren eztabaida Frantziako Asanblean. Hala, Emmanuel Macron Frantziako presidentea babesten duten diputatuei mezua helarazi zien Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak: «Erraten ari dira nahitaez pasatuko dela erreforma hori. Guk erraten duguna da ezin dutela demokrazia horrela ukatu eta mehatxatu», adierazi zuen. «Badu zenbait aste karrikan garela; mobilizazio jendetsuak dira. Jendea enpresetan ere antolatzen ari da errateko ezetz, ez dugula onartuko erreforma. Frantziako Gobernuak gibel egin behar du. Guk ez dugu amore emanen, eta borrokan segituko dugu».

Manifestazioa pasatzeko orduan, 64 zenbakia marraturik «Erretreta erreforma honi ez» zioen pankarta handi bat zintzilikatu dute LABeko kideek Baionako herriko etxeko balkoitik. Izan ere, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak berriki jakinarazi du Rennaissance alderdiko kide egin dela, eta beharrezkotzat jo du erretreten erreforma egitea.

Patricia Glory CGTko buruaren hitzetan, «arazoa ez da Frantziako Asanblean konponduko, ez Matignonen ere; karrikan izanen da». Mobilizatzen segitzeko beharra azpimarratu du. Eta oraingoz haizea alde dutela uste du Larrouquertek: «Populazioaren atxikimendua lortu nahi dute, baina ez dute kausituko. Hamar langiletik bederatzi erreformaren kontra daude, eta biztanleen %60 ados dira herrialdea blokeatzearekin», oroitarazi du.

CFDTko buru Mercedes Gracietek ere uste du erreformaren kontrako oposizioa «handitzen» ari dela astez aste. «Biztanleria erreformaren kontra finkatu da, eta ez du gehiago nehork zalantzan ematen okerra dela eta beste soluzio batzuk lantzen ahal zirela». Larunbatean izanen da intersindikalaren ondoko protesta nagusia, lehen aldiz asteburuan. «Mobilizazio erraldoia» izanen dela espero dute.

Manifestazio nazionala

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere parte hartu du Baionako mobilizazioan. «Neurri atzerakoiak dira mahai gainean daudenak, pentsio sistema ahultzera datozenak, eta garrantzitsua da horren aurka kalera ateratzea», erran du, langileei sostengua adierazita. Halaber, Espainiako Estatuan azken urteetan izandako erreformekin alderatu du Frantziako Gobernuak gauzatu nahi duena. «Sistema publikoa ahultzen dute, pribatuaren mesedetan».

Bihar goizean, mobilizazio nazionala eginen dute Hendaia eta Irun arteko mugan, 11:00etan. «Herri bat garela, hemen lan egiten dugula, hemen kotizatzen dugula eta hemen erabaki nahi dugula adierazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.