Honetaz eta hartaz, giro intimoan

Elkarrekin izandako bizipenak ardatz hartuta, askotariko gaiez solasean aritu dira Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia ‘Huntaz eta hartaz’ emanaldian. Atzo hasi, eta ostegunera bitarte egingo dituzte saioak, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. Amaitu dira sarrera guztiak.

Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia, atzo iluntzean, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan. ARITZ LOIOLA
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko otsailaren 7a
13:10
Entzun

«Gogoan duzu? Guk geuk inauguratu genuen areto hau duela urte batzuk». Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoko taula gainera igo, eta oroitzapen horrekin abiatu du Huntaz eta hartaz emanaldia Ruper Ordorika musikariak. Aldamenean du Joseba Sarrionandia, eta musikaria lehenengoz ezagutu zuen aldia ekarri du gogora hark: «Nik gogoan dut lehenengoz abesten entzun nizun eguna. Andolin Eguzkitzak Jon Miranderen Orhoituz liburua argitaratu zuen, eta zu, gitarra hartu, eta Kattalin abesten hasi zinen». Kantu horren errepika abesten hasi da segidan Ordorika: «Ene maite, ene maite, ene maite Kattalin…». Eta publikoa ere berehala jarri du kantuan. Etxeko egongelan egongo balira bezala, ordu eta erdi inguruko saio intimoa osatu zuten atzo iluntzean bi artistek. Erdi kontzertu eta erdi solasaldi moduko formatua izan zuen, eta publikoa gustura egon zen bien arteko askotariko istorioak entzuten. Aspalditik daude sarrera guztiak bukatuta. Bide horren lehen urratsa izan zen atzokoa, eta datozen hiru egunetako emanaldiekin borobilduko dute ibilaldia.

«Nik, egia esan, pentsatzen nuen Joseba prosan arituko zela gehienbat», bota du bat-batean Ordorikak. Gitarra hartu, eta Sarrionandiaren poematik sortutako Alberto Caeiroren bisita kanta jotzen hasi da zuzenean. «Kantu honek ekartzen dit gogora gizarte normal bat izateko gogoa genuela. Gizarte gatazkatsu batean bizi ginen, eta nolabaiteko kontraesan bat da abestia. Paradoxa moduko bat», azaldu du Sarrionandiak. 1975. urte inguruan idatzi zuen kantua Sarrionandiak, eta Gabriel Aresti izan dute gogoan saioaren hasiera horretan. Harekin izandako hartu-emana eta hari jasotako oinordetza nabarmendu dute bi artistek: «Erreferente handi bat izan zen». Pott banda literatur taldeko kide izan ziren Ordorika eta Sarrionandia 1970eko hamarkadako azken txanpan, Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde eta Jon Juaristirekin batera. Argitaletxe bat sortzea zen abiapuntuko asmoa, baina Pott aldizkaria egin zuten azkenean: sei zenbaki guztira, 1978tik 1980ra bitartean.

1980an atxilotu zuten Sarrionandia, ETAko kidea izatea egotzita. «Bildotsa zen Sarri guretzat, ez genuen izenik esaten», oroitu du Ordorikak: «Behin, etxeko buzoira joan eta Sarriren koaderno bat aurkitu nuen, osorik eskuz idatzia. Poema hau zeukan barruan, besteak beste», kontatu du musikariak. Galtzetan gordetzeko koplak abestu du jarraian, eta, kantuaren amaieran, azalpena eman du Sarrionandiak: «Puerto de Santa Marian idatzita dago olerki hori, 1981eko uda aldera. Kartzela berezi bat zen, máxima seguridad deitzen zutena. Giroa itogarria zen, oso gogorra, eta, halako egoeran, kideen arteko harremana ere ez zen izan onuragarria». Idazketa zen harentzat ihes egiteko bidea, eta hitzetan aurkitu zuen nolabaiteko babesa.

Hurrengo abestiaren lehen doinuak entzutearekin batera, eten egin du bat-batean Sarrionandiak: «Kontatu dezaket anekdota bat?». Ordorikak erantzun baino lehen erantzun dio publikoak. Jose Mari Sagardui Moja Gatza-ren Zaldi berdea memoria liburuko hitzaurrea idatzi zuen idazleak, eta gertaera hori hartu du abiapuntutzat: «Orduan ulertu nuen koiu hitzak hartu esan nahi zuela». Barrez erantzun dio publikoak, eta Sarrionandiaren erbestealdia izan dute gerora hizpide.

1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin ondoren, Ipar Euskal Herrian hartu zuen babes Sarrionandiak denbora batez. Hazparneko Elizaberri auzoan egon zen, eta, hain zuzen, bertan gurutzatzen dira Martin Larralde bertsolariaren eta Sarrionandiaren erbesteak. Kantu hori izan zen hurrengoa. Galdera bat dago erdigunean: «Itzuli izan balitz, zer?». Autorretratu bat da abestia. Bere buruaz ere mintzo baita Sarrionandia, Larraldez mintzo denean. Gizon bat hiltzeagatik eraman zuten preso Larralde, baina ezetz zioen berak; berak ez zuela inor hil. Epaitegiak errudun jo zuen, galeretara eraman zuten, eta etxetik urrun hil zen.

Hazparnetik Habanara

«Nahi duzu beste kantu bat?», galdetu dio Sarrionandiari musikariak. Buruarekin adostasun keinua egin dio, eta Lera zakurren balada abestiaren akordeak jotzen hasi da. «Lagun izoztua nobela ez dut esango gutxietsita dagoenik, baina bai iruditzen zait ez dela radarrean egon», aitortu dio musikariak. Isilik geratu da idazlea, eta honakoa gehitu du berehala: «Jo ezazu kantu alai bat». Barre egin du publikoak, baita Sarrionandiak berak ere. «Jo dezagun Habanako bat, beraz», erantzun dio musikariak. Hondartza galduan jo, eta honakoa aitortu du Sarrionandiak: «Dena da oso eklektikoa Karibean, nahaste-borrastea, eta jendea ere halakoxea da: ganorabako hutsa». Bugainbilen usaina testua errezitatu du Sarrionandiak, baina, aurrez, jakinaren gainean jarri du publikoa: «Bugainbila asko daude Habanan, baina, bai, arrazoi duzue: ez daukate usainik». Barrez lehertu da publikoa.

Tarte batez isilik egon ondoren, honakoa galdetu dio Ordorikari: «Zergatik egin zenuen Kubako disko hau?». «Zuengatik, nik uste», erantzun dio berehala. Kuban egindako birak harengan «eragin handia» izan zuela kontatu du musikariak: «Banuen gogoa han bizi izandakoaren lekukotasun bat uzteko, kantu bilakatzeko hango pasarte batzuk. Nire omenaldi xumea da». Haren ondotik etorri dira beste zenbait abesti. Tartean, Izen zaharrak.

Publikoa, gustura

«Ez dakit zer ordu den, amaitzen joan beharko dugu», esan du halako batean musikariak. «Goiz da oraindik, lasai», oihu egin du ikusle batek publikotik. Barre egin dute bi artistek, eta Sarrionandiaren errezital batekin eman diote amaiera saioari. Clarice Lispector idazle brasildarraren testu bat euskaratu du idazleak: Geure bortizkeria. Saio bakoitzerako testu jakin bat prestatu du, «bakoitzerako desberdina». Txalo zaparrada baten ondoren, amaiera eman diote: «Eskerrik asko gure arteko elkarrizketa entzuteagatik». Publikoa gehiago entzuteko gosez geratu dela dirudi, baina bozgorailuetako saxofoi doinuekin hasi dira pixkanaka euren eserlekuetatik altxatzen. Ostegunera bitarte, istorio gehiago entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.