Koronabirusa

Bihartik aurrera maskara ez da beharrezkoa izango Hegoaldeko garraio publikoan

Optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan ere nahitaezkoa izateari utziko dio.

Emakume bat tranbiara sartzen, maskararekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2023ko otsailaren 7a
12:51
Entzun

Izurria dela-eta ezarritako murrizketak duela urtebete utzi zituzten bertan behera Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baina bada ordutik mantendu den neurri bat: maskararena. Bada, bihar bertan behera geratuko da garraio publikoan maskara derrigor janzteko agindua, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Ministroen Kontseiluak gaur sinatuko du maskararen erabilera garraio publikoan ezeztatuko duen agindua, eta bihar sartuko da indarrean. Hala, aurrerantzean norberak erabaki ahalko du maskara jantzi ala ez. Optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan ere ez da izango ezinbestekoa.

Beste hainbat tokitan derrigorrezkoa izaten segituko du, ordea; osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan, hain zuzen. Horien artean daude farmaziak eta hortz klinikak.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak adierazi zuen egoera epidemiologikoa «oso egonkorra» dela, eta horregatik hartu zutela maskara garraio publikoan kentzeko erabakia. Urtarril erdialdean jakinarazi zuen laster helduko zela arintzea. Horiek horrela, azken asteetako datuei erreparatu ostean, debekua kentzeko urratsa egin dute. Dariasek esan zuenez, Gabonetan ere ez zen egon gorakada nabarmenik ospitaleratzeetan.

Miren Basaras EHUko mikrobiologia irakasleak BERRIAn egindako elkarrizketan adierazi zuenez, osasun sistemaren gaineko presioa «apaldu» izanaren ondorio da erabakia. Hala ere, zuhurtziaz jokatzeko deia egin zuen. Haren arabera, komeni da pertsona zaurgarrienek babes neurriak indartzea eta maskara erabiltzen jarraitzea. Aipatu zuen maskararen erabilera egokian jarriko lukeela orain arreta.

Maskararen erabileraren derrigortasunak hainbat gorabehera izan ditu Hegoaldean. 2020ko uztailean arautu zuten erabilera derrigortzea toki itxietan nahiz kanpoan, izandako agerraldi eta kasuen hazkundeak tarteko. Urtebete geroago, bertan behera geratu zen kalean maskara nahitaez erabiltzeko agindua, eta iaz eman zuten hurrengo pausoa. Hain zuzen, apirilaren 20an kendu zuten barrualdeetan maskara janzteko beharra, garraio publikoan eta osasun zentroetan izan ezik. Ordutik, irmo mantendu da neurria, orain arte.

Ipar Euskal Herrian, iazko maiatzaz geroztik ez da derrigorrezkoa garraio publikoan maskara jantzia izatea, «gomendatua» baizik. Osasun etxeetan soilik izan daiteke derrigorrezkoa, baldin eta zentro bakoitzeko arduradunak hala erabakitzen badu.

Hiru urte

Euskal Herriko egoera epidemiologikoa egonkorra dela jakinarazi dute, baina bada azken asteotan kezka eragin duen kontu bat: Txinako egoera. Herrialde horretan gora egin dute COVID-19aren kutsatzeek. Hala, urtarrilean leku itxietan eta garraio publikoan maskarak erabiltzeko gomendatu zien OME Osasunaren Mundu Erakundeak Europako herritarrei.

Duela ia hiru urte atzeman zituzten koronabirusaren lehen kasuak Euskal Herrian. Hain justu, 2020ko otsailaren 29an. Araban atzeman zuten kasu bat, eta Gipuzkoan bestea. Txagorritxuko ospitalean pilatu ziren kasu asko, justu gaitz horrentzat erreferentziazko zentroa izan behar zuen lekuan. Langileek kexuak eta protestak egin zituzten: babesteko materiala falta zutela salatu zuten. Ordurako, Txinan bazituzten 79.000 kutsatu eta 2.800 hildako inguru. Espainian 56 kasu ezagutzen ziren, eta Frantzian, 73. Europan, ordea, Italia zen okerren zegoen herrialdea garai hartan: bazituzten 29 hildako eta 1.128 kutsatu atzemanak. Azkar zabaldu zen gaitza herrialde guztietan; martxo bukaeran, ia 9.000 kutsatu atzemanak zituzten Euskal Herrian. Hiru urtean, gaitzak goitik behera zeharkatu ditu mundu osoko herritarren bizimoduak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.