Martins Licis letoniar-estatubatuarrak 32 urte ditu. Nazioarteko indar lehiaketa nagusietan aritu da azken urteotan: munduko gizonik indartsuenaren lehia irabazi zuen zuen 2019. urtean, Rogue Invitational txapelketa 2021ean, eta Arnold Strongman txapelketa aurten. Hori ez da aski izan, ordea, bere burua konbentzitzeko, eta Euskal Herrian egon da azken asteotan, harriarekin ere munduko gizonik indartsuena ote den frogatu nahian.
Murgiltze ereduan aritu da Licis harriaren hizkuntza ikasten. Urtarrilaren hasieran, Joseba Ostolazaren Harri Eskolan egon zen, Aian (Gipuzkoa).
Han, 130 kiloko harria hartzen utzi zioten, hasteko. Ez dirudi gauza handia, kontuan hartuta Licisek 460 kiloko pisu barra altxatu zuela 2018ko World's Ultimate Strongman txapelketan, edo 19.000 kiloko kamioi bat arrastaka eraman zuela 2015eko Giants Live Viking Challenge lehian. Baina Licisek han ikusi zuen harria bestelako piztia dela altxatzerako orduan. Zilindrikoa, borobila eta karratua... Bakoitza altxatzeak teknika berezia behar duela ikusi zuen. Baina Ostolazak laster ondorioztatu zuen Licisek berehala ulertu zuela harria. «Indarra sobran» zuela nabarmendu zuten lekukoek, eta «polikiago» aritzeko aholkatu zion trebatzaileak.
Bost asteko trebakuntzaren ostean, igandean egin zuen lehenengo jendaurreko erakustaldia munduko gizonik indartsuena izendatutakoak. Igandean Abadiñon (Bizkaia) saioa egin zuten probalekuan. Urdax Magunazelaiarekin kartelburu zen Licis, eta ezin izan zuen poza ezkutatu, 252 kiloko harria altxatzea lortu zuenean.
Martin Licis. Harrigarri pic.twitter.com/Aa1TRXBDD0
— Txetxu Urbieta (@TxetxuUrbieta) February 5, 2023
Ikusleen txaloak irabazi zituen letoniarrak, baina epai zorrotzagoak topatu zituen sare sozialetan. Txetxu Urbieta kazetariak Twitterren jarritako bideoari erantzunez, Licisen altxaldia balekoa izan ote zen zalantzan jarri dute hainbat txiolarik. «Zalantzarik gabeko nuloa», idatzi du batek. «Hori ez da balekoa!! Harria eutsi diote!!», salatu du beste batek. Harria orekatzen laguntzeko ukitu diotela nabarmendu dute: «Non ikusi da hori???».
Kasu honetan zorrotzen kritikak kamutsak direla ohartarazi du beste txiolari batek, ordea. Izan ere, erakustaldia egin zuten Abadiñon, ez txapelketa. Horregatik ez zegoen epailerik. Agian, ez legoke soberan harriarekin bost aste trebatzen baino egin ez duen kanpotarrarekin egonarri apur bat edukitzea.
Noski ez dala balekoa, etzeon epaileik, harrijasotzaileak miresten dituen eta entrenamendu express bat egin duen atzerritar baten erakustaldia baino ez da izan, lasai, ez digu koroarik lapurtuko, dedio..
— MozkorraBorroka (@mozkorra) February 5, 2023
A ze jendea, laostiya...
Licisek berak atzo Instagramen argitaratu zuenez, «primeran» ibili da Euskal Herrian, Strength Unknown erreportaje saiorako atal bat grabatzen. Beti eskertuko duela hemen egon izana. «Hoberenengandik ikasi, harri izugarriak altxatu, ohorezko txapel hau eraman, eta kultura eta herrialde eder hau ikusi izana neure bizitzako esperientzia izan da».
«Indarra burdinarekin neurtzen hasi aurretik, harriak zeuden». Licisekin Euskal Herrira etorri den Romark Weiss dokumentalgileak ere aipatu du harriaren tradizioa, Peru Harrira eginiko bisitaren irudiarekin. «Harria jasotzeko teknikan iraultza egin zuen Iñaki Perurena handiarekin ibiltzeko plazera eduki genuen».
Supergizakiak Euskal Herrian
Lehen ere, piztu izan dute herri kirolek nazioarteko indartsuen jakin-mina. 2008ko azaroan, Superhumans saioa grabatu zuen National Geographic kateak Elgoibarko plazan (Gipuzkoa), Craig eta Paul Pumphrey anaia estatubatuarrekin.
Euskal Herriko kirolariekin aritu ziren, trontzan, aizkoran, txingetan eta harriak jasotzen.
Halere, saioa hurrengo urtean eman zuten, eta albistea izan zen beste kontu batengatik: Elgoibarko plazan Euskal Herriarentzat autodeterminazioa eskatzen zuen pankarta zentsuratu baitzuen AEBetako kateak.