Gure Esku

Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida sustatzeko eskatu du Gure Esku-k Eusko Legebiltzarrean

Herritarren parte hartzea bermatuko duen eztabaida bati ekiteko eskatu die elkarteak talde parlamentarioei.

Josu Etxaburu, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 6a
12:32
Entzun

Gure Esku-ko eledun Josu Etxaburuk hartu du hitza Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, eta konpromisoak eskatu ditu «etorkizun politikoaren inguruko eztabaida» bati ekin diezaioten talde parlamentarioek. «Herri erronka» gisa definitu du afera, eta «etorkizunaren lema hartzeko» garaia dela aldarrikatu: «Libreki erabakitzea posible egingo duen prozesua abian jartzea behar du herri honek».

Gure Esku-k 2020ko martxotik 2021eko abendura bitarte egindako sinadura bilketaren ostean iritsi da agerraldia. Pandemia betean, elkarteak 21.389 sinadura bildu zituen, estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen eta Eusko Legebiltzarrak eztabaida prozesu bat hastearen alde. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko eskatu die Etxaburuk legebiltzarkideei, «milaka herritarren izenean».

Azaldu duenez, eztabaida «garden eta irekia» izan behar da, eta herritarren parte hartzea bermatu behar du. Era berean, helburutzat eduki behar du «eraikiko den erabakitzeko prozesua» herritarren parte hartzean oinarritzea, eta horretarako tresnak aurreikustea. Gainera, eskatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren borondatea berresteko galdeketa bat ere txertatzeko. «Gure Esku-k erabakitzeko eskubidea lege bihurtzeko urratsak nahi ditu».

Eztabaida zentratzeko bi galdera ere jarri ditu Gure Esku-k mahai gainean. Batetik, Etxaburuk galdetu du ea euskal herritarrek duten erabakitzeko ahalmenak balio ote duen «egungo eta etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko». Besteak beste, Usansolo (Bizkaia) herri bilakatzeko prozesuak dituen oztopoak, klima larrialdiari aurre egiteko gaitasun falta eta euskararen aurkako ebazpen judizialak aipatu ditu. Izan ere, Etxaburuk azaldu du errealitatea «tematia» dela, eta jokoan dagoena «eguneroko bizitza hobetzeko ahalmena» dela.

Bigarren galderak lurralde arteko harremanei egin die erreferentzia: «Euskal herritarrok gustura al gaude geure artean eta euskal lurraldeen artean ditugun harremanekin?». Horrekin batera adierazi du ea ez ote litzatekeen onuragarriago izango harreman horiek sendotu eta «beste maila batera» igarotzea. «Etorkizunaren jabe izan nahi badugu, premiazkoa da gogoeta zintzo baten ondoren neurriak zehaztea eta hartzea», gehitu du.

Beraz, xedea da herritarrek «menpekotasunik gabe» hautatzea Euskal Herriaren etorkizun politikoa eta gainerako lurraldeekiko harremanak, eta horretarako beharrezko tresnak eskura izatea. Bide horretan, Gure Esku-k beharrezkotzat jo du erakundeen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana, eta Etxaburuk gehitu du hark hiru oinarridun «zoru komun bat» izan behar duela: bizikidetza demokratikoa, erabakiaren kultura eta adostasunaren kultura. Elkartea, gainera, prest dago «jarrera aktibo eta proaktibo» bati eusteko, eta horretarako adostasunak josten jarraitzeko.

Etxaburuk azaldu du erabakitzeko eskubidea «adostasun esparru bat» dela euskal gizartean, eta hala izan beharko litzatekeela jardun politiko-instituzionalean lanean ari direnen artean ere. Haren hitzetan, estatus politikoaren inguruko eztabaida «behin eta berriro» atzeratu da, eta «zezenari adarretatik heltzeko» garaia da jada. Gainera, azaldu du ez dela hutsetik abiatu behar. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak 1990ean eta 2014an onartutako legez besteko proposamenak aipatu ditu. Bi kasuetan, gehiengo parlamentarioak autodeterminazio eskubidearen alde egin zuen.

Eskaerak aztertzea

EAJko parlamentari Jon Andoni Atutxak adierazi du jeltzaleek aztertuko dituztela Gure Esku-ren eskaerak, eta aferaren inguruan lan egiteko prest daudela. EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek, berriz, eskakizunak aintzat hartzeko eskatu die gainerako legebiltzarkideei ere, eta herritarrak era ordenatuan entzutea ezinbestekotzat jo du: «Autodeterminazio eskubidean sinesten dugu, eta erabakitzeko eskubideak demokratizatu egiten du eskubide hori».

Elkarrekin Podemos-IUko kide Iñigo Martinezek azaldu du koalizioarentzat garrantzitsua dela estatus berriaren inguruko eztabaidari ekitea, baina «borondate politikoa falta» dela hari heltzeko.

Kontrara, Voxeko Amaia Martinezek eta PP+Ciudadanoseko Luis Gordillok erabakitzeko eskubidearen kontzeptuaren aurka egin dute, eta salatu dute Gure Esku-k aurkeztutako planteamenduak legez kanpo daudela. Antzera aritu da PSE-EEko Miren Gallastegi legebiltzarkidea ere. Haren ustez, elkartearen helburuak ez dira «euskal herritarren interesekoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.