Musika

Inoiz sari gehien irabazitako artista bilakatu da Beyonce

Los Angelesen banatu dituzte bart musikaren sariak. Harry Styles abeslariak urteko diskoaren saria eraman du

Beyonce, kontzertu batean. ANDREU DALMAU / EFE
2023ko otsailaren 6a
08:39
Entzun

«Saiatzen ari naiz gehiegi ez hunkitzen», adierazi du bart Beyonce abeslariak, Los Angelesen (AEB) Grammy sariak banatzeko ekitaldian. Ohituta dago musikaria halako sariak jasotzen, baina aurtengoak badu esanahi berezia: 32. saria da, eta, horren bidez, Beyonce da historian Grammy gehien jaso dituen artista.

Iaz argitaraturiko Renaissance diskoarengatik eman diote azken saria Beyonceri. Musikariak esan duenez, LGTBQ komunitatearekin izan duen loturak eta familian GIB birusak eragin duen minak bultzatu dute disko horretako musika sortzera. Osaba homosexual bat hil zion hiesak artistari.

Azken bi hamarkada pasatxotan, George Solti orkestra zuzendaria izan da Grammy gehien zituen musikaria (31).

Lau sari jaso ditu Beyoncek ekitaldian, eta berandu heldu da horiek jasotzera, trafikoarekin arazoak izan dituelako.

Edonola ere, gaua ez da erabat borobila izan artista estatubatuarrarentzat. Aurten ere, ihes egin dio urteko diskorik onenari emaniko sariak.

Harry Stylesek irabazi du hori, Harry's House diskoarengatik. Apal mintzatu da artista ingelesa saria jasotzean. «Halako gauetan, bistan da garrantzitsua dela guretzat gogoratzea ez dagoela 'hoberena' esaterik musikan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.