Pandemiak eta Ukrainako gerrak baldintzatutako urteen eraginez, produkzio kostuak handitu izana da Gipuzkoako enpresarien kezka nagusia, Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak egindako inkesta baten arabera. Lehen lekuan, lehengaien eta energiaren prezio handiak jarri dituzte, baina diote bigarren buruhausterik handiena «lan kostu handiak eta soldata igoerak» direla. Horien ostean, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera daude.
Bestalde, Gipuzkoako ekonomiak 2023an izango duen hazkundearen aurreikuspena ere egin du Adegik. Haien kalkuluen arabera, herrialdeko barne produktu gordina %0,5 eta %2 artean handituko da aurten, eta 2.000 eta 2.500 enplegu artean sortuko direla uste dute. Hazkunde «apala» egongo dela uste du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak: «Hazkundea bai, baina hazkunde apalagoa». 2022an ekonomiak izan duen hauspoaren azpitik dago aurtengo aurreikuspena, %4 handitu baitzen BPGa iaz. Hein handi batean, ulergarria da aurten hazkundea jaistea, 2020. eta 2021. urteak oso zailak izan baitziren, pandemiaren ondorioz izandako geldialdiagatik, eta 2022an urte horietan galdutako zati handi bat errekuperatu zen.
Oro har, Gipuzkoako enpresen konfiantzak «pixka bat» gora egin duela adierazi du Aierzak. Hori dela eta, enpresen erdiak baino gehiagok diote euren merkatua normaltasun egoeran dagoela, eta %34k diote berraktibazioa ikusten dutela.
2022ko azken hiruhilekoan %5,8 handitu zen enpresen fakturazioa, urte bereko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta. Igoera hori bi faktore nagusirengatik gertatu dela iritzi du Adegik: lehenik, metalaren industriak kanpoko merkatuan izan duen «erreboteari esker», eta, bigarrenik, prezioen igoerari esker.
Enpresarien kezken artean, lan kostuen igoera bai, baina langileen erosteko ahalmenaren galera agertu ere ez da egiten. Horri buruz, Aierzak dio enpresari guztiak daudela kezkatuta inflazioarekin, baita orokorrean produkzio gastu igoerarekin ere. Industrian soldatak KPIaren arabera igo direla gogorarazi du Aierzak, eta iritzi dio enpresek «esfortzu handia» egin dutela langileen erosteko ahalmenari eusteko.
2020ko kopuruetara gerturatzen
Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak adierazi du egun jada pandemiaren aurreko datuetara iritsi dela Gipuzkoa enpleguan. Arlo horretan, egoera pandemiaren aurretik baino %1,3 hobeto dagoela dio Sasigainek. Hala ere, adierazi du oraindik ez dela lortu pandemiaren aurreko BPGa berreskuratzea, baina dio 2023rako aurreikuspen baikorrena (+%2) betetzen bada 2020 hasierako datuetara iritsiko dela. Hala ere, aurreikuspen ezkorrena (%0,5) betetzen bada, «nekez» lortuko da 2020 hasierako BPGa, Sasigainen hitzetan.
Metaleko hitzarmena
Bizkaiko metalgintzako hitzarmena berritzeko akordioaren ostean, Gipuzkoaren txanda da orain. Sindikatuak hasi dira euren proposamenak egiten, eta negoziazioen garaia dator datozen asteetan. Negoziazioak hasi besterik ez direla egin adierazi du Aierzak, horregatik ez du oraindik baloraziorik egin nahi. Hala ere, azken negoziazioetan bezala, akordioa «gatazkarik gabe» lortzea espero du: «Negoziazio prozesu bat hasten dugun bakoitzean, akordio bat lortzeko jarrerarekin hasten dugu, eta, nola ez, modu ordenatu eta gatazkarik gabeko batean. Enpresentzat eta bertako pertsonentzat akordiorik onena lortzen saiatuko gara».