Zaurgarritasuna

Aukera berberak izateko eskubidea

Bizkaian hamar adingabetik bat pobre bizi da, eta hamarretik biri ongizatea falta zaie. Halako zaurgarritasun egoerei erantzun eta umeei aukera berriak eskaintzeko, zenbait egitasmo dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiak ez ezik, Save The Childrenek eta Gurutze Gorriak.

jarraia223913.jpg
Mikel Garcia Martikorena.
2023ko otsailaren 3a
10:49
Entzun

Gobernuz kanpoko erakundeek eta instituzioek hamaika aldiz erabiltzen duten terminoa da zaurgarritasuna; batez ere, adingabeez hitz egitean. Baina zer esan nahi du, zehazki? Eragile askoren arabera, zaila da ulertzen eta definitzen. Iker Fernandez Perez bost urtean ibili da adingabeen gizarte bazterketaren inguruko gaietan lanean, gizarte hezitzaile bezala, eta, haren ustez, gizarteak zaurgarritasunaz duen ideia ez dago “guztiz lotuta errealitatearekin”: “Zaurgarritasunari buruz pentsatzerakoan, muturreko pobrezia datorkigu burura; etxegabeetan pentsatzen dugu. Baina errealitatea oso ezberdina da, aldaera asko dituelako. Dituzten beharrizanak ase ezin dituzten pertsonak dira”. Bizkaian hamar adingabetik bat pobre bizi da, eta bik ez dute ongizaterik.

Victor Gutierrez Bizkaiko Gurutze Gorriaren presidentea eta Charo Arranz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Save The Childreneko zuzendaria ados daude terminoak askotariko egoerak hartzen dituela barnean. Are gehiago, Gutierrezen ustez, “adingabe orok” du zaurgarritasun puntu bat: “Adingabeek ezin dute lanik egin. Askotan, haien iritzia ez da kontuan hartzen; isilik geratu behar dute egoera askotan, eta zenbait eskubide ez zaizkie bermatzen”. Horregatik, haurren zaurgarritasunari aurre egiteko, uste du “adin bereko jendeak dituen aukera berberak ez izatea” dela kontuan hartu beharko litzatekeen definizioa. Hori egunerokora eramanez, “etxean hotza pasatzea edota haragia eta arraina astean hiru aldiz ezin jatea” dela dio Gutierrezek.

Arranzek, bestalde, definizio jakin bat erabili baino nahiago du adibide eta ezaugarri batzuekin lan egin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Save The Childreneko zuzendariaren iritziz, egoera zaurgarrian edo gizarte bazterketan erortzeko arriskuan dauden familiak dira, besteak beste, argindarra ordaintzearen edo janaria erostearen artean erabaki behar dutenak; seme-alabei zinemarako sarrera bat ordaintzeko aukerarik ez dutenak; ikasketekin laguntzeko adina baliabide ez dituztenak; eta, “muturreko kasuetan”, etxegabetzeko arriskuan dauden familiak.

Gaian adituek ere adingabeen zaurgarritasuna mugatzeko zailtasunak dituztenez, zaila da jakitea Bizkaian zenbat haur dauden egoera horretan. Erakunde eta elkarte bakoitzak bere datuak ditu. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, iazko abenduaren 31n foru Haurtzaro Zerbitzuak 2.589 espediente zituen, eta horietatik 308 harrera familietan zeuden. GKEen txostenen eta egunerokoan egiten duten lanaren arabera, ostera, “askoz ume gehiago” bizi dira halako egoera “latzetan”.

Gutierrezek dioenez, Bizkaiko familien %25 gizarte bazterketa jasateko arriskuan daude. Save The Childrenen datuek antzeko emaitzak dauzkate: ongizate falta bost haurretik batek pairatzen du. Harago doaz, baina, Arranzen taldeko ikerketak; diote Euskal Autonomia Erkidegoko —GKEaren ikerketek eremu hori hartzen dute— adingabeen %13,7, pobre bizi direla; “eta Bizkaiko egoera ez da aldentzen datu horretatik”. Gurutze Gorrian “ezinezkoa” dute jakitea zenbat adingaberi laguntzen dieten; dena dela, Gutierrezek nabarmendu du 8.000-10.000 ume inguru izan daitezkeela.

“Ilararen amaiera”

Definizio beste arrazoi ditu adingabeen zaurgarritasunak. Halako egoeren ondorioz, adingabeak “atzean gelditzen dira”, Gutierrezek dioenez, eta, askotan, “familia eta eremu jakin batean jaio izana” da arrazoi bakarra: “Bizkaian hori argi ikusten dugu gure eragin esparruarengatik: ekintza gehiago ditugu Ezkerraldean Eskuinaldean baino. Horrek argiki adierazten du jaiolekuak nola eragiten duen norberaren egoeran”. Hori baieztatu arren, azpimarratu du pobreziak ez duela “profil jakinik”; uste du gehituz doazen ezaugarriak direla. “Hamaika arrazoi daude ilararen bukaeran amaitzeko, eta, bertara heltzen zarenean, oso zaila da irtetea”.

Gutierrezek azaldu duenez, arrazoi horien artean daude, esaterako, emakumea izatea, seme-alabak izatea, migratzailea izatea edota ama soilik izatea umeen arduradun. Ezaugarri horiek guztiak metatuz doaz, eta egoera gero eta zaurgarriagoa bilakatzen da. Arranzek dio pobrezia seme-alabak dituzten familietan metatzen dela; hortaz, jaiotzen direnetik daude bazterketatik pauso bat gertuago.

Ilararen bukaeran daudenean agertzen dira “saiatzearen eta meritokraziaren diskurtsoak”, Gutierrezen iritziz. Baina, Bizkaiko Gurutze Gorriko presidenteak gaineratu duenez, ez da “saiatu” ez direlako, “baizik eta bizitzan hamaika traba” izan dituztelako. Eragozpen horien eraginez, etorkizunean bizi kalitate okerragoa izaten dute, pobrezia eta zaurgarritasuna “hereditarioak” direlako, Arranzek dioen moduan.

Gutierrezek dio halako egoera zaurgarrien ondorioak direla, besteak beste, osasun arazoak, bizi kalitate txarra eta bizi itxaropen laburra: “Halako egoeretan hazitako adingabeek probabilitate handia dute eskuz lan egin behar duten lanpostu batean jarduteko gerora, gorputzari asko eskatuz eta txandaka lan eginez. Bizi urteak kentzen dizkie horrek”. “Ezinezkoa” zaie osasun publikotik at dagoen ezer eskuratzea; hori dela eta, buruko osasuna “alde batera” uztera behartuta egoten dira. Baina arazoa ez dago soilik buruko osasunean. Arranzek azpimarratu duenez, betaurrekoak lortzeko “zailtasun handiak” dituzte familiek askotan, ezin dituztelako ordaindu.

Hezkuntzarekin askatuz

Iker Fernandez Gizarte Hezitzaileak dio adingabe horiek “estigma bat” dutela, “maldan gora” jartzen zaiela bizitza. Hori saihesteko eta pobreziaren zirkulutik ateratzeko bide bakarra hezkuntza dela esan du Arranzek. Hori dela eta, bultzatzen dituzten ekintza guztietatik bat azpimarratu du: CRIA haurtzaroko eta nerabezarorako baliabideen zentroa —gaztelerazko sigletatik—. 6 eta 14 urte bitarteko adingabeekin egiten dute lan. 2019an sortu zen, eta orduan 47 ikasle zituen bakarrik. Haurrak astean hiru aldiz bertaratzen dira, bizpahiru orduz, ikasketekin lagundu diezaieten. Horrez gain, klasetik kanpoko irteerak dituzte.

Antzeko proiektua du Gurutze Gorriak Bizkaian: hezkuntza bikaintasuna sustatzeko ekinaldia. Horietako bat Bilboko Abando auzoan dago. Marina Fernandez psikologoa da arduraduna. Dioenez, ekinaldia garrantzitsua da trabak deuseztatzeko: “Estigmatizazioa, batzuetan, irakasleengandik dator. Ulertu behar dute umeak ez direla arazo bat haientzat, erronka bat baizik”. Eurenean, eskolako lanak egiteaz gain, beste hamaika gai lantzen dituzte: “Euskaraz hitz egiten dugu, kulturartekotasuna sustatu, eta feminismoa, arrazakeria eta halako gai sozialak aztertzen ditugu”. Askaria ere ematen diete haurrei, eskolako bazkariarekin batera gutxienez bi otordu izan ditzaten.

Bi erakundeen ekintzek, halaber, bestelako esparruetan eragiten dute; politikoan, esaterako. Gutierrezek eta Arranzek onartzen duten arren aldundiak gauza asko ondo egiten dituela, beste batzuk hobetzeko daudela diote. Gutierrezek gogorarazi die adingabe horiek haien ardura direla, “biztanle guztien ongizatea bermatu behar baitute”.

Eskatzearen tabuak

“Oso problematikoa da norbaitek zu laguntzeak gehiago baztertzen zaituenean”, dio Gurutze Gorriko Bizkaiko presidenteak. Haren esanetan, oso erraza da haur bat “seinalatzea” Gurutze Gorrira doalako: “Jada konplexua den bizitza bat konplexuago bihurtuko da”. Tabu horiek apurtze aldera, ikastetxeekin hasi ziren elkarlanean: “Hasieran, gizarte zerbitzuek adierazten ziguten zer haur lagundu, baina soslai bakarreko umeez bete zitzaizkigun gelak. Ghettifikazio hori murrizteko, ikastetxeekin lanean hasi ginen soslai hartatik kanpo zeuden haurrak gerturatzeko”. Horrela, elkarrekin nahastu dituzte, eta, horri esker, “zaurgarriak diren umeak babestu” dituzte.

Seinalatuta sentitzeak eragiten duen lotsak “zaildu” egiten du laguntza eskatzea. Hori nabaritu du, behintzat, Charo Arranzek. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Save The Childreneko zuzendariak dioenez, jendeari orokorrean “oso gogorra” egiten zaio laguntza eskatzea: “Jendeak oso gaizki pasatzen du laguntza eskatu behar duenean. Oso gogorra da onartzea txirotasun edo bazterketa egoera batean zaudela”.

Estigma hori gehienetan familiek beraiek dutela dio Arranzek. Izan ere, gizarteak “azkar sentitzen du enpatia umeekin”, eta ez ditu “bereziki” estigmatizatzen. Ezberdina da, halere, nerabe migratzaileen kasua: “Argi ikusten da errefuxiatuekin nola jokatu den. Afrika iparraldetik edo Venezuelatik datozenei trabak jartzen dizkiegu, baina ukrainarrak besoak zabalik hartu ditugu. Ez dut esaten azken horiek laguntzarik behar ez dutenik, baina lazturan ere zortea eduki behar duzu jaioterrian”. Arranzek espero du estigmatizazioa bukatzea, ez soilik “gizarteak hobera egin duelako”, baizik eta baita Save The Children Gurutze Gorria eta tankera horretako erakundeak “beharrezkoak ez diren eguna” heldu delako ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.