Bittor San Millan

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. JON URBE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko otsailaren 3a
10:10
Entzun

Astelehenean inauguratu zuten Ondarroan Antiguako Ama itsas arrantzako eskolako egoitza berria, lehen Txomin Agirre ikastola egondako tokian, hain zuzen —biak Bilboko Elizbarrutiaren ikastetxeak dira—. Irailean egin zuten egoitza aldaketa, ikasturtea hastean, eta ordutik da Bittor San Millan (Portugalete, 1964) eskolako zuzendaria. “Orain arteko ildoei eutsiko diet, oso lan ona egin baita, eta, ahal den neurrian, hobetzen ahaleginduko naiz”.

Jaiotzen jaitsierak eragindako matrikulazio beherakadaren ondorioz zarratu zuen elizbarrutiak Txomin Agirre ikastola, 2019an. Zuek zelan zaudete?

Gaur egun, 130 bat ikasle ditugu. Lau gradu eskaintzen ditugu, bi erdi mailakoak eta bi goi mailakoak. Itsasertzeko Nabigazioa eta Arrantza erdi mailako gradua eskaintzen hasi garenetik, gora egin dute matrikulazioek, eskaintza handitu baitugu. Baina, bestela, berdintsu eusten dio. Gure eskaintza baino handiagoa da jasotzen dugun eskaera kopurua.

Zelakoak dira zuen ikasleak?

Lea-Artibaitik etortzen dira: Ondarroatik eta Lekeitiotik. Bermeotik ere bai. Gipuzkoatik ere etortzen dira hainbat. Euskal Herritik kanpo, Balear uharteetatik eta baita Galizian hasi eta Kantauri aldeko erkidego guztietatik ere.

Euskal Herritik kanpoko leku horietan ez dago eskolarik?

Egon badaude, baina gu erreferente bat gara arrantza munduan.

Hetel EAEko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteak —Antiguako Ama kide da— martitzenean esan zuen: ikasleen %80k lana topatzen dute ikasketak bukatu eta sei hilabete igaro baino lehen. Zuenean ere bai?

Gurean ere bai. Hemen ikasten dutenak itsasora edo lehorrera joan daitezke lanera. Itsasora joaten direnak offshore itsasontzietara joan daitezke, arrantzontzietara, portuetako atoiontzietara, aisialdirako itsasontzietara… Ez da bakarrik arrantza, nahiz eta gure eremuan indar handia daukan. Makina arloan, hemendik ateratzen diren profesionalek denetarik ikasi dutenez, mantentze lanetarako asko eskatzen dituzte lehorrean; beraz, itsasontzietan makinista aritu daitezke, edo lehorrean mantentze lanetan. Ez dut esango gure ikasleen artean langabeziarik ez dagoenik, baina hemendik irteten direnek oso erraz eta arin topatzen dute lana.

Portuan gizonak eta andreak ibiltzen dira, baina, oro har, definituta dago zeintzuk diren batzuen eta besteen egitekoak. Zuenean zer gertatzen da?

Lanbide hau oso maskulinizatuta dago. Goi mailako zikloetan, bietan, emakume bana dugu. Zaila da, baina noizean behin etortzen dira emakumeak eskolara.

Lau graduez gain, hezkuntza ez-arautuari dagokion prestakuntza ere eskaintzen duzue, ezta?

Arratsaldeetan, ziurtagiri profesionalak lortzeko ikastaroak eskaintzen ditugu. Gure sektorean beharrezkoak dira: itsasora joateko, titulazio akademikoaz gain, beste ikastaro berezi batzuk ere eskatzen dituzte, eta haiek barik ezin zara itsasoratu. Horrez gain, beste ikastaro batzuk ere eskaintzen ditugu; esaterako, mediku zaintza aurreratuarena.

Ethazi metodologia erabiltzen hasiko zaretela iragarri duzue. Zer da? Eta zer ekarriko du?

Lanbide Heziketan duela hainbat urte ezarritako metodologia bat da. Guk aurten ezarriko dugu, eta erronkei lotutako ekintzetan datza. Hau da, ikasleari erronka bat planteatzen zaio, eta hura gainditzeko bideak bilatu behar ditu. Ikasleak lanean parte hartzea bultzatzen da, modu aktiboan.

Zuenean alde praktikoa oso garrantzitsua izango da, ezta?

Alde teorikoa oinarrizkoa da, baina berehala hasten gara alde praktikoa lantzen. Hemen baditugu makinak: tornuak, fresatzeko makinak, soldagailuak, hozkailu industrialak, benetako motorrak… Oso praktikoa da. Beste eremu batzuetan, simulagailuak erabiltzen ditugu. Tresna berriak dira guretzat. Badaukagu nabigazio eta arrantza simulagailu bat, eta baita makina arlokoa ere. Esaterako, zubiari dagokion simulatzailean, badirudi benetako itsasontzi bateko zubian zaudela. Arlo pedagogikoan, ezinbesteko baliabideak dira guretzat.

Arestian esan duzu arrantzak oraindik indarra duela, baina Bizkaian, oro har, gero eta ahulago dago sektorea. Ondarroan bertan, berbarako, baxura desagertzeko zorian dago. Zer eragin izango du zuenean?

Azken urteetan gertatzen ari den fenomeno bat da. Zer egin dezakegu guk egoerari buelta emateko? Hemendik profesional berriak atera, eta flota horri eutsi. Zelan? Oso formakuntza ona duten eta lan honetarako gogoa duten profesionalak sortuz.

Itsasoa gogorra da, eta, ondorioz, gazte askorentzat ez da bereziki erakargarria.

Gogorra da, bai, baina beste lan asko ere bai. Itsasoa ez da edonorentzat, baina, agian, ez da edonorentzat eguna mahai baten aurrean eserita igarotzea ere. Horregatik aurkitu behar ditugu itsasoa gustatzen zaien gazteak; itsasoko lan gogorretan ibiltzea gustuko dutenak eta horretarako prest daudenak topatzea da erronka.

Gazte horiek bilatzera joan beharko duzue, beraz.

Orain arte, berez etorri izan dira. Askotan, itsasoan ibilitakoak dituzte familian, eta ondo ezagutzen dute itsasoko gizonen eta andreen bizitza. Baina, orain, gure erronka da gazteak halako ikasketetara erakartzea, gero itsasontzietan edo armadoreek behar dituzten lantaldeak osatzeko: patroi lanean, makinista, eta abar.

Sektorea asko aldatu da azken urteetan. Eskola ere bai?

Bai, baina gure erroei eutsi diegu; batez ere, ikasleenganako hurbiltasuna, laguntza… Gure irakasleek esperientzia handia dute: saiatzen gara itsasoan ibilitako esperientziadun jendea ekartzen gurean irakasle izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.