Auzitegi Gorenak berretsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal euskal presoari jarritako 24 urteko zigorra, eta, hala, ez ditu sinesgarritzat jo 2001ean Guardia Zibilak atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta izan ostean Sorzabalek egindako tortura salaketak.
Sorzabal Frantzian zen preso, eta 2022ko irailean Espainiaratu zuten, Auzitegi Nazionalak eskatuta, Frantziako justizia administrazioak ezarritako zigorra bete ostean. Espainiako Auzitegi Nazionalak 24 urte eta erdiko zigorra jarri zion iazko otsailean egindako epaiketan. ETAk Gijonen (Espainia) eginiko atentatu batean parte hartzea leporatu zioten. Presoak torturak salatu zituen epaiketan.
Abokatuek helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, uste baitzuten hari ere Atristain doktrina aplikatu ahal zaiola. Xabier Atristainen kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak haren eskubideak urratu zituela, ez baitzioten utzi konfiantzazko abokatua aukeratzen. Gorenaren arabera, ordea, ez da nahikoa torturak gobernuz kanpoko erakunde baten aurrean salatzea, eta horrek ez du «egiaztatzen» pairatu dituenik. Nahiz eta aitortu duen atxilotuak bere abokatuarekin komunikazioa izateko eskubidea oinarrizkoa dela, erantsi du komunikazio horri «muga» batzuk jar dakizkiokeela «terrorismo» kasuetan.
Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak eta Amnesty Internationalek egiaztatutzat jo zituzten Sorzabalen tortura salaketak, eta defentsak txosten horiek aurkeztu zituen Gorenean. Epaimahaiak Europako Kontseilua eta Amnesty International goraipatu ditu, baina horiek Sorzabalen torturei buruz eginiko txostenen inguruan esan du dokumentu horiek ezin direla «akritikoki onartu».