Emazteek abortatzeko duten eskubidea Konstituzioan idaztearen alde agertu zen atzo Frantziako Senatua. 166 boz alde izan zituen neurriak, eta 152 boz aurka.
Senatariek onartu testuak Frantziako Konstituzioko 34. artikulua osatuko luke. Hau da onartu zuzenketa: «Legediak ipintzen dituen baldintzetan emazteak haurdunaldia amaitzeko askatasuna du». Orain, Frantziako Asanblea Nazionalak berriz bozkatu beharko du.
Mathilde Panoten eskuetatik, Intsumisoak taldetik, iritsi zen proposamena. Azaroan jada lehen aldiz onartu zen Asanblea Nazionalean, baina ez zen guztiz berdin idatzia: «Legediak haurdunaldiaren geldialdi deliberatuaren eskubidearen egingarritasuna eta edozeinentzako eskuragarritasuna bermatzen du». Senatuak, berriz, ez zuen onartu formulazio harekin. Errepublikanoetako Philippe Bask berridatzi zuen atzo onartu zen zuzenketa.