Mugimendu feminista

Zaintza sistema «eraldatzeko» asmoz, borroka dinamika bati ekingo dio mugimendu feministak

«Epe luzerako prozesu» bat proiektatu du, eta lehen mugarria martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea du xede mobilizazio dinamikak.

Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko otsailaren 1a
12:49
Entzun

«Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko. Ezin dute jarraitu ikusezin eta merkantilizaturik». Euskal Herriko mugimendu feministak hausnarketa hori egin du gaur goizean, Gasteizen, agerraldi batean. Denon bizitzak erdigunean lelopean egin du prentsaurrekoa; hain justu ere, goiburu bera izango du gaur egungo zaintza sistema «eraldatzeko» asmoz aktibatuko duen borroka dinamikak. Euskal Herriko mugimendu feministak indarrak batu nahi ditu zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin. «Aliantzak bultzatu nahi ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin», azaldu dute. Horiek hala, «epe luzerako prozesu» bat proiektatu dute, eta lehen mugarria martxoaren 8an ezarri dute.

Gaur egungo zaintza sistema «krisian» dagoela eta krisi horrek «aurpegi ugari» dituela ohartarazi dute mugimendu feministako kideek, eta egoeraren argazkia atera dute. Uste dute krisia etxeko langileen «esplotazioaren» ondorio zuzena dela, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen dituztelako, eta lan baldintza «negargarriak» direla-eta sektorea «desarautua» dagoelako, eta langile migratu asko egoera irregularrean daudelako. «Horri guztiari gehitu behar zaizkio lanaren prekarizazioa eta langabezia, pentsio apalak, etxebizitzaren, gasolinaren eta oinarrizko beharren garestitzea». Haien iritziz, horrek guztiak «sakondu» egiten du krisi soziala. Eta gogoratu dute ezen etxean, lantokian eta harremanetan langile klaseko emakumeek sostengatzen dutela oraindik ere zaintza. «Denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu. Lanaldi bakoitzarekin, zerbitzu publiko urri eta prekarioak ordeztuz, denera iritsi ezinik, eta bidean gure bizitzak immolatuz».

Horregatik denagatik, «aktibatu» egin da berriro mugimendu feminista: «Zaintzak irauli nahi ditugu, dena aldatzeko». Horretarako, mobilizazio prozesu bat abiatuko dute. Uste baitute egungo krisia ez dela konponduko «azaleko soluzioekin», baizik proposamen eta neurri zehatzekin. Euskal Herriko mugimendu feministarentzat, zaintza «eskubide kolektibo» bat da, eta horren alde lan egingo du. Eskubide hori «mendekotasun egoeratik» harago doala azpimarratu dute gaur: «Zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko gaitasunaz ari gara. Eta zaintzaren erantzukizunari pribilegiozko egoeren bidez ihes ez egitea bermatzeaz ari gara». Finean, zaintza «erantzukizun sozial» bilakatzea nahi dute, «ez negozio bat», eta, bide horretan, gizartea eraldatzeko neurriak bultzatu nahi dituzte.

Mugimendu feministak dei egin die Euskal Herriko kide feminista guztiei herri eta auzoetan asanblada feministak aktiba ditzaten, prozesu horrekin bat egiteko. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi nahi dute, eta, hartarako, material sorta bat jarri dute online eskuragarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.