AHT-a

AHTaren tunel bat Lezetxiki barruan egin dutela salatu dute

Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak topatu diren lekua da Arrasaten (Gipuzkoa) dagoen kobazulo hori. Arrasate inguruko espeleologia zaleen talde batek egin du salaketa.

Hiru lagun Lezetxikin, urtarrilaren 28an, AHTaren tunela atzean dutela. BESAIDE MENDI ELKARTEA
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 1a
10:01
Entzun

«Bai, jaun-andreok, AHT abiadura handiko trenaren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta». Horixe salatu du Lezetxikiren Lagunak Arrasateko (Gipuzkoa) eta inguruetako espeleologia zaleen taldeak. Hango kideak urtarrilaren 28an heldu ziren tunela egin duten lekuraino, eta orduan egin zizkioten argazkiak «izugarrikeriari, guztiz atsekabetuta».

Lezetxiki Udalatx mendiaren inguruan dagoen kobazulo bat da, eta han aurkitu dira, oraingoz, Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak. Besteak beste, Behe Paleolitoko Homo heidelbergensis espezieko emakume baten humeroa topatu zuten han. 2014an jakinarazi zutenez, humeroak gutxienez 164.000 urte zituen, eta Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrena zen. Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak aurkitu zuten, duela 50 urte.

Lezetxikiren Lagunak elkartekoek ohar baten bidez azaldu dute euren bertsioa: «Espeleologia zaleok, Arrasate eta inguruotakook, bi urte dela konturatu ginen Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Barreneko galerietarako bidea berriki eroritako harri handiz zegoen estalita, guztiz. Garai hartan, AHTaren obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak eta horiek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen», hasi dira.

Aurtengo urtarrilaren hasieran, ordea, jabetu ziren barreneko galeria horietara sartu ahal izateko beste bide bat zegoela; duela astebete hasi ziren hura aztertzen, eta egin zuten lehen saiakera ere: «Etendako bidearen eta gainerako bideen gainaldetik igarotzen da guretzako ezezaguna zen pasabidea. Amaieran, 15 bat metroko jauzia du, azpitik datorren ohiko bidearekin batzen dena».

Jauzi horretara iristean heldu zen ezustekoa: «Kobazuloa ondo argiztatu eta inguruan genuena sinetsi ezinik gelditu ginen. Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena», azaldu dute espeleologia zaleek. Dena den, «astakeriarik beldurgarriena» harri askatzearen jatorriari erreparatu ziotenean ikusi zuten: «Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflaz osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu ondoren, AHTaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen».

Zati bat soilik

Lehen saiakera hartan saiatu ziren tuneleraino iristen, baina ez zuten material egokirik. Horregatik itzuli ziren hara urtarrilaren 28an, material egokiarekin, argazkiak ateratzera.

Gehitu dutenez, ordea, ikusi ahal izan dutena eragindako kaltearen zati bat baino ez da: «Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTaren obrek kalte handiak eragin dituztela gure eskualdean: iturburuak agortu dituzte, errekak lohitu eta kutsatu, edota lur-jausien ondorioz errepideetan kalteak sortu», gehitu dute.

Amaitzeko, irmoki salatu dute «AHTaren lanek egindako enegarren triskantza»: «Onartezina da Lezetxiki modu horretan suntsitzea, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua dena eta guretzako kobazulorik kuttunena dena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.