Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko urtarrilaren 31
14:06
Entzun

«Neurri hori aplikatzera goaz». Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hitz horiek erabili ditu gaur, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei finantzaketa etengo zaiela iragartzeko. Atzo, Nafarroako Gobernuak bide beretik doan erabaki bat hartu zuen: irailetik aurrera, Nafarroako Gobernuak ez ditu diru publikoarekin finantzatuko batxilergoko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuak.

Orain arte ezin zitzaien ikastetxe horiei diru laguntza kendu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia bat tartean zegoelako, baina Bildarratzek azaldu du hori bertan behera utzi duela LOMLOE Espainiako hezkuntza legeak, bai eta itun berriekin Jaurlaritzak onartutako aginduak ere. Beraz, ikasleak sexuka bereizten dituzten ikastetxeei datorren ikasturtetik aurrera finantzaketa eteten hasiko da Jaurlaritza. «Ezin da egon finantzaketarik ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Eta guk hori aplikatuko dugu».

Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik: lau Bizkaian daude —Arangoya Bilbon, Ayalde eta Munabe Loiun, eta Gaztelueta Leioan—, eta bi Gipuzkoan —Eskibel Donostian, eta Erain Irunen—. Neskek soilik ikas dezakete Arangoyan, Ayalden eta Eskibelen, eta mutilak soilik hartzen dituzte Munabek, Gazteluetak eta Erainek. Ikastetxe horietan ez dira ikasleak sexuka banatzen Haur Hezkuntzan, baina bai Lehen Hezkuntzatik aurrera. Alde horretatik, eta neurri hori zer etapatan aplikatuko den zehaztu ez duen arren, azaldu du Jaurlaritzak dagoeneko jakinarazi diela ikastetxe horiei Jaurlaritzak «ezin duela onartu eta ez duela itunik egingo generoaren arabera bereizten duten ikastetxeekin».

Ikastetxe horiekin harremanetan da Hezkuntza Saila, «ahalik eta modu adostuenean» egiteko prozesu hori guztia, Bildarratzek azaldu duenez. Prozesua «berme juridikoekin» eta «curriculumaren garapenean eta hezkuntza integralean ahalik eta eragin txikienarekin» ezartzeko modua adosten saiatuko da Jaurlaritza.

Hezkuntza sailburuak azpimarratu du Jaurlaritzak ez duela «ulertzen» sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeek finantzaketa jasotzea: «Uler dezakegu familia batzuek banaketa egon behar dela uste izatea, baina ulergaitza da administrazio publiko batek horrelako sistema bat aplikatzen duten ikastetxeak finantzatu behar izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.