Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalera zentroak 18 euskal artista garaikideren 26 artelan erosi dituzte elkarrekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako ezohiko diru laguntza bat baliatu dute hirugarren urtez bilduma partekatua eskuratzeko. Guztira, 200.000 euroko laguntza izan dute, aurreko bi aldietan baino 50.000 euro gehiagokoa.
Hiru zentroek elkarrekin adostu dute zer obra erosi. Guztira, hamar emakume eta zortzi gizon sortzaileren lanak edo obra multzoak dira, eta hautatutako piezen artean margolanak, argazkiak, eskulturak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta beste daude. Artium izango da funts horren egoitza, eta gainerako museoekin partekatuko du bilduma.
Honako artista hauen lanak dira: Jose Ramon Ais, Ibon Aranberri, Nora Aurrekoetxea, Josu Bilbao, Leo Burge, Esther Ferrer, Elena Goñi, Ibon Landa, Laida Lertxundi, Ines Medina, Damaris Pan, Alberto Peral, Txuspo Poyo, Jose Antonio Sistiaga, Susana Talayero, Gentz del Valle, Begoña Zubero eta Alazne Zubizarreta.
Erositako obrak aurkezteko ekitaldia egin dute goizean Gasteizen, Artium museoan. Bertan izan dira, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Arabako diputatu nagusi eta Artium fundazioko patronatuko presidente Ramiro Gonzalez, Artium museoko zuzendari Beatriz Herraez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari Miguel Zugaza, eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal.
Programari jarraipena
Bilduma partekatuaren programa 2020an jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz, eta, azaldu duenez, helburu bera izan du orduz geroztik: «COVID-19ak gogor jotako sektore ezegonkorrean ekonomia arintzea, ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea, eta museoen eta euskal arte garaikidean espezializatutako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua indartzea». Orduan 150.000 euro bideratu zituen artelanak erosteko, eta beste horrenbeste jarri zituen iaz. Aurten, ordea, kopurua zertxobait handitu du.
Jaurlaritzak iragarri du, gainera, programari jarraipena emango diotela hurrengo urteetan ere, bilduma historiko-artistikoa osatzeak duen garrantziagatik. Eta, ezohiko laguntza baten ordez, aurrekontuetan horretarako diru kopuru bat gordeko dutela aurrerantzean. «Helburua da urtero-urtero euskal artisten lanekin bilduma osotuz joatea». Hiru urtean, guztira, 61 sortzaileren 117 lan erosi dira.