Hizkuntza eskubideak jomugan

Googlek erantzun du aztertuko duela bilaketa emaitzen diskriminazioa

Katalunian eta Euskal Herrian hainbatek salatu dute gaztelerazko emaitzak jasotzen dituztela Google euskaraz konfiguratua izan arren.

Euskarazko Wikipediaren ikustaldien jaitsieran ikusten da Googleren diskrimazioak izan duen ondorioa. EUSKARAZKO WIKIPEDIA
jon ordonez garmendia
2023ko urtarrilaren 25a
14:09
Entzun

Katalunian hasi zen salaketa, eta Euskal Herrian ere zabaldu da azken orduetan. Hainbat erabiltzek salatu dutenez, Google katalanez edo euskaraz konfiguratua izanik ere, gaztelerazko edukiak erakusten dizkie bilatzaileak, beste hizkuntzetako emaitzen gainetik. Abenduan eman zuten horren berri Vilaweb eta Sustatu.eus atarietan. Harrezkero, eta batez ere azken orduetan, hainbat erabiltzek eman diote horren berri Googleri sare sozialetan, eta hark gaur erantzun die kataluniarrei: bilaketen emaitzen diskriminazioa aztertuko duela esan du.

Zehazki esan du eskertzen eta ulertzen duela kezka adierazi izana eta lehentasun izango duela hori konpontzea. Horretarako, ordea, denbora beharko duela gaineratu du, bilaketa sistemak ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko. Katalunian hasi zen salaketa kanpaina, eta Euskal Herrian izan du segida. Lehenik ingelesez argitaratu zuten mezua zenbait erabiltzailek.

Ordu batzuen buruan, euskarazkoak iritsi ziren: «Kaixo, Google. Nire hizkuntza nagusia euskara da. Etsigarria da ikustea zerbait bilatzen dudanean, maiz, bilatzaileak euskarazko orrira bideratu beharrean, informazio bera duten gaztelaniazko orrialdeen esteketara eramaten nauela. Aztertu dezakezue zer gertatzen den? Milesker», idatzi zuen atzo Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Haren mezua kopiatu eta hainbat erabiltzaileek euren hormetan argitaratu dute atzo eta gaur.

Salaketa egiteaz gain, Euskarazko Wikipediak Googleri azaldu dio diskriminazio horren froga eta ondorioa zein den. Txio batean esan du, ingelesez, urtarriletik ekainera bitartean 92.613 ikustaldi izan zituela egunero, batez beste. Udan bisitak eguneko 70.485era jaitsi zirela dio. «Arrazoi posible bakarra bilaketa ereduan eta aurkitzeko gaitasunean izan den aldaketa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.