Musika, literatura, artea, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, bertsolaritza. Diziplina ugaritako profesionalak bilduko ditu datozen hilabeteetan Sormen Ola programak. 16 eta 29 urte arteko gazteentzat da, eta, hilean behin, euskal kulturarekin lotura duen gai monografiko bat landuko dute. Loraldiak eta EHUk elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzea du xede. Larunbatean egingo dute lehenengo saioa, Dantza garaikidea sustraietatik, eta maiatzera bitarte, beste lau tailer antolatu dituzte. Gaur goizean aurkeztu dute proiektua, EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon.
Iaz ekin zion Loraldiak Gaztea egitasmoari. «Gazte sormenari eremua zabaltzeko asmoz» abiatu zuten egitasmoa, Amaia Ozerin Loraldia jaialdiko komunikazio arduradunaren hitzetan: «Sortzaile izan nahi duten gazteei plaza eta formakuntza eskaintzea da helburua». Eta asmo horrekin antolatu dute orain Sormen Ola, EHUrekin elkarlanean.
Berez, Loraldiak udan abiatu zuen gazteen formakuntza eta profesionalizazioa sustatzeko lan lerroetako bat: Udako Ola sormen egonaldia antolatu zuten Lekeition (Bizkaia). Hitza, soinua, irudia eta gorputza landu zituzten, besteak beste, eta sortzaile profesionalek gidatu zituzten tailer horiek. Astebeteko bi txanda egin zituzten, eta, izandako harrera ikusita, segida ematea erabaki dute antolatzaileek.
Askotariko eskaintza
Hilean behin egingo dituzte tailerrak, larunbat goizetan, EHUren Bizkaia aretoan. 16 eta 29 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute, eta landuko diren gaiak monografikoak izango dira. Tartean, dantza, musika, arte eszenikoak, literatura, ikus-entzunezkoak eta irudiak.
Larunbatean egingo dute lehen saioa: Dantza garaikidea sustraietatik. Jon Maia Kukai dantza taldeko zuzendariak gidatuko du, eta tailerrak haren esperientzia propioa izango du abiapuntu.
Otsailaren 18an egingo dute bigarrena. Patxo Telleria aktore eta zuzendaria arituko da irakasle lanetan, eta Sormena arte eszenikoetan tailerra emango du. Telleriak Udako Olaekinaldian parte hartzeko aukera izan zuen, eta pozez gogoratzen du han izandako esperientzia: «Jendearen jarrera oso proaktiboa izan zen: gazteek ikasteko gogo handia zuten, eta ikaragarri ondo pasatu genuen». Dramaturgia landu zuen orduan, eta, oraingoan ere, bide beretik jarraituko du: «Dramaturgia zentzu akademikoan lantzen saiatu nintzen, eta, oraingoan ere, hala egingo dut: karamelu txiki bat da, ateak nolabait irekitzea barruan zer dagoen erakusteko».
Martxoaren 25ean, Joseba Sarrionandiaren eta Iholdi Beristainen txanda izango da:Literatura eta musika. Bakoitzaren bizipenak kontatuko dituzte solasaldian, eta hausnarketarako bidea zabalduko dute.
Apirilean, berriz, zinemagintza izango dute hizpide. Paul Urkijo zinemagileak Ikus-entzunezko garaikideak tailerra emango du, apirilaren 29an. Haren esperientziatik abiatuta, euskal zinemagintzaren egungo egoera ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Eta, azkenik, maiatzaren 27an egingo dute programako azken tailerra: Sormena hitzetatik eta irudietatik. Miren Amuriza bertsolari eta idazleak eta Amaia Egidazu idazle eta ilustratzaileak parte hartuko dute, eta «joskintza tailer» gisa definitu dute solasaldia.
Antolatzaileek aurreratu dute sarrera doakoa izango dela EHUren Bizkaiko campuseko ikasleentzat. Gainerakoek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte saio bakoitzeko. Izena emateko epea zabalik dago jada.