Sententzia irmoa da: Gasteizko Administrazio Auzitegiak Arkautiko akademia behartu du berriz hartzera bere momentuan euskarazko B2 maila ez egiaztatzeagatik lan poltsatik kanpo utzitako hautagaiak. Irailean hartu zuen erabakia auzitegiak, UGT sindikatuak lan poltsari helegitea jarri ondotik, eta orain irmoa da sententzia. UGTk adierazi duenez, administrazioak ez dio helegiterik jarri.
UGTk helegitean argudiatu zuen 2021ean egindako deialdi publikoak «diskriminatu» egin zituela euskarazko B2 maila aurkezterik izan ez zutenak, uste baitu, herritarrei euren hizkuntzan zerbitzua eskaintzeko gai ez diren arren, gaituta daudela «zenbait lanpostu» betetzeko. Auzitegiak arrazoia eman dio sindikatuari, eta adierazi du «diskriminaziozko tratua» jaso zutela eskatutako euskara maila egiaztatu ez zutenek.
Horrenbestez, auzitegiak Arkautiko akademiari agindu judizial bat igorri dio, eta sententzia gauzatu dezan eskatu. Bi hilabeteko epea eman dio arrazoi horrengatik lan poltsatik kanpo geratutakoak berriz hartzeko. «Ez du zentzurik gaztelaniadun herrietan lan egiten amaituko duten hautagaiak kanpoan uztea euskara maila altua egiaztatu ez dutelako», adierazi du Jose Luis Ahedo UGTko kideak.