Alderdi politikoak

Uxue Barkos izanen da Geroa Bairen lehendakarigaia, berriz ere

Lehendakarigaiak ohartarazi duenez, «gehiengo aurrerakoi eta anitz bat gabe, aise gal daiteke 2015ean erdietsitako aldaketa». Talde politiko horrek joan den ostiralean iragarri zuen alkatetzarako hautagaia: Koldo Martinez.

Uxue Barkos, Geroa Baik atzo Iruñean eginiko agerraldiaren amaian, Unai Hualde eta Koldo Martinez alboetan dituela. VILLAR LOPEZ, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urtarrilaren 23a
10:33
Entzun

Bide bera hartzea erabaki du talde politikoak. Atzera ere, Geroa Baik Uxue Barkos aukeratu du Nafarroako lehendakarigai izateko. Hala, iruindarra hirugarrenez izanen da kargu horretarako hautagai. Talde politikoak 2014an aukeratu zuen aurrenekoz lehendakarigai –lehendakari izan zen agintaldi horretan–, berdin egin zuen 2019an ere. Damurik ez, eta erabaki bera hartu dute orain. Igandean eman dute notizia, Iruñean eginiko ekitaldi batean.

Maiatzerako aurreikusitako hauteskundeei so, Barkos baikor antzean azaldu da, baina ohartarazpen ugari egin du izendapenaren ondoko hizketaldian. Batik bat, ohartarazi du «arrisku handia» dagoela azken urteotan eginiko zenbait aldaketa lehengoratzeko. «Gehiengo aurrerakoi eta anitz bat gabe, aise gal daiteke 2015ean erdietsitako aldaketa. Arrisku handia dago zerbitzu publikoetan lortutako guztia galtzeko, aniztasunaren aitortzan galerak izateko, azken urteotan eraikitakoa galtzeko». Gainera, nabarmendu du Geroa Bai «beharrezkoa» izan dela eraikuntza horietarako.

Halaber, zorrotz mintzatu da Nafarroan gaur egun dagoen giro politikoari buruz: «Nafarroak eskuinaren arteko gatazken agertoki izaten segitzen du». Atzera ere zuzendu du soa: «Nafarroan elkarrizketarik izateko kapaz izan ez denetan, eskuinak ez du lotsarik izan Moncloara, Genovara edo Ferrazera jotzeko, hemen lortu ez dutena han lortzen saiatzeko. UPNk ezin du jarraitu hala engainatzen». PSOEri ere hartu dio kargu. Barkosek azpimarratu du PSN «otzan» azaldu dela Espainiako Gobernuaren aginduen aurrean, eta kritikatu du 2019ko hauteskundeetan alderdia ez zela gai izan Iruñerriko zenbait udalen gainean negoziatzeko. «Zenbait alkatetza oparitu egin zituen, hala nola Eguesibarkoa eta Lizarrakoa».

Martinez: «Ez dut nahi Iruñea liskargune izatea»

Geroa Baik ostiralean iragarri zuen alkategaiaren izena: Koldo Martinez. Hark ere atzo egin zituen jakinarazpenaz geroztiko lehenbiziko adierazpen ofizialak. «Pozik» dagoela adierazi du, «konfiantzagatik». Halaber, dioenez, «alkate ona» izateko konpromisoarekin izanen da alkategai. Bazter utzi nahi du «polarizazioa», «dena gaiztotzen baitu». Argi aldarrikatu du hori: «Ez dut nahi Iruñea liskargune izatea».

Ikusi gehiago: Itzal luzeko alkategaiak Iruñean

Halaber, Martinezek aitortza egin die aurretik alkate izandako guztiei, bai Erinque Maiari, bai Joseba Asironi. Maiaz, esan du «asko» eman duela, nahiz eta haren gobernatzeko manera «guztiz kontrakoa» den Geroa Bairenarekin. Asironi buruz, Martinezek gogorarazi du 2015ean Geroa Baik «goraipatu» egin zuela haren izendapena, nahiz eta izan diren «zenbait desleialkeria».

Izen abizenak, argitzen

Maiatzekoak udal hauteskundeak eta gobernu hauteskundeak izanen dira Nafarroan. Hauek dira alderdi eta talde politikoek jakinarazitako hautagaitzak: UPNk Cristina Ibarrola aukeratu du alkategai, eta Javier Esparza lehendakarigai; PPNk Carlos Garcia Adanero hautatu du alkategai, Javier Garcia lehendakarigai; PSNk Elma Saiz baterako, eta Maria Txibite besterako; EH Bilduk Joseba Asiron hautatu du alkategai, eta Laura Aznal lehendakarigai. Azkenik, Zurekin Nafarroa talde politikoaren lehendakarigaia Begoña Alfaro izanen da, eta Iruñeko alkatetzarako hautagaia, berriz, Txema Mauleon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500