Gatazkaren konponbidea

«Foro Sozialaren eginbeharra beharrezkoa izan da euskal gizartean»

Hainbat izan dira Foro Sozial Iraunkorraren ekitaldira joan diren norbanakoak eta eragileak. Haietako hainbaten iritziak bildu ditu BERRIAk.

Foro Sozial Iraunkorrak egindako agerraldia, atzo goizean, Durangon. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 22a
08:58
Entzun

Anaiz Funosas, Bake Bideko presidentea
«Eraiki diren foro edo topaketa guztiak izan dira ulermenerako giltzarri»

«Hasteko, aukera paregabea izan da Hego Euskal Herriko egoeraz jabetzeko eta problematikak ulertzeko. Jende biziki ezberdina bildu du foro honek, eta hori oso aberasgarria izan da. Eraiki diren foro edo topaketa guztiak izan dira ulermenerako giltzarri. Horrez gainera, uste dut egindako gogoetei eta dinamikei esker ikasi dugula Ipar eta Hego Euskal Herria etengabe elkar elikatzen. Elkarlana ezinbestekoa izan da».

Ikusi gehiago:Foro Sozial Iraunkorrak egindako lanaz «harro» amaituko du bere ibilbidea

Mikel Casado, Hitz&Hitz fundazioko ordezkaria
«Bizikidetza demokratikoa zer den eta nola gauzatu irakatsi digu»

«Bizikidetza demokratikoa zer den eta nola gauzatu irakatsi digu Foro Sozialak. Besteak beste, elkarrizketak sustatzea, pazientzia, entzumena, eta, batez ere, borondatea. Sekulakoa izan zen Euskal Herriko sufrimendua eta, etorkizun hurbil batera begira, horri irtenbidea ematea zen foroaren helburu nagusia».

Ariane Alberdi, Steilas sindikatuko ordezkaria
«Hitz egiteko eta entzuteko espazio seguru bat izan da Foro Soziala»

«Ezberdinak elkartzeko leku bat sortu du Foro Sozialak. Hitz egiteko eta entzuteko espazio seguru bat izan da, eta, alde horretatik, aurrerapauso handiak eman dira. Gatazka handi bat zegoen euskal gizartean, eta horri konponbidea emateko giltzarri izan da».

Ainara Esteban, Egiari Zor fundazioko kidea
«Oso bazterrean zeuden kokalekuak erdigunera ekarri ditu, hurbildu egin ditu»

«Oso bazterrean zeuden kokalekuak erdigunera ekarri ditu Foro Sozialak, hurbildu egin ditu. Oso ekarpen positiboa izan da, eta estatuaren biktimak erdigunean jartzeko ere balio izan du».

Ramon Zallo, EHUko katedraduna
«Urratsak egin ditu indarkeriaren albo kalteak konpontzeko bidean»

«Elkarrizketak sozialki instituzionalizatzea lortu du Foro Sozialak, normalizatzeraino. Askotariko pertsonak elkartu diren topagune bat izan da. Eta, oraindik egiteko asko badago ere, urrats asko egin ditu indarkeriaren albo kalteak konpontzeko bidean».

Oihana Lopetegi, LAB sindikatuko ordezkaria
«Gizarte zibilaren eta eragile politikoen artean zubi lan bat egitea lortu du»

«Gatazkaren konponbidean egin du ekarpenik garrantzitsuena. Beste era batera funtzionatu du, eta, horri esker, gizarte zibilaren eta eragile politikoen artean zubi lan bat egitea lortu du. Enpatiari esker, besteak entzunez... gerturatze bat izan da, eta herritarrak beste posizio batean jartzea ekarri du».

Ainhoa Gomez, Euskadiko Gazte Kontseiluko kidea
«Gertakizunen argazki poliedriko bat ateratzeko aukera eman du»

«Asko izan dira; baina, batez ere, gizarte zibilari dagokionez. Alde batetik, gertutasuna ekarri du: gertakizunen argazki poliedriko bat ateratzeko aukera eman du. Bestetik, topagune bat izan da pertsona eta entitate askorentzat; bai eta gainontzeko gazteontzat edo belaunaldi berrientzat ere: lan asko egin dute beren lana ezagutzera emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.