Mendi istripua

Bertan behera utzi dute Patagonian desagertutako bi alpinisten erreskatea

«Desagertuta» ez, arrail batean «lurperatuta» daude bi mendizaleak,  El Chaltengo Sorospen Batzordearen arabera. Bilaketa lanak egitea arriskutsuegia litzatekeela azaldu du.

Cerro Torre eta Fitz Roy mendiak, Patagonian. JOSE RAMON AGIRRE 'MARRON'
unai etxenausia
2023ko urtarrilaren 21a
13:33
Entzun

Patagoniako Fitz Roy menditik jaisten ari zirela elur jausi batean desagertutako bi alpinisten erreskate lanak bertan behera utzi zituzten «behin betiko» larunbatean, El Chaltengo Sorospen Batzordeak jakinarazi zuenez. Batzordearen arabera, bi mendizaleak ez zeuden «desagertuta»: 48 ordu zeramatzaten arrail batean «lurperatuta». Haien gorpuak bilatzeak erreskate taldea «arrisku oso handian» jarriko lukeela azaldu zuen, eta horregatik eman zutela amaitutzat operazioa.

Ikusi gehiago: «Klima oso-oso muturrekoa izan daiteke; ez dira mendi errazak»

Iker Bilbao eta Amaia Agirre dira elurpean dauden bi alpinistak. Bilbao, Durangoko (Bizkaia) bizilaguna, eta Agirre, Urnietakoa (Gipuzkoa), ostegunetik desagertuta daude, Argentina eta Txile arteko mugan. Fitz Roy mendia eskalatu ostean, jaistean ezbehar bat izan zuten ostegunean, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen mendizaleak. Berez hiru zihoazen soka batean —denak ere halako igoeretan arituak—; Linaza onik irten zen ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan zen abisua ematera.

El Chaltengo Sorospen Batzordeak zehaztu zuen 100 metroko luzera, zortzi metroko zabalera eta hamabost metroko sakonera dituela arrailak, baina, hala ere, ez dakite zenbateko hondoa duen arrailaren azpialdeko elurrezko «tapoiak». Azaldu zuenez, mendizaleak erreskatatzeko, arrailaren barruan arakatu beharko litzateke hainbat orduz, eta horrek arrisku handia du.

Esperientzia duten alpinistak

Urnietan jaio zen Agirre, eta 31 urte zituen. Eskalatzaile trebea zen, eta Espainiako Federazioko Emakumezkoen Taldeko kidea zen, eta aspalditik bizi zen Huescan (Espainia). Izan ere, Zaragozan (Espainia) ikasi zuen, Medikuntza. Haren aita Urnietako ikastolako zuzendaria izan zen.

Amaia Agirre. Aragoiko Mendi Federazioa / FAM

Suhiltzailea zen Bilbao, eta Laudioko parkean (Araba) egiten zuen lan, baina Abadiñon bizi zen. Mendian esperientzia handia zuen. Alpeetan ibili izan zen, eta baita Kalifornian (AEBak), Marokon eta Norvegian ere. Durangoko Tabira mendizale klubean hasi zen, txikitan.

Iker Bilbao. Euskadiko Suhiltzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.