Erretreten erreforma

Erretreta adina eta gorputza

Frantziako Gobernuak erretretarako adina gibelatu nahi du. Lan anitzetan, jadaneko gazterik higatzen dira gorputzak eta buruak. Jende franko ez da hain trenpu onean heltzen erretretara. Jeremi Larrondo osteopatak eta Elorri Ameztoi psikiatrak erran dute eragina izanen dela gorputz-gogoetan.

Erretreta duinaren aldeko mobilizazio bat, Donibane Lohizune eta Ziburu arteko zubian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2023ko urtarrilaren 20a
11:46
Entzun

Frantziako Gobernuak egin gogo duen erretreta sistemaren erreformarekin, jendearen lan urteak luzatu nahi dituzte. 64 urterainoko epea aipatu du, baina ikasketen eta lan ibilbidearen arabera 67-68 urte arterainokoa izan daiteke. Erreforma horren kontrako mobilizazioak abiatu diren honetan, lan batzuek eta lan testuinguru batzuek gorputzetan eta zain-buruetan eragina izanen dutela azaldu dute Jeremi Larrondo osteopatak eta Elorri Ameztoi psikiatrak.

Larrondo Larresoron da osteopata. Gorputz eta izate kaltetuak ikusten ditu. “Arlo fisikoa eta mentala lotuak dira”, erran du. Lanbide batean baino gehiagotan ikusten ditu jende higatuak. Ofizio bat aipatu du etsenplu gisa: erizain laguntzaileak. Ohartua da erretreta aitzineko azken urteetan diren erizain laguntzaileek nekezia bat baino gehiago bizi dituztela. “Pisuak mugitzen dituzte egun osoan, eta, makinekin ongi hornituak badira ere, zaila da azkenean”. Lan fisiko horrek kalte egiten die gorputzean.

Jeremi Larronde osteopata. Iñaki Etxeleku / Iparraldeko Hitza

Dioenez, ordutegiarena da beste zailtasun bat: “Hiru edo lau egunez lan egiten dute. Gazte direlarik biziki prezatzen dute, indarra baitute; baina, adin batean, hamar-hamabi oreneko egun horiek biziki zailak zaizkie fisikoki eta mentalki”. Paziente bat gogoratu du Larrondok: 55 urtera heltzen ari da eta depresioan erori da, ezindurik; sei hilabeteko geldialdiaren ondotik, lanera itzuli da. “Holako pazienteak urtean bizpahiru aldiz ikusten ditut, hilabete bat baduelarik blokeatuak direla, eta lana utzi behar dute. Bi hilabetez gelditu, eta berriz hasten dira, kiskun-kaskun, eta [erretreta aitzineko] azken urteak hola pasatzen dituzte”. Horrek dituen ondorioekin: “Morala hunkia da; erdi burn-out, gorputza gaizki dute, eta akituak arribatzen dira erretretara”.

Zaurgarrien kalte

Ameztoi larrialdi psikiatrikoetako zerbitzu arduraduna da Baionako ospitalean. Gaizki izateak ez dira lanbide bati edo besteari lotuak, haren ustez, baizik eta bat-bederaren zaurgarritasunari. “Ofizioaren arabera baino gehiago, pertsonaren arabera da, bakoitzaren zaurgarritasunaren arabera. Lanbide bakoitzak badu bere presioa, eta ikusi behar da bakoitzak nola ihardukitzen diogun presio horri”, erran du. Ameztoik dio zaurgarritasun horri ez bazaio kasurik egiten gauzak zaildu daitezkeela urteak joan arau. “Zaurgarriak direnei jada aski zaila zaie presioari erantzutea, eta aitzina joan arau geroz eta zailago izanen zaie lanean ongi izatea”.

Zaurgarriak diren jendeetan, lanak baino gehiago lan baldintzek eragin ditzakete zain edo buru gaixotasunak. “Eman dezagun, administrazio lan batean ari den pertsona bat: hierarkian gainean duenak anitz lan ematen badio, orenak gehitzen, edo ordezkatua ez den beste baten lana eginarazten, ‘bai, bai!’ erraten du beti, eta azkenean, antsia arazoak garatzen ditu, edo depresioa”, adierazi du Ameztoik.

Erran du halakoak edozein lanetan gerta daitezkeela, pertsona halakoa bada. Bere kontu ari denari ere gerta dakioke. “Bere buruari karga handia ematen ahal dio gauzen egiteko; lana hartzen eta hartzen, eta, momentu baten buruan, ezin du gehiago”. Ameztoik gehitu du halakoei maiz ezinezkoa zaiela lanaren uztea, “zeren eta anitzetan pentsatzen da lanik gabe ez garela nehor”. Azkenean, batzuk lanean eritzen dira. “Gure lana da erakustea batzuetan behar dela moztu, berriz hasteko”, segitu du Ameztoik; “ohartaraztea ondorioak larriagoak izaten ahal direla lana gelditzea baino”.

Ez du kentzen lan batzuek gorputzak andeatzen dituztela. Larrondo osteopatak eraikuntzako ofizialeen artean ikusten ditu gorputz kaltetuak. Bizkarreko minak, tendoietakoak, lepo eta besoetakoak: “Batzuk zinez gaizki dira: lunbalgiak, tendinitisak, lepo-besoetako neuralgiak. Jende batzuek, erretretarat heldu, eta ez dakit zenbat ebakuntza egiten dituzte ondotik: bi espaldak, lepoko protesiak ezarri behar…”.

Kamioi gidari edo garraiolariak ere aipatu ditu. “Kamioietatik igan-jautsi-igan-jautsi dabiltza, gauza pisuak tiratzen, kargatzen; ordu anitz jarririk kamioian. Akiturik bukatzen dute”. Horiek ordutegi dorpea ere badutela gehitu du: “Batzuk goizeko lauretan edo bostetan hasten dira lanean astegunetan. Baina, gero, asteburuetan, familiarekin, usaiako beste ordutegia dute; berantago. Zailtasunak sortzen ditu”.

Ordutegi gorabeherak erizainek ere bizi dituzte. Zahar etxeetako artatzaile frankok gauez egiten dute lan, eta Larrondok erran du luzerat eragina duela gorputzean: “Paziente bat badut hola, erabaki duena eguneko zerbitzura

iragatea, ez baitzuen gehiago lo egiten”. Horra arte iraun zuen gau guziz lan eginez: “Hamar urtez egiten duzu lo egin gabe, usatzen zara; lan horietara joaten diren jendeek maiz ez dute lo anitzik behar. Baina adin batean, espiral batean sartzen zara, morala jausten eta jausten zaizu”. Gaizkitu arte.

Lan mundua birpentsatu

Ameztoi psikiatrak uste du bakoitzak bere buruaren mugak ezagutzera heldu behar lukeela; are gehiago gaur egungo gizarte ereduan. “Bizi dugun gizartean, gizarte presioa beti hor da, eta denek bizi dugu. Jakin behar dugu non ditugun gure mugak”. Oro har, lanbideetan behar bezalako jarraipenik ez izateak ez du laguntzen, Ameztoiren ustez, eta elkar zaintzeko modua ematen duen sistema bat sanoago litzateke jendeak ez ditzan bere mugak gainditu. “Errazago litzateke beste norbaitek erratea: ‘Orain behar zenuke pausa bat egin edo beste zerbaitetara joan'”.

Elorri Ameztoi, Baionako ospitaleko larrialdi psikiatrikoko zerbitzuburua. BERRIA

Ameztoik bere ofizioan berean ikusten du hori. Ahal murrizteekin lan eta ardura karga handiak uzten dira artatzaile bakoitzaren gain. “Anitz ematen dugu —eta plazerekin egiten dugu—, baina noiz arte?”. Larrondok baditu halako artatzaileak bere pazienteetan, eta dio langile eskasiaren ondorioak pairatzen dituztela: “Jende guti dira, eta beti galdetzen diete egun gehiagotan lan egitea. Estresa bada, eta pagatzen dute: buruan, bizkarrean —lunbalgiak, ziatikak—”. Lana gelditzera behartuak izateraino: “Gorputzak ez du gehiago segitzen ahal”.

Horregatik, osteopatari iduritzen zaio adin batean eta halako egoeretan bortitza dela erretreta berantago hartu behar dela entzutea: “Emazte horiei erratea oraino bizpahiru urte gehiago lan egin beharko dutela…”. Urrunago doa Ameztoi. Batzuek erretretara joateko adin bat finkatua zuten buruan, eta erreformaz erreforma, erraten zaielarik luzatu beharko dutela, ezin bizia zaie. “Bost urte lehenago erraten bazaizu ‘ez, beste bizpahiru urtez lan egin beharko duzu oraino!’, eraiki zenuen guzia lurrera erortzen zaizu. Batzuentzat, ez da posible egun bat gehiago ere lan egitea”.

Larrondok uste du errotik berriz ikustekoa dela lan mundua, eta adinaren arabera aldatzeko ahalak eman behar liratekeela. “Lana jendeari eta adinari egokitu behar zaio; beharrez, ttipitu”. Ameztoik ere behar bera ikusi du: “Berregituratze oso bat balitzateke egiteko jendea luzerat ongi senti dadin lanean. Hori eskas da denetan”.

Lan batzuetan, muga fisikoak begi bistakoak dira, Larrondoren erranetan: “Arroila batean zarelarik, egunero euripean edo, berdin, erretzeko eguzkiaren pean, 35 urtera helduta jadanik badu aspaldi aski duzula. Usu, biziki gazterik hasi dira lan horietan. Gorputzek bildu dute”. Uste du zubiak egin behar direla beste lanbide batzuetarat errazkiago joateko, formakuntzak bermatuz.

Bere burua artatu

Larrondok eraikuntzako langile batzuk ikusi ditu, minez, kasik berantegi jiten kabinetera: “Besoa ezin gehiago altxatu, lau hilabete horietan xinaurriak sentitzen besoan. Batzuek badu urteak sentitzen dituztela eta besoak lokartzen zaizkiela gauaz”. Horretan ere heziketa bat bada egiteko, osteopatak dioenez, jendeak bere burua arta dezan: “Adin batera heltzean piesago bilakatzen baita, bestela”.

Larrondok uste du, gainera, zentzuz kontrakoa dela osasun sistemarentzat berarentzat. Jendeari lan aroa luzatzea eta erretretara gogo-gorputzak higaturik heltzea ez da ondoriorik gabekoa, hark dioenez: “60 urtetan gorputza xehaturik heltzeak zenbat ebakuntza, kinesiterapia saio, arta berezi… galdegiten dituen!”.

Ameztoik ere uste du bere arloan lortu behar dela jendeak onartzea gaizki izate mental bat izan dezakeela bizian eta ez dela larria, artatzen dela. Tabu bat bada oraino, haren ustez: “Jendearendako, ez da problema bat zangoa haustea, adibidez; artatuko dute. Erraten bazaie eritasun mental bat badutela, biziki zailago da”. Funtsean, osasun asurantzako etxeek berek ez dituzte ordaintzen ospitaleratze gastuak psikiatrian direlarik. “Zaila da gizarteari ulertaraztea edozein eritasun bezala dela, biziki ongi artatzen dela; baina, behar da artatu, ez baita bakarrik joanen”.

Belaunaldi berriekin doi bat aldatu dela ikusten du, baina helduagoetan nekeago da: “Adina joan arau, zailago da laguntza galdegitea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.