Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritarretik lauk ez liekete ijitoei etxea alokatuko

Eusko Jaurlaritzak ijitoen inguruko pentsaera aztertu du 'Neurtu 2022: Ijitoekiko pertzepzioak eta jarrerak' lanaren bidez. Horren arabera, ijitoenganako irekitasunaren indizea %54koa da.

Beatriz Artolazabal, artxiboko irudi batean. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urtarrilaren 19a
13:19
Entzun

Herritarrek ijitoen inguruan dituzten pertzepzioak eta jarrerak: horiexek aztertu ditu lehenengoz Eusko Jaurlaritzak, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren bidez. Horren fruitua izan da Neurtu 2022: Ijitoekiko pertzepzioak eta jarrerak lana, eta gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean, Gasteizen. Besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hartu du hitza. Aitortu du ikerketak «argazki gogorra» jartzen duela mahai gainean. Datuek berresten dituzte sailburuaren hitzak: ijitoenganako irekitasunaren indizea, ijitoekiko jarrera irekia eta gizartearen jarrera toleranteak neurtzen dituena, %54,36koa da. Eta horrek isla du egunerokoan: esaterako, hamar herritarretik lauk baino gehiagok ez liokete bere etxebizitza ijito bati alokatuko.

Honatx Ikuspegiren txostenetik Jaurlaritzak atera duen ondorio nagusia: «Oraindik ere bizirik dirau egiturazko antitziganismoak, kulturen arteko bizikidetza zailtzen duena. Eta euskal gizartea jabetu egiten da horretaz». Baina herritarrak jabetu jabetzen diren arren, arrazakeriak badu lekua oraindik. Adibidez, bizilekuari dagokionez: herritarren %40,9k onartu dute saiatuko liratekeela «ijito asko» bizi diren auzo batean edo etxe bloke batean ez bizitzen; %40k baino gutxiagok esan dute biziko liratekeela; eta %15,3k ezetz esan dute. Eta zer gertatzen da ijitoak bizileku bila ari direnean? Hamar herritarretik lauk baino gehiagok ukatu egingo liekete bere etxean errentan bizitzea.

Ikusi gehiago:Ijito herria aitortzeko neurriak ditu xenofobiaren kontrako legeak

Bizilekuarekin ez ezik, lana aurkitzeko garaian ere badute diskriminazioa: txostenaren arabera, beste pertsona baten prestakuntza bera edukita, hamar pertsonatik ia hiruk ez lukete ijito bat kontratatuko, edo saihestu egingo lukete behintzat. Baita bizikidetzan ere: inkestari erantzun dioten hamar pertsonatik bederatzik baino gehiagok esan dute ez luketela arazorik izango hezkuntza eremuan edo lanean ijitoekin harremanak edukitzeko, ez ijito horiek goragoko postua dutenean —adibidez, zuzendaritzako kideak—, ez beraien parean egonda —lankidea edo ikaskidea—. Ordea, ikastetxea aukeratzeko garaian, hamarretik lauk seme-alabentzat ez lukete hautatuko ijito askok ikasten duten eskola bat.

Ijitoek jasaten dituzten irainez eta erasoez ere galdetu du Ikuspegik: biztanleen %40k baino gehiagok adierazi dute ijitoren bati buruzko iruzkin negatiboen edo zurrumurruen lekuko izan direla; %34k baino gehiagok, berriz, txantxak, txisteak, imitazioak edo antzekoak ikusi dituzte; %21,1ek irainak entzun dituzte, eta %12,5ek mehatxuak; eta %10,7ri eraso fisikoren bat ikustea tokatu zaie.

Azkenik, elkarrizketatuen artean ijitoekiko sinpatiaren eta tolerantzia pertsonalaren «balio txikiak edo ertainak» nabaritu dituzte: zerotik hamarrera 5,79 puntukoa da sinpatia; tolerantzia pertsonala, berriz, 6,65ekoa; eta gizarteari oro har ikusten dioten tolerantzia, 5,3koa.

Antitziganismoaren aurka

Emaitzok ikusita, ijitoen aurkako jarrerei aurre egin beharra ikusten dute erakundeek. Bide horretan ekiteko, Artolazabalek beharrezkotzat dauka Antigitziganismoaren Aurkako Itun Soziala. Hori horrela, hitzeman du aurten hasiko direla hori lantzen, eta, gainera, ziurtatu du Tratu Berdintasunerako eta Bereizkeriarik Ezerako Legearen aurreproiektua egiten ere hasiko direla. «Aurreproiektu horrek antitziganismoa izango du ardatzetako bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.