Osasunak penaltietan lortu du Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea. Betis aurreratu da lehenbizi partidan, baina 90. minutuan egin du David Garciak berdintzeko gola. Luzapenean gol bana egin dute bi taldeek, eta penaltietan Sergio Herrera azaldu da. Gorritxoek ez dute jaurtiketarik huts egin, eta Herrerak Sergio Canalesen penaltia gelditu du. Hortaz, hiru euskal taldeek lehiaketan jarraituko dute.
Betisek eta Osasunak oso neurketa berdindua jokatu dute Benito Villamarinen hasiera-hasieratik. Etxekoak hobeto hasi dira lehen hamar minutuetan, baina ez dute aukerarik sortu. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, Osasunak nahi zuena lortu du. Presio gogorra egitea erabaki du Jagoba Arrasatek, eta oso aukera gutxi izan dituzte lehen zatian bi taldeek. Betis oso deseroso aritu da lehen 45 minutuetan, eta, Osasunak gol aukerarik izan ez badu ere, gorritxoen presioak ez dio utzi Manuel Pellegriniren taldeari ohi duen bezala jokatzen.
Arrasaterenek ederki zaindu dituzte Sergio Canales eta Luiz Henrique, Betiseko jokalaririk arriskutsuenak, eta zirrikituak aurkitu ezinda aritu dira. Lehen zatian jaurtiketa arriskutsu bakarra egin dute etxekoek Sergio Herreraren atera, eta azken minutuan izan da; Willian Josek eraman du arriskua falta jaurtiketa baten bidez, baina Realeko aurrelari ohiaren jaurtiketa ukabilekin atera du Herrerak.
Hamabost minutuko atsedena ondo baino hobeto etorri zaie bi taldeei, eta aldageletatik bueltan lehen zatian izan ez dituzten aukerak izan dituzte bi taldeek. Osasuna arriskua sortuz iritsi da Kike Garciaren bitartez, baina etxekoak aurreratu dira azkenerako. Willian Carvalhoren erdiraketa Luiz Henriquek errematatu du, eta David Garciak atepetik atera badu ere, aldaratzea Carvalhok berak bidali du sarera.
Golaren ostean, aldaketak egin ditu Jagoba Arrasatek. Ante Budimir, Chimy Avila eta Kike Garcia zelairatu ditu, eta azken horrekin lortu du min egitea Osasunak. Barja ezker hegalean kokatu da, eta erdiraketa arriskutsuak egin ditu Claudio Bravoren areara. Hala ere, beste hegaletik iritsi da Osasunaren gola, neurketako azken minutuan. Avilak lapurtu du baloia Betisen area ertzean, eta Aimarren erdiraketa bikaina David Garciak bidali du sarera, buruz. Ez da gehiagorako astirik gelditu, eta luzapenera joan da partida.
Bertan partida eroa ikusi dute zaleek. Kolore guztietako aukerak izan dituzte bi taldeek, eta biek lortu dute gol bana egitea. Betis aurreratu da lehenbizi; Borja Iglesiasek Yousouff Sabalyri opari ederra egin dio area barruan, eta atzelariak baloia sarera bultzatu besterik ez du egin behar izan, atezaina lurrean baitzegoen. Zaleen bultzadarekin, markagailua hala mantentzeko aukera galanta zeukan Betisek, baina luzapeneko bigarren zatia hasi eta berehala lortu du Osasunak berdintzeko gola. Ruben Garcia izan da golegilea.
Penaltien estatistikek diote aurrenekoa jaurtitzen duen taldeak aukera handiagoa duela irabazteko; eta hala izan da. Osasunak bota du lehena, eta gorritxoek ez dute bat bera ere huts egin. Sergio Herrrerak hirugarren penaltia gelditu du, Canalesek jaurtitakoa, eta laugarrena kanpora bidali du Guido Rodriguezek. Hala, Osasuna, Athletic eta Realarekin batera izango da ostiraleko zozketan.